Hainbat irregulartasun atzeman ditu LABek Santa Klarako obren inguruan

Fiskaltzan salatu du «konfiantzazko ingeniaritza talde bat» zuzenean kontratatu dela 'Hondalea' egokitzeko obretarako. Udalak ukatu egin du

Donostiako Santa Klara uharteko itsasargiko lanak, iazko uztailean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Eider Goenaga Lizaso.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
LABek Donostiako Udalean duen atal sindikalak Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzara jo du, Santa Klara uharteko itsasargiaren etxean Hondalea eskultura instalatzeko obretan izan diren ustezko irregulartasunak salatzeko. Herenegun iragarri zuen salaketa LABek, eta atzo eman zituen azalpenak. LABen idatziaren arabera, lizitazio bat egin da, «obran konfiantzazko ingeniaritza talde bat zuzenean jartzeko», eta horren bidez «kopuruak, txostenak eta irizpenak manipulatzeko».

Hainbat dira sindikatuak atzemandako irregulartasunak, eta horren inguruko dosierra aurkeztu diote fiskaltzari, prozedurarekin aurrera egin edo ez erabaki dezan. LABen esanetan, «lortutako datuak publikoak dira, eta lanaren prozesu osoan parte hartu duen arkitektoaren testigantzari esker egin da kontakizuna».

Santa Klarako itsasargiaren eraikina eraisteko eta husteko proiektua esleitu zenetik bertatik hasten dira irregulartasunak, LABen esanetan. Izan ere, publikoa behar lukeen arren, LABek dio ez dutela aurkitu lan horiek esleitu zireneko alkatetzaren ebazpena, 2018ko azarokoa. LKS ingeniaritzaren gain utzi zen, zuzenean, proiektua idaztea eta obra zuzentzea.

Kontratu txikiekin egiten den gisan, lehiaketarik gabe, zuzenean esleitu zitzaion lan hori LKSri, 15.000 eurotik beherako kontratua zelako. Eraikina eraisteko eta husteko lanak Moyua eraikuntza enpresak egin zituen, 620.000 euro inguruko aurrekontuarekin. LABen arabera, zerbitzu horiek kontratu txiki bidez esleitzea «ez da sartzen proiektu bat idazteagatik dituen ordainsarien parametroetan». Izan ere, kontratu txiki hori obraren aurrekontuaren %2,5 baino ez da, halakoetan ohikoa %6koa izaten den arren». Kasu honetan, 38.000 euro lirateke.

Eraikitzea, enpresa berari

Behin eraikina eraitsi eta hustu ostean, berreraikitzeko lanen proiektuaren idazketa eta obra zuzendaritza adjudikatzea zen hurrengo pausoa. Eta, LABek salatu duenez, zuzenean, eta «lizitaziorik eta esleipenik gabe», LKS eta Fhecor enpresek idatzi zuten proiektu hori, obra zuzendaritza ere euren gain hartuz. «[Udaleko] Proiektu eta Obren Departamentuko zuzendariak izapidetu zuen lizitatu gabeko zerbitzu horren onarpena, LKS-Fhecor-i esleituz zuzenean».

Berreraikuntza lan hori ere Moyuak egin zuen. 1.462.000 euroan zegoen esleitua, baina azkenean 1.805.000 euro kostatu zen. LABek salatu du %23,51ko igoera hori LKSk eta Fhecorrek egiaztatu eta justifikatu zutela, obraren zuzendaritza lanetan. «Gure ustez, kontratazio prozedura administratiboetan irregulartasunak ematen hasten dira LKS-Krean enpresa obran egon dadin ziurtatzeko. Enpresa horrek obra ikuskatuko du, eta egindako obraren ordainketa justifikatzeko ziurtagiriak egingo ditu», dio LABen idatziak.

Cristina Iglesiasen Hondalea eskultura egin zuen Alfa Arte enpresa ere azaltzen da LABen dosierrean, haren bidez ordaindu baitzitzaion LKSri berreraikuntzarako proiektua. LABen arabera, «ez dago justifikatuta proiektu hau idazteko zerbitzuen ordainketa Alfa Arte enpresak egitea, Iglesiasen eskultura egiteko lanen esleipendunak».

«Eskultura hori birgaitu beharreko eraikinaren barruan egon arren eta kontratu honen bidez eskultura instalatuta dagoen eraikina birgaitzeko proiektua idaztea bere gain hartzea zentzuzkoa izan arren, eskultura egiteko publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidezko lizitazioaren oinarrietan ez da zehazten, inola ere, esleitutako aurrekontuarekin proiektua idatzi denik eta, beraz, ordainduko denik», adierazi du sindikatuak.

Kontuen ikuskaritza eskea

Sindikatuak herenegun fiskaltzara joko zuela iragarri ostean, eta auziaz galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi zuen «ezarritako prozedurei jarraituz» jardun dela proiektuan, eta esleipenak «legez eta zuzen» egin direla. Fiskaltzak kontratazioen inguruko espedienterik eskatuko balu udalak haren esku jarriko lituzkeela gaineratu zuen alkateak.

Bestalde, Donostiako Ezker Anitzak salatu zuen Hondalea-ren egitasmoak gainkostu «neurrigabea» izan duela: «1,5 milioi euroko kostua zuen, baina 5 milioi euro kostatu da azkenean». Udal gobernuak egindako kudeaketa ekonomikoa txarretsi zuen. Taldearen ustez, «ezinbestekoa» da proiektuaren kontuak ikuskatzea, «diru publikoaren kudeaketa fiskalizatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.