Aleka egiten da mordoa

Realak gaur, eta Athleticek bihar, batzen segi nahi dute; urtarrila osoan ez dute galdu ligan

Realeko hainbat jokalari atzoko entrenamenduan. MANIX DIAZ DE RADA / REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Realak eta Athleticek Europari so hasi dute sasoiaren bigarren erdia, eta bide horretan, ezinbestekoa dute puntuak pilatzea. Ahal dela, hirunaka komeni, baina ezin denean balekoa da puntu bat batzea. Aleka egiten da mordoa; puntuka lortzen da helburua.

Bi taldeek lezio hori ikasi dute urtarrilean. Irabazi ezin denean, ez galdu, behintzat. Goiburu horrekin abiatuko dute Espainiako ligako 23 jardunaldia; txuri-urdinek gaur (14:00, Movistar LaLiga), eta zuri-gorriek bihar (21:00, Gol).

Donostiarrek Valentziari egingo diote bisita. Realaren aldean eskas abiatu zuen sasoia, baina ari da txapelketari neurria hartzen. Imanol Alguacilen jokalariak nola, astean zehar lehiatuta iritsiko dira Mestallako neurketara, eta paparra handituta, gainera: Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu dira asteon. Athletic izango dute kontrario kanporaketa horretan.

Realak, berriz, kolpe handia jaso zuen ostegunean, eta ordukotik suspertu eta ligako bide onari eustea izango du xede. Hala esan zuen atzo Imanol Alguacil teknikariak prentsa aretoan: «Astindua izan zen, baina jadanik historia da hori». Dena den, pilatutako nekea saihestekoaldera aldaketak iragarri ditu prestatzaile oriotarrak.

Atseden gehiagorekin jokatukodu Athleticek. Bilbotarrek Espanyol hartuko dute, San Mamesen, eta esne mamitan segi nahi dute hiru puntuak eskuratuta. Kopan aurrera eginda eta ligako azken partida irabazita, Marcelino Garciak egun gozoak bizi ditu aulkian, bere estilora egokitu baitu taldea. Agerian utzi nahi dute hori kataluniarraren kontura.

Emakumezkoak, gaur

Emakumezkoen maila nagusian, berriz, gaur jokatuko dute lau euskal taldeek. Reala eta Alaves etxean ariko dira, Atletico Madrilen (11:30) eta Sevillaren aurka, hurrenez hurren. Athleticek eta Eibarrek, berriz, etxetik kanpo jokatuko dute: bizkaitarrek, Sporting Huelvaren kontra (12:00), eta gipuzkoarrek Bartzelonaren aurka (12:00).

Espainiako Bigarren Mailan, Eibarrek 0-1 irabazi zion Sporting Gijoni, eta lehen postuari eutsiko dio. Reala B-k, aldiz, bana berdindu zuen Lugoren aurka. Amorebietak Oviedo hartuko du gaur (14:00, La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.