ATHLETIC 2 - 1 CELTA

Partida grisa, garaipen gozoa

Distirarik gabe jokatu arren, Athleticek mendean hartu du Celta, eta bolada txarra eten. Zuri-gorriak zazpigarren postuan jarri dira

Iñaki Williams, lehen gola ospatzen, atzo, San Mamesen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun

Golak. 1-0. Iñaki Williamsek (5. min.). 1-1. Larsenek (50. min.). 2-1. Berenguerrek (54. min.).

Athleticek partida gaitza zuen atzo Celtaren kontra. Talde zuri-gorriak lau partida zeramatzan irabazi barik. Jokatutako azken lau partidetatik hiru galduta, Europako ligarako sailkatzeko lehiatik kanpo, eta Vila-realen zelaian hartutako astindua burutik kendu barik aurre egin zion neurketari. Gainera, San Mamesen asko kostatzen ari zaio irabaztea: sasoi honetan, jokatutako neurketen erdiak baino gutxiago irabazi ditu. Aurrekari txar gehiegi ziren futbolariak lasai egon, eta zelaira konfiantzarekin ateratzeko. Eta ez zen asko behar izan ohartzeko taldea ez dagoela sasoi betean. Zalantzati aritu zen, fede gutxirekin. Eta, hala ere, sufritzen jakin, irabazi, eta arnasa hartu zuen.

Vivian eta Muniain izan ziren hamaikakoko berritasunak. Erdiko atzelaria partida bateko zigorra bete ostean itzuli zen. Paredesekin egin zuen bikote defentsaren erdialdean. Azkeneko partidetan nahi baino huts gehiago izan dituzten eskarmentu gutxiko bi gazte ariko ziren garrantzi handiko partida batean. Ez zen partida erraza izan haientzat, baina lortu zuten aurrera ateratzea. Ez ziren taldekideak baino okerrago aritu. Kapitainaren aldeko apustua esanguratsuagoa izan zen. Batetik, Herrera aulkian utzi zuelako, eta, bestetik, Sanceten postua atzeratzea eragin zuelako. Ez zuen eragin handirik izan taldearen jokoan. Ez zuen espero zen moduan funtzionatu. Ia ezer ez zen ondo atera.

Hala ere, partida ondo hasi zen zuri-gorrientzat. Iñaki Williamsek gola sartu zuen etxekoen lehen errematean. De Marcosek eskuin hegaletik egindako erdiraketa maisutasunez gurutzatu zuen, buruz, Juan Villar gainditzeko. Hamargarren gola da.

Bosgarren minutua zen, eta bazirudien golak aukera emango ziola Athletici jokoaren ekimena hartu eta lasai aritzeko. Baina usteak erdia ustel. Athletic ez zegoen eroso, ez zen eroso egon neurketak iraun bitartean. Eta Celtaren merituagatik baino gehiago, talde zuri-gorriaren konfiantza faltagatik izan zen, aurkariak ere oso indar gutxi erakutsi baitzuen. Jokoz etorri handirik agertu ez arren, Berenguerrek areaz kanpotik onena ematera behartu zuen Villar. Segidan, Celtak lehen zatian izan zuen aukera bakarra etorri zen. Gabri Veigak areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitzari bikain erantzun zion Unai Simonek. Irabazten joan arren, gaizki amaitu zuten lehen zatia Ernesto Valverderenek.

Bigarren zatiaren hasierak aurrez ikusitakoa berretsi baino ez zuen egin. Athletic urduri zelairatu zen, zelai erdian nagusitu ezinik. Dani Garciak laguntza gutxi izan zuen taldeari eusteko orduan. Azkenean, Celtak baliatu egin zituen etxekoek emandako erraztasunak. De la Torrek ezker hegaletik egindako erdiraketa burukada loratu batekin errematatu zuen Strand Larsenek berdintzeko. Kolpe gogorra izan zen. San Mamesen hotz zegoen —Herri Harmailak uko egin zion animatzeari, protesta gisa—, eta Celtaren golak mutu utzi zuen. Athletici min eman zion golak, eta, tarte batez, noraezean aritu zen: lau minutu eskas, Berenguer agertu arte. Ezkerretik hasitako jokaldia hark amaitu zuen, baloia eskuin hegaletik pasatu eta berriz bere oinetara iritsi ondoren. Eskuinez jaurtiketa gurutzatu indartsua egin zuen. Gol ederra sartu zuen.

Ordu erdi baino gehiago geratzen zen, eta zuri-gorri guztiei oso luze egin zitzaien. Berenguerrek langara jaurti zuen areaz kanpotik, eta Vesgak, buruz, aukera ona izan zuen hirugarren gola sartzeko. Baina Athletic ez zebilen sendo. Ez dira partida gutxi izan sasoi honetan atzo baino askoz hobe jokatu eta galdutakoak. Baina, atzo, irabazi egin zuen. Garaipenari esker, zazpigarren da, Konferentzia liga jokatzeko postuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.