Ohiko osagaiekin doa heldu eginez Mendifilm

Ostiralean hasi, eta abenduaren 18an bukatuko da hamabosgarren Mendifilm jaialdia, Bilbon. Indartsu hasiko da aurtengo ekitaldia: Alastair Lee zuzendari ingelesaren Ephemeral-ekin, eta Ignasi Lopez kataluniarraren Egoland-ekin.

Unai Ugartemendia.
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Hemen da beste urte batez Mendifilm festibala. Ostiraletik abenduaren 18ra bitarte, hiru izango dira Mendifilmen aitzakian prestatuko dituzten oinarrizko kanpalekuak, hirurak Bilbon: Euskalduna jauregia, Golem zinemak eta BBK aretoa. Orotara, 56 saio eskainiko dituzte aipatutako hiru lekuetan. Baina ez dira filmak bakarrik emango festibalak iraungo duen bederatzi egunetan. Horiez gain, lau hitzaldi eta hiru erakusketa ere izango dira, besteak beste, aurtengo aldian.

Izen handi asko bertaratuko dira Bilbora jaialdiaren aitzakian:Will Sim alpinista, Matt Knight itsasgizona, Quinn Brett eskalatzailea, Joyleen Tugume Ugandako gorilen zaindaria, eta aurtengoan WOP Mendifilm Saria jasoko duen Eduardo Martinez de Pison geografo eta alpinista, besteak beste. Horrez gain, abenduaren 10ean, Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok euskal mendizaletasunaren historian arrastoa utzi zuen Andres Espinosa eskalatzaileari buruzko Andres Espinosa. Bakarrik eta libre komikia aurkeztuko dute BBK Aretoan, 19:30ean. Jaialdiko sarrerak eskuragarri daude jada www.mendifilmfestival.com atarian

Aurreko aldian bezala, Euskal Herriko edo euskal herritarrek parte hartzen duten filmak izango dira aurten ere; besteak beste, Alex Areizagaren Itzala, Mikel Gurrearen Heltzear eta Julen Zubieteren Agur artzai—euskaraz—. Aner Etxebarriaren Joy:Phelipe Eizagirreren Yhabril: El buscador de luz; Janire Etxaberen Iretargi eta Pirineistas mujeres y montañas ere eskainiko dira. Azken horretan Sonia Casas mendi gidaria agertzen da.

«Ugandako gorilen eta pertsonen arteko bizikidetzaazaldu dut»
Aner Etxebarria
'Joy' film laburraren zuzendaria

Bigarren aldiz hartuko du parte Bilboko Mendifilmen Aner Etxebarria zuzendariak (Getxo, Bizkaia, 1988). Aurretik, 2018an izan zen Bayandalai. Lord of the Taiga filmarekin. Larunbatean emango dute, 17:00etan, BBK aretoan, eta igandean, 20:00etan, Golem zinemetan. Bertan izango da Joy protagonista bera.

Nondik sortu zitzaizun Joy grabatzeko aukera?

Iaz, nire ametsetako bat bete nahi izan nuen: mendietako gorilak ezagutzea. Horretarako, Ugandara joan nintzen, Mgahinga parke nazionala ezagutzera. Bertan, bederatzi gorilaz osatutako familia bat bizi da, Ñakagesi izena duena. Izugarria izan zen ikustea hango langile batzuek zein harreman duten gorila horiekin. Langile horietako bati esan nion ea hurrengo batean posible izango zen erreportaje bat egitea. Baiezkoa eman zidan, baina bera lekuz aldatzekoa zuten. Orduan, berak aipatu zidan Joyren izena.

Nondik etorri zen ideia?

Joy bere istorioa kontatzen hasi zitzaidan, eta nik buruan neukana baino askoz hobea zen. Parkean bertan bizi da, bi semeekin. Egunerokotasunean uztartzen ditu gorilen zaintza eta umeen heziketa. Umeek 16 urte bete arte ezin izango dituzte gorilak ezagutu, baina amak kontatzen die haien berri egunero. Amak semeei eta gorilei dien maitasuna izugarria da.

Zer lortu nahi zenuen film honekin?

Gizakien eta natura basatiaren arteko lotura sustatzen saiatzea. Egunerokoan, basoetatik oso urrun bizi gara. Joyk erakusten digu animalia basati batzuek giza portaerak izan ditzaketela, eta ikuslea bi aldeen arteko loturabat ezartzera gonbidatzea da kontua.

Distantzia arazoa handia izan al da lana osatzeko garaian?

Distantzia beti da oztopo, etxetik urrun gertatzen denak erronka bat baitakar proiektuaren ikuspegitik. Baina logistika ez da arazo izan. Bai grabaketan eta bai muntaketan asko lagundu digute. Haiek gabe, istorio hau ez zen posible izango. Lumix markaren eta Rift Valleyko lagunen laguntza izugarria ere nabarmendu nahiko nuke.

Bigarrenez egongo zara Mendifilmen. Zer oroitzapen daukazu lehen aldi hartaz?

