Mihise urratuetan barrena

Leonardo da Vinciren 'Gioconda' obrari tarta bat bota zioten duela astebete. Ez da lehen erasoa, eta hizpidera ekarri ditu berriz ere museoen segurtasunari eta artelanak ikusteko eta erakusteko moduei buruzko kezkak. Euskal Herriko museoetan ez dute izan halako erasorik, baina badituzte segurtasunerako protokoloak.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Tarta bat izan da azkena. Baina labankadak izan ziren lehen, eta ukabilkadak, eta harrikadak, eta azido sulfurikoa, eta pintura, eta mailukadak, eta ezpain margotuez emandako musu gorriak, eta markoaren bazter batean itsatsitako txikleak, eta grafiti ezagunei egindako grafitiak. Eta beste horrenbeste izan dira aldarriak: Lur planetaren defentsa, emakumezkoaren irudi ederregiaren kontrako protesta, sufragisten aldekoa, Jainkoaren izenean egindakoa, artelanak txikituz egindako artearen aldekoa, eta artistarenganako maitasun keinua. Mihise urratu bat baino gehiago dago artearen historian.

Leonardo da Vinciren Gioconda margolanari eraso egin zioten joan den astean Parisko Louvre museoan. Tarta bat jaurti zion gizonezko batek. Adineko emakume baten gisan mozorrotu zen, gurpil aulki batean eraman zuen tarta ezkutuan, eta segurtasun neurri guztiei izkin egin zien. Berehala atxilotu zuten zaindariek —Lur planetaren aldeko aldarriak egiten zituen bitartean—, eta minutu gutxiren buruan garbitu zuten margolanaren kristal blindatua. Seigarren erasoa du Gioconda-k bere historian, eta berriro ekarri ditu hizpidera museoen segurtasunari eta artelanak erakusteko eta ikusteko moduari buruzko kezkak, besteak beste.

Izan ere, egin daitezke halako erasoak egin dituztenen motibazioari buruzko hausnarketak, edo segurtasun neurriei buruzkoak, baina Ismael Manterola Ispizua artearen historialari eta EHUko irakasleak nabarmendu du «artea erakusteko moduen inguruan» ere badagoela hausnarketa bat: «Garai batean, mugarik gabe edo distantzia jakinik gabe ikusten ziren artelan asko, baina ikoniko bihurtu dira, kristal blindatu baten atzean jarri dituzte, eta ez dira berdin ikusten». Erakusteko eta ikusteko moduak «aldatu» egin direla dio irakasleak: «Zenbait lan sakralizatu egin dira modu horretara: jendeak ia zerbait erlijiosoa balitz bezala identifikatzen du kristal horren atzean dagoena. Ez dagoenean modu horretan erakusgai, harekin harremana izateko modua ere ezberdina da: erakusteko moduak asko baldintzatzen du ikusteko modua».

Museo handi batean hori gertatu bada, gerta daiteke txikiago batean? «Bai», erantzun du Javier Novok, Bilboko Arte Ederren Museoko Kontserbazio eta Ikerketa sailaren koordinatzaileak.«Baina zergatik gertatu da museo handi horretan? Artelan horren inguruan sekulako inpaktua sortu eta jasotzen dutelako». Alegia, museoen egitekoaz egin nahi izan du Novok hausnarketa: «Museoak, kontzeptuari dagokionez, ondarea zaindu eta betikotzeko diseinatuta daude. Ez horrenbeste ondare hori erakusteko. Museoak ondare hori zaindu eta iraunarazi behar du, gizartearen islatzat jotzen baita».

Artelanen «efektua»

Novok dio Gioconda lanak eta haren parekoek «efektu masibo bat» dutela, eta badituztela han segurtasun neurri aktiboak, pasiboak... modu guztietakoak. «Norbaitek medioen eta bestelakoen arreta piztu nahi badu, arrazoi pertsonalengatik, aktibismoagatik... badaki nora jo».

Ezagunak dira egin diren eraso asko. Manterolak gogoan du Michelangeloren Pietatea eskulturari egindakoa, eta baita Velazquezen Venus ispilukoa margolanari egindakoa ere. Novok dio garrantzitsua dela jakitea eraso horien atzean zer dagoen: «Aktibismoa edo delirioa izan ote den. Venus ispilukoa margolanari labanaz eraso egin zion emakumezkoak zigorra merezi du? Bai. Baina sufragista bat izan zen, eta protesta edo aldarrikapen bat zegoen atzean».

Alde horretatik, Manterolak dio obraren «testuinguruak» ere izaten duela garrantzia: «Desberdintasun handiak daude obra batetik bestera. Badaude obra batzuk duchamptarragoak direnak, eta errazagoa da horien gainean interbentzioak egitea». Pierre Pinoncelli artistak Marcel Duchampen Iturria pixontziaren kontra egindako erasoei buruz ari da Manterola.

Dena dela, Novok argi utzi nahi izan du museoak «toki seguruak» direla: «Jendea museo batera datorrenean, badaki oinarrizko arau bat dagoela: obrak ez dira ukitu behar. Aurreneko segurtasun neurriak kontzientziazioa eta edukazioa dira. Eta horiek irabazita dauzkagu». Arte Ederretako Museoko koordinatzaileak azaldu duenez, «nahigabe egindakoak» dira izan dituzten «kalte txikiak», eta museo gisa ez dute «bandalismoari» buruzko kezkarik: «Horrek ez digu loa kentzen». Segurtasun neurriak eta protokoloak dituzte: egun osoko zaintza kameren bidez, zaindariak, eta salako laguntzaileak. «Proiektu bakoitzaren inguruan egiten ditugu bilerak, jakiteko zer obraren edo guneren inguruan jarri behar den zaintza gehiago». Prebentzio neurri pasiboak eta aktiboak. «Agertoki guztientzako protokoloak daude», argitu du Novok.

Beste horrenbeste diote Donostiako San Telmo museoan. Bisitari ekin aurretik hartzen dituzte lehen neurriak —armairuak-eta jarriz bisitarien esku—,eta edukiera kontrolatu: «Geletan jende gehiegi ez elkartzeak laguntzen du objektuak eta artelanak babesten». Kamerak, zaindariak, distantziak mantentzeko kateak, obra berezientzako kristalezko babesak... «Ez da ezer larririk gertatu San Telmon. Zerbait gertatuko balitz, protokolo bereziak daude artelanak babesteko», argitu dute.

Eskulturak eskura

Kasu berezia da Txillida Leku Museoarena. Han, kanpoko eskulturak bisitari guztien eskura daude. Are gehiago, jendea gonbidatzen dute ukitzera eta «barruan» sartzera. «Segurtasun neurriak zuhurtziaz integratzen ditugu, bisitariarengan sentsazio negatiborik ez sortzeko. Erabateko segurtasuna ez da existitzen: obra bat mugitzeak edo erakusteak beti dakar arrisku minimo bat. Horregatik, profesional espezializatuak eta obraren segurtasuna eta ikuspen egokia uztartzen dituen museografia behar dugu», azaldu du museoko zuzendari Mireia Massaguek.

Massaguek dio Txillidak ingurua «besarkatzeko» pentsatu zituela bere eskulturak, material «iraunkorrez» eginda daudela, eta museoa naturan «txertatuta» dagoela: « Zorionez, museora datozen ikusleek errespetu handia dute, eta, Gipuzkoako meteorologia alde batera utzita, ez dugu inolako arazorik izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.