Galdu, partida soilik galdu du

Realak 5-1 galdu du Bartzelonaren aurka, baina indartuta atera da Natalia Arroyoren egitasmoa

Nahikari baloia geratu nahian, atzoko partidan. TONI ALBIR / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Futbolaren bideak mila eta bat dira, izen bereko ipuin ezaguneko gauak hainbeste. Ilunak izan ohi dira gauak berez, baina argitasuna ere azaltzen da. Futbolera eraman daiteke alderaketa, eta gehiago zehaztuta, atzo Bartzelonara. Bizitzatik itzalita ere, argi distiratsua egiten segitzen duen jenio baten izena daraman zelaian —Johan Cruyff—, Realeko emakumezkoen taldeak astindua jaso zuen emaitzan. Iluna baita 5-1 galtzea. Baina Natalia Arroyoren egitasmo berri eta berritzaileak —ereduagatik, nagusiki— argi bizia egin zuen partidan zehar. Futbolaren misterioak: mila eta bat.

Testuingurua: 88. minutua. Emaitza 5-1ekoa ordurako. Ikusleen soinurik ezean, Arroyoren ahotsa garden asko sartzen da telebistaz partida ikusten ari denaren belarrian: «Oso ondo, neskak! Ondo ari gara, ondo gaude. Jarraitu horrela!». Pentsa zezakeen norbaitek Reala ari ote zen Bartzelona ahaltsuari astindua ematen. Baina Realeko entrenatzailea ez zen gezurretan ari.

Partida ona egin zuelako kataluniarraren taldeak. Puntua edo puntuak urratzetik urruti geratu zela ematen du aditzera emaitza gogorrak, baina aldagai nagusi bat dago bi taldeen artean alor horretan egon zen aldea azaltzeko: Bartzelonako jokalarien maila ikusgarri ona, klubak baduelako dirua talentua bereganatzeko. Baina, hain zuzen, batzuen eta besteen arteko aldea handiagatik, txuri-urdinek egindako partida onak aparteko balioa dauka.

Bi zatien hasierako minutuetan izan ezik, estu hartu zuten etxeko taldea. Gola ere sartu zion, eta albistea da hori: 962 minutu zeramatzan halakorik ikusi gabe Bartzelonak. Nahikarik 32. minutuan egindako berdinketaren gola izan zen. Aurretik, Leilak aurreratu zituen etxekoak, 16. minutuan. Zori onez sartu zuen bigarrena, Realeko Nuriak bere atean, atsedenaldia baino lehen. 77. minutura arte ez zuen sartu hirugarrena Bartzelonak, Putellasen bidez, eta ondorengo zazpi minutuetan, Torrejonek eta Marianak osatu zuten bostekoa. Hiru puntuak galdu zituen Realak; irabazi, askoz balio handiagoa duen zerbait: sinesgarritasuna.

Athletic-Tenerife, gaur

Lezaman ariko dira zuri-gorriak liderraren aurka (11:00). Azkeneko hiru partidak galdu dituzte etxekoek, eta gaur irabazita, indarra berreskuratuko lukete. Angel Villacampa entrenatzaileak dio «poza» berreskuratu behar dutela jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.