Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Oholtzatik kanpo

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun

'Peter von Kant'

Zuzendaria: François Ozon. Aktoreak: Denis Menochet, Isabelle Adjani, Khalil Gharbia, Hanna Schygulla. Iraupena: 85'.

Antzokiko oihala ireki eta Peter von Kant-ekin egiten dugu topo. 40 urteren bueltan ibiliko den gizona. Presentzia handiko gizona da, bizitzak esperientzia ugari eskaini dizkiola dirudi, eta aldi berean badu galdutako haur baten samurtasuna. Zine zuzendaria da, hala kontatuko digute, ospe handikoa. Ondoan du bere laguntzailea, Karl; von Kanten esanetara bizi da, eta film guztian zehar hitz bat bera ere entzungo ez diogun arren, lehen eszenatik piztuko digu jakin-mina. Eszenan, ordea, Amir sartuko da, aktorea izan nahi duen gaztea, eta eskarmentudun zuzendariaren begirada eta zentzua lapurtuko ditu.

François Ozonek zuzendutako lan hau Rainer Werner Fassbinder zuzendari alemanaren Die Bitteren tränen der Petra von Kant filmaren egokitzapena da. Jatorrizkoan, hiru emakume ziren protagonistak, baina Ozonek horien generoa aldatu, eta (dirudienez) von Kant-en pertsonaiaren bidez omenaldia egin nahi izan dio Fassbinderri.

Ez dut zuzendari alemanaren filma ikusi; beraz, ez dakit omenaldi horren irismen eta karga zenbaterainokoa den, baina askotan ikusi dudan istorio baten aurrean nengoela sentitu dut. Von Kantek aktore gaztearekiko duen obsesio eta adikzioa erakutsiko dizkigu Ozonek; maitatua izan nahi duen haur handi baten ezinegona. Lau pareta artean gertatzen den istorioa da, eta horrek ematen dio puntu klaustrofobiko bat istorioari lagundu egiten diona, baina filmak duen teatralitasun kutsu horrek ez dut uste mesederik egiten dionik. Dena da handia, intentsoa, eta nahiko faltsua. Oholtza gainean funtziona zezakeen horrek, espektakulu hutsean gelditzen den erretratu ziniko bat bilakatzen du filma: ikusgarria da, entretenitua, baina horretan gelditzen da.

Interesa piztu digun Karl, aldiz, bigarren plano batean geldituko da. Hori da pertsonaiaren funtsa, bai, baina zinemagilea itsu-itsuan maite duen laguntzailearen bideak filmari mami gehiago emateko aukera aparta zirudien; jasaten dituen umiliazioak jasanda nagusiaren ondoan jarraitzen duen pertsonaia itxuraz hotz hori, Von Kanten momenturik intimoenetan ere bertan dagoen mutila. Ozonek teatroan sartu duena baino, oholtzatik kanpo utzi dituen horiek egin zaizkit interesgarri, ikuskizuna alde batera utzita bizitu genitzakenak; baina hori beste film bat izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.