Zumaia ere azaldu da

ETE ligako bigarren estropadan irabazi du sasoiko lehen bandera, Donibane Lohizunen

Zumaiako arraunlariak eta kideak, atzoko banderarekin. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zumaiak burua erakutsi du ETE ligan. Bandera irabazi zuen Donibane Lohizunen, ligako bigarren jardunaldian, eta eman behar zaie berea zumaiarrei. Izan ere, talde ia eraberritu batekin atera da uretara sasoi honetan. Oso arraunlari gazteak dira gehienak, eta bizpahiru heldu ere badituzte. Su txikian egin beharreko lana dauka Kike Manterola entrenatzaileak, eta atzokoak konfiantza emango die.

Bide batez, ligan aurretik zituen taldeei buruko mina sortu die. Aurkari bat gehiago izango ote den Zumaia ere. Atzo horrela izan zen, behintzat.

Aurreneko txandatik irabazi zuen bandera. Aurreko igandean Hondarribiak egin zuen bezala. Ordukoaren aldean, baina, baldintzak erabat ezberdinak ziren atzo: itsasoan jokatu zuten, eta gainera, petral samar zegoen, haizea tarteko; handituz joan zen indarra, gainera. Gauza bakarra zen berdina: bi ziaboga eman behar atzo ere, hiru luzetan.

Zumaiak aise bota zituen txandako aurkariak, Castro eta Portugalete. Bigarrengoan, Ondarroa nagusitu zitzaien Zarautzi eta Hernaniri, baina ezin zumaiarren denbora hobetu. Azkenekoan, Hibaikak hartu zien aurrea Deusturi eta Hondarribiari, baina bandera Zumaia aldera joan zen. Nabarmentzekoa, atzo ere, gaur zortzi bezala, alde txikiak egotea: lehen bostak hamabi segundoan sartu ziren. Nagusian ere, Hondarribia liderrak, Hibaikak eta Deustuk 15na puntu dituzte.

Leku berean, KAE 2 ligako lehen jardunaldia jokatu zen atzo, eta irabazlea Lapurdi izan zen, etxeko taldea.

Gaur, KAE 1 eta ETE liga

Zumaian izango dira, hain zuzen, gaurko bi estropadak: ETE ligako hirugarrengo jardunaldikoa (11:40), eta KAE 1 ligako bigarrengokoa (12:15). Liga horretan, Arkote doa lehen postuan. ETB1ek emango ditu bi estropadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.