Felipe Ugarte. Musikaria

«Metalaren osagaia gakoa da; proiektuak indarra hartzen du»

Dantza, musika eta argia batzen ditu 'Iluntz' ikuskizunak. Donostiako hiru eskultura izango ditu ardatz, eta bihar estreinatuko dute Sagueseko 'Bakearen Usoa'-ren alboan. Ugarte musikaz arduratuko da.

GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Andoain
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Iluntz ikuskizuna musikatzeaz arduratuko da Felipe Ugarte (Urnieta, Gipuzkoa, 1976). Donostiako hiru eskulturaren inguruan, argia, dantza eta musika uztartuko dituzte Nora Imazek zuzendutako emanaldietan. Donostiako Udalak abuzturako antolatu duen egitarauaren barruan, biharSaguesen arituko dira, 21:20an Basterretxearen Bakearen Usoa-ren alboan. Ondoren, hilaren 27an eta 28an, Txillidaren Haizearen Orrazia eta Oteizaren Eraikuntza Hutsa dauden tokietan egongo dira, hurrenez hurren.

Bihar emango duzue lehen emanaldia. Zer motatako ikuskizuna da Iluntz?

Dantza, musika eta argia izango ditu ikuskizunak. Ruben Albelda eta Paula Parra dira dantzariak, eta Donostiako hiru espazio ikonikoren inguruan egingo dute dantza. Nora Imaz da zuzendaria, berak ezagutzen ninduen. Hang drum edo handpan deritzon instrumentua erabili nahi zuten, etahorregatik jarri zen nirekin harremanetan.

Hang drum-arekin arituko naiz, baina ideia polita iruditu zitzaidan metalezko tresna gehiago erabiltzea, eskulturekin bat egiteko. Hirurak metalez eginda daude, eta musika guztia ere metalarekin sortua izango da.

Zein pisu izango du musikak emankizunean ?

Jendeak dantzariak ikusiko ditu, ni ez naute ikusi behar, entzun egingo naute. Dantzariek dantza egiteko musika behar dute, eta nire lana atmosfera berezi bat sortzea izango da. Sortuko ditugun musika eta dantzak berriak dira, eta espazio bakoitzera zertxobait egokituko ditugu.

Nola entseatzen da argia, musika eta dantza elkartzen dituen ikuskizuna?

Aparte entseatzen dugu. Adibidez, argia jada landua dute ikuskizuna izango den espazioetan. Nik neure kabuz lantzen dut musika, eta dantzariek dantza euren kabuz. Gero, noizean behin, Errenteriako Dantzagunean [Gipuzkoa] elkartzen gara.

Eskulturek protagonismo berezia izango dute emanaldian.

Espektakuluaren helburuetako bat da, eskulturak dauden lekuan egonda, espazio horrekin jolastea. Dantza, musika eta argiaeskulturaren inguruan lantzea. Eskulturaren indar horretan inspiratzen gara. Horregatik, metalaren osagaia gakoa da; proiektuak indarra hartzen du. Gainera, Basterretxearen familiakoakezagutzen ditut, beraz, ilusioa egiten dit Bakearen Usoa dagoen inguruan jotzeak, berezia izango da.

Zein musika tresna erabiliko dituzue?

Hang drumaz gain, waterphone izenekoa eta toberaren antzeko beste bat erabiliko ditut. Tobera txalapartaren antzeko musika tresna bat da, baina metalezko palankekin. Jotzeko bi pertsona behar dira; beraz, nik palanka horiek erabiliko ditut, baina bakarrik jotzeko moduan. Beste aukera batzuk ere baditut. Erabili edo ez pentsatzen ari gara, agian sorpresatxo batzuk egongo dira.

Musika tresna asko jotzen dituzu, beraz.

Instrumentu bereziak gustuko ditut, bilduma polita daukat. Kontrolatzen dudana txalaparta da. Urte asko daramatzat jotzen, eta munduan zehar ibili naiz anaiarekin batera.

Hang druma ere asko jo dut azken urteetan, hiru disko kaleratu ditut. Ordu asko eman ditut,eta eroso nago tresna horrekin.

Pandemiak nola eragin dizue?

Ez da inongo sekretua, gainerakoak bezala, sektorea sufritzen ari da. Nik, azken emanaldia MTV sarietan izan nuen, Bilbon, Crystal Fighters taldearekin. Hamar urte daramatzagu elkarlanean, eta jira bat ere planteatuta geneukan. Tanya Tagaq abeslari inuit kanadarrarekin ere beste jira handi bat egitekoak ginen. Pandemiarekin, ordea, guztia bertan behera geratu zen. Ordutik, hau [biharkoa] izango da beste artista batzuekin egingo dudan lehen emanaldi ofiziala. Gogotsu nago!

Kalean jotzea ere asko gustatzen zait. Azken hilabeteetan joan naiz, baina jende gutxi dabil. Nik etxean gutxi jotzen dut, jendearekin partekatzea gustatzen baitzait. Jaietan eta ezkontzetan ere lan asko egiten genuen txalapartarekin, eta azken bi urteetan, ezer gutxi.

Jaiak ez egonagatik, ekitaldiak antolatzen hasiak dira.

Pozgarria da berriz zerbait edukitzea. Guretzat, eta jendearentzat ere bai. Jende dezente, dagoeneko, txertatuta dago. Beraz, pixkanaka gauzak egiten hasi behar dela iruditzen zait.

Etorkizunerako beste proiekturik ba al duzu?

Printzipioz, Tania Tagaqekin dugun kolaborazioa aurrera eramango dugu. Orain, alabarekin ere banabil. Bi urte daramatza txalapartarekin serio. Ikasten eta, astero-astero, etxean orduak sartzen ari da; pandemia pasatzen denean emanaldiak emateko prestatzen. Hemen inguruan jaietan-eta ibiliko gara, anaiarekin edo alabarekin. Gainera, Crystal Fightersekin ere emanaldiak izango ditugu.

Bidaiatu, alde batetik bestera emanaldiak eman, etxean landu, instrumentu berezi gehiago erosi... Horrela jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.