Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bierzoko aztia

2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Raul Pérez Bodegas y Viñedos ez da ohiko upategia. Markak, mahastiak, ardo motak, dena alda daiteke egile, enologo eta ardandegiaren jabea den Raul Perezen sormenaren edota naturaren eraginaren arabera.

Duela bederatzi bat urte hitz egin nizuen Margon upategiko Pricum ardoari buruz. Raul Perezek prieto picudo mahatsez egindako ardo bikaina da, Leongo Pajares de los Oterosen (Espainia).

Raulen beste ardo bat jarri nahi dut gaur fokuaren azpian: Ribeira Sacrako Castro Candaz. Eta, bide batez, Raul Perezen beste kontu batzuk ere ekarri nahi ditut hona, mundu osoan izugarrizko sona eta ospea duen ardogile hori hobeto ezagutzeko.

Espainian Robert Parkerren ordezkari den Luis Gutierrezen esanetan, «Raul espiritu librea da, egin eta desegiten du, hemendik hara doa, handik hona dator, etengabe asmatzen, probatzen, aldatzen behin eta berriro...».

Mahasti propioekin zein beste batzuei erositako mahatsekin egiten dute lan. Ardo zuriak zein beltzak egiten dituzte, berto-bertoko mahatsez, oro har ekoizpen oso baxuekin.

Sorterriko Bierzoko ardoez gain, Rias Baixas, Monterrei, arestian aipaturiko Leon edo, gaur hona ekarri nahi dizuedan ardoa bezala, Ribeira Sacran.

Perezen filosofiari jarraituz, modu tradizionalean egiten dute lan, mahastietan ahalik eta gutxien eraginez, lur eta klima bakoitza ulertuz eta mahats mota bakoitzaren heltze erritmoa errespetatuz.

Ondo zahartuko diren ardoak bilatzen ditu Raulek, baina hasiera-hasieratik edangarriak direnak, lehen esan bezala bertako mahatsekin eta galzorian dauden mahats motekin egindakoak.

Familiaren upategian hasi zen enologo lanetan, Castro Ventosa upategian, jaioterrian, Valtuillen (Leon, Espainia). 2003an abiatu zuen bere lehen proiektu pertsonala, Ultreia. Ultreia proiektuak marka zerrenda luzea dakar, ez Bierzon bakarrik, Portugalen Dirk Niepoortekin edota Hegoafrikan Eben Sadie lagunekin ere sortzen baititu ardoak marka horrekin. Gero La Vizcaína de Vinos izenpean botilatzea erabaki zuen. Valtuilleko lur mota eta orientazio ezberdinen emaitza da, betiere mencia mahatsa protagonista izanik.

Ezin dugu hemen sakon hitz egin Raulen ardo guztiei buruz, eta horregatik Ribeira Sacran egiten duen Castro Candaz A Boca do Demo azpimarratuko dut gaur, bikaina iruditu baitzait, desberdina, aparta. Rodrigo Mendez enologoarekin batera gidatzen duen proiektuaren emaitza da, Lugoko Ribeira Sacrako eskualdean, mahats autoktonoekin lan eginez eta Borgoiniako estilo ukaezinarekin. Mencia mahatsez egina dago eta fudreetan—barrika mota bat— hartzituta, betiere tradizioari jarraituz. Txokolatea, piperbeltz beltza, ezkai lurrinak... eta ahoan egitura eta bolumen bikainak erakusten ditu. Animo guztioi, eta aurrera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.