OMONIA 0 - 2 REALA

Jokatu ahala irabazi du

Realak Europa ligako bosgarren garaipena batu du, Omoniaren aurka. Txuri-urdinak lehen postuan ailegatuko dira azken partidara

Robert Navarro, hark sartutako gola ospatzen, partidako lehena, atzo, Nikosian. SAVIDES PRESS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Golak. Navarrok (46. min.). Braisek (60. min).

Betor Manchester United. Realakmendean hartu zuen Omonia Nikosia, atzo, Europa ligan, eta txapelketa horretan jokoan izandako puntu guztiak zakuratuta ailegatuko da ligaxkako azkeneko jardunaldira. Donostiarrek irabazi egin dituzte orain artean jokatutako neurketa denak, eta, norgehiagoka bakarraren faltan, eskura dute lehen postua erdiestea. Ingelesek txuri-urdinen aurka soilik galdu dute, baina hori izan daiteke gako. Ez alferrik, Realari ez irabazteak ere balio baitio lidergoan amaitzeko. Are gehiago: gol bakarrarengatik galtzen badu, lehena izango da.

Imanol Alguacilen taldeak Zipren egin zuen horretarako urratsa, eroso gailenduta. Teknikari oriotarrak sei aldaketa egin zituen azken partidarekin alderatuta; haietako zenbait, taldea erasan zuen birusaren eraginez. Guztira, zazpi lagun izan ziren ondoezik. Ordea, txuri-urdinek garaiz hartu zuten neurketaren neurria. Omoniaren aldean multzo ona edukitzearen abantaila izan zen. Donostiarrek kontrolpean eduki zuten jokoa, lehendabiziko zatitik hasita, baina kosta egin zitzaien baloi jabetza erasoan islatzen.

Realak sarri harilkatu zituen jokaldiak, baina gutxitan egin zuen Francis Uzoho atezaina estutzeko adinako lana. Robert Navarro izan zen saiatuenetako bat; katalanak gerora jaso zuen saria. Aurrez, 20. minutuan egin zuen estreinako saialdia. Zipretarren atzeko lerroak huts egin zuen baloia aldentzeko orduan, eta Jon Karrikaburuk lortu zuen nagusitzea —Elizondokoa hasieratik aritu zen—. Nafarrak bizi jokatu zuen Navarrorekin, baina atezainaren aurrean kanpora bota zuen baloia. Azken metroetako biguntasuna izan zen donostiarren lasta.

Partidak gidoi bera segitu zuen hurrengo minutuetan: txuri-urdinak nagusi, baina norgehiagoka hautsi gabe. Esaterako, Diego Ricok abagune bikaian izan zuen 35. minutuan; Aritz Elustondok emandako pasea jaso zuen, baina jaurtiketak ez zuen aterako biderik aurkitu. Elustondo bizi aritu zen taldekideei laguntzeko garaian. Navarrori beste pase bat eman zion 40. minutuan, eta, bi minutu geroago, Karrikaburuk izan zuen taldea aurreratzeko aukera.

Harik eta atsedenaldiaren atarian gola egin zuten arte. Asier Illarramendik ezker hegaletik egindako erdiraketa on bat buruz errematatu zuen Navarrok, eta baloia sareetara joan zen: 0-1, eta lanik zailena eginda. Jokaldi horrekin amaitu zen lehen zatia.

Bigarrenean ere, antzeko

Omoniak aukera bakarra zuen atsedenalditik bueltan: hustu, ala ito. Nikosiako taldea saiatu zen bigarren zatiko lehen minutuetan, eta Realaren atera gerturatu zen zenbait alditan. Ordea, Reala izan zen errenta areagotu zuen taldea; gipuzkoarrek area barruraino egin zuten Navarroren bidez, eta hark atzera emandako pasea probestu zuen Brais Mendezek. Galiziarrak jaurtiketa indartsu baten bidez egin zuen bigarren gola. 60. minutuan zen.

Hortik aurrera, Realak izan zuen jokoaren nagusitza, baina Omoniak pare bat saialdi egin zituen neurketaren hondarrean. Penaltia ere eskatu zuten Zipreko jokalariek, baina alferrik: Imanolen jokalariek garaipena ondo lotua zuten ordurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.