Harakiri for the Sky 'Arson'

Ondamua

Diskoetxea: Art of Propaganda.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Kontzertu batera joan ez izanak damua eragin dezake gogoangarria izan bazen. Austriako Harakiri for the Sky banda Portugaleten izan zen joan den urrian. Antolatzaileak maiz errepikatu zuen errepikaezina izango zela, eta ez galtzeko aukera. Batzuek kasu egin zioten, eta beste batzuek ez. Ezagutzen ez duzun talde bati aukera ematea ohikotik ezohikora pasatu da. Esan eta izan, Portugaletekoa ahaztezina izan omen zen.

Damua baino hobea da ondamua. Betiere, sanoa bada. Horrek bultzatu ohi du musikazalea galdutako aukera berreskuratzera. Salzburgo eta Vienako musikariez osaturiko taldearen fonoteka arakatzea izan zen lerro hauek idazten ari denaren hautua. III Trauma hirugarren diskoarekin izan dute oihartzuna, eta abiapuntu aproposena zen. Ezin albo batera utzi lehen bi lanak ere. Baina hirugarrena aproposa da ulertzeko izan duten harrera ona.

Musika estilo bakoitzaren estandarretatik ihes egin eta arriskatzen diren bandak ez dira asko. Zaharra