Futbolari ikusezina

'Trinche' Carlovich beste molde bateko jokalaria izan zen. Futbolean jokatzea maite zuen, baina ez zelaitik kanpo futbolari izateak zer zekarren. Gutxik ikusi zuten jokatzen, baina «onena» zela diote.

Tomas Carlovich 'Trinche' futbolari izan zen garaian. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ez dago haren bideorik. Hiru neurketa baino ez zituen jokatu Lehen Mailan. Berdegunean ikusi zutenek, haatik, argi zioten: «Sekula ikusi dugun onena izan da». Tomas Felipe Carlovich Trinche (Rosario, Argentina, 1946 - 2020) futbol jokalari argentinarraz ari ziren. Hark jokatzen zuen aldiro, egun handia zen Rosarion. Ezohiko jokalaria zen. Futbolean jokatzea zuen gustuko, baina ez futbolaren inguruko beste guztia; batez ere, ospea eta dirua.

Ostiralean hil zen, Rosarion, ustez bizikleta lapurtu zioten bi gaztek emandako kolpeengatik izandako odol isuri baten ondorioz. Azken egunetan zale askok utzi dute alde batera konfinamendua, hura omentzeko. Maradonak, elkar ezagutu zutenean esandakoarekin agurtu zuen. «Zelaian onena izan zinen, eta, hortik kanpo, zure umiltasunarekin denak liluratu gintuzun». Familiak gertatutakoa argitzeko eskatu du.

Argentinara joandako Kroaziako iturgin baten semea zen. Beste zazpi anai-arreba zituen, eta gurasoekin batera kozkortu zen, Rosarioko auzorik txiroenetako batean: Belgranon. Hango kaleetan hasi zen jokatzen, Rosario futbola gehien sustraituta dagoen Argentinako hirietako bat baita. Han jaio ziren, besteak beste, Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile ohia, eta Leo Messi Bartzelonako jokalaria. Bielsak miretsi egiten zuen Trinche, eta urteetan joan zen haren partidak ikustera.

Lotura estua zuen bere auzoarekin. Jaio zen etxe berean bizitzen segitzen zuen. Behin eta berriz galdetu zioten zergatik ez zen arrakasta izatera iritsi Lehen Mailan, eta argi erantzuten zuen: «Nire nahi bakarra futbolean jokatzea zen, baina batez ere nire sustraietatik ez aldentzea: nire auzoa, gurasoen etxea, lagunak... Horrela naiz zoriontsu, eta ospeak bost axola dit». Plazeragatik jokatzen zuen, eta ohikoa zen entrenatzera ez joatea, hura esnatu behar izatea partida egunetan.

Rosario Centraleko harrobian aritu zen. Baina partida bakarra jokatu zuen lehen taldearekin, 1969an, Andesen kontra. Gero, Cordobako Centralek fitxatu zuen, bere betiko taldeak. Entzungor egin zien atzerritik zetozkion eskaintzei; bestea beste, AEBetako Cosmos taldearenari. Han jokatzen zuen Pelek. Nahiago zuen Bigarren edo Hirugarren Mailako zelaietan jokatu.

Ezkerra zen, eta beti bost zenbakiarekin jokatzen zuen. Fisikoki oso indartsua zen, eta hanka luzeak zituen. Hari baloia kentzea nekeza zen, oso trebea baitzen oinekin, eta nahi eran mugitzen zuen. Berak asmatu zuen tunel bikoitza. Aurkariari baloia hanka tartetik pasatu, jaso, eta kontrako norabidean berriro ere berdinegiten zien. Atzelariek erotuta amaitzen zuten.

Haren mitoa, hala ere, 1974ko apirilaren 17an hasi zen. Argentina Alemanian jokatzekoa zen Munduko Kopa prestatzen ari zen, eta adiskidantzazko partida bat antolatu zuen Rosarioko jokalariz osatutako selekzio baten kontra. Trinchek gidatuta, erakustaldia eman zuten Rosarioko jokalariek. 500 zaleren aurrean jokatu ohi zuen naturaltasunarekin jokatu zuen New Old Boysen zelaian. 35.000 ikusle bildu ziren.

Partida amaitzeko ordu erdi falta zenean aldatu zuten. Rosarioko jokalariz osatutako taldea 3-0 ari zen irabazten, eta partida barrutik bizi izan zutenek diote Argentinako hautatzaile Vladislao Capek eskatu zuela kentzeko. Ohiko patxadarekin irten zen berdegunetik, eta partida amaitzera itxaron gabe, botak kendu, eta, beti egin ohi zuen bezala, lagunekin joan zen afaltzera. Hori bai, aurretik boten takoak lizatu egin zituen. Hala egiten zuen partida bakoitzaren ostean, bota pare bakarra baitzuen. «Txorakeria bat da gehiago izatea». Ez zen aldagelan aldatzen, baizik eta materialaren gelan, bakarrik. «Lotsatia naiz, ez dut fede txarrez egiten». Milanen aurkako lagunarteko batean erakustaldia eman zuen, Baressi handia irrigarri utziz.

Aurkarien zaleen maitea

Alemaniako Munduko Koparen ostean, Cesar Luis Menottik hartu zuen Argentinaren selekzioaren gidaritza, eta lagunarteko partida bat jokatzeko deitu zuen. Ez zen azaldu. Hautatzaileak gerora azaldu zuen arrazoia. «Arrantza egitera joan zen, egun aproposa zegoelako horretarako». Arrantza zuen, hain zuzen, beste pasioetako bat. Jokalariak ez zuen ukatu arrazoia hori izan zenik.

Aurkarien zaleek ere estimatzen zuten haren jokoa. Partida batean, epaileak kanporatu egin zuen. Baina bi taldeetako zaleak epaileari oihuka eta txistuka hasi ziren. Trinchek jokatzen segitzea nahi zuten, eta epaileak berdegunera itzultzeko baimena eman zion. Beste partida batean bere burua egotzi zuen, ez zuelako etxera bueltatzeko azken autobusa galdu nahi.

Lasai bizi zen auzoan. Ohikoa zen auzoko umeekin baloiarekin jokatzen ikustea. Ez zuen lan finkorik, eta lagunen eta taldekide ohien laguntza izan zuen azken urteetan aurrera egiteko. Bizikletan mugitzen zen beti; lapurtu ziotena, orain egun batzuk oparitu zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.