Bayandalai. Lord of the Taiga filmarekin egon ginen, eta sari bat ere jaso zuen. Ondorengo jaialdietarako oso ondo etorri zitzaigun. Zorte handia dugu Mendifilmen moduko jaialdi bat Bilbon izateagatik.

Zer espero duzu oraingoaz?

Jendeak filmarekin gozatzea espero dugu. Joy bera ere festibalean egongo da. Esker ona adierazi nahi diogu, eta ikusleen galderak espero ditugu.

Filma ikusi dutenek zer esan dizute?

Orain arte jasotako iritzi guztiak oso onak izan dira. Jendearengana asko iristen da istorioa, eta, gainera, ezezaguna da. Oso istorio polita eta kutuna dela esan digute denek, eta merezi duela kontatzea. Ziur gaude jendearen bihotzera iritsiko dela filma.

«Niretzat oso istorio pertsonala izan da 'Agur artzai' grabatzea»
Julen Zubiete
'Agur artzai' filmaren zuzendaria eta protagonista

Julen Zubietek (Orozko, Bizkaia, 1991) estreinakoz aurkeztuko du lan bat Mendifilmen. Gogotsu dago, eta, beste lan batzuk ere eginak dituen arren, inoiz egindako lanik bereziena dela aurreratu du. Abenduaren 14an emango dute, BBK Aretoan, 19:30ean.

Zertan oinarritzen da 'Agur artzai'?

Joxe Ereño Gorbeiako azken artzainetako baten inguruko filma da. Txikitan, Ereñok Ubixeta mendian duen bordaren ondoan pasatu nuen denbora asko. Gure etxekoek ere ondoan zeukaten borda, eta harekin denbora asko pasatutakoa naiz. Urte asko ziren handik pasatu gabe, eta, orain, berriro ere denbora pixka bat eman dugu elkarrekin. Joxerekin inoiz izan dudan harremanik estuena izan dut azkenaldian. Desagertzear dagoen artzain baten bizitza kontatu nahi izan dut.

Ideia aspaldi jorratu al zenuen?

Nik bilatu gabe etorri zen. 2020ko uda amaieran, bordara igo nintzen Ereño harrapatzeko asmoz. Ez nuen ezer berezirik bilatzen, baina, zortez, han zegoen. Bizitza guztian uda Gorbeian igaro ondoren, 2020koa zen bertan egin zuen azkena. Uda hartan ere ez zen erabat han egon. Maiz jaisten zen herrira.

Zenbat denbora behar izan zenuen dena grabatzeko?

2020an ez nekien zer egingo nuen. Orduan, irudi batzuk hartu nituen, besterik gabe. Bi urtez gordeak izan ditut irudi haiek, eta aurtengo udaberrian eman diot errematea azken grabaketekin. Behin dokumentala egingo nuela erabakita, askotan joaten nintzen ea zer aurkitzen nuen ikustera. Batzuetan zerbait aurkitzen nuen, baina beste batzuetan kamera piztu ere ez nuen egin. Esan dezakegu bi urteko lana izan dela orokorrean.

Hainbeste urteren ondoren, zer ekarri du berriro ere Joxe Ereñorengana gerturatzeak?

Balio kultural eta etnografikoaz gain, niretzat balio sentimental handia dauka filmak. Orain arteegin dudan lanik pertsonalena izan da Agur artzai.

Nolakoa izan da zuek biak berriz elkartzea?

Ereño oso tipo berezia da. 86 urte ditu, eta kamera aurrean izan dudan pertsonarik neutroena edo naturalena izan da. Oso esperientzia polita izan da zinematografikoki. Grabaketa oso naturala izan zen, eta oso erritmo lasaian egindako lana izan da. Askotan, denbora gelditzen zela zirudien, eta niri ere eragin egiten zidan. Abiadura asko pausatzen zen grabatzeko orduan.

Zure lehen lana izan da. Gustura gelditu al zara emaitzarekin?

Oso prozesu luzea izan da, eta bidean gorabehera asko izan ditut. Une askotan pentsatu izan dut: «Baina, zer ari naiz egiten?» Agian, askoz politagoa edo askoz hobeagoa izan zitekeen, baina, azkenean, hau da gelditu dena. Orokorrean oso pozik nago azken emaitzarekin, eta iruditzen zait balio bat daukala egindako lan honek.

Estreinakoz egongo zara Mendifilmen. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Etxean estreinatzea. Hasieran, Mendifilmek ateratzen dituen beka horietako baterako aurkeztu genuen, baina ez ginen sarituak izan. Halere, esker ona jaso nuen bertakoengandik, eta, orain, berriz, aukera paregabea iruditzen zait Bilbon aurkeztea.

Zer espero duzu Mendifilmetik?

Jendeak filma ikusteko aukera izan dezala nahi dut, eta ondoren esan dezala zer iruditu zaion. Lehen esan bezala, balio sentimental oso handia dauka niretzat, baina iruditzen zait edonorentzat dela gustagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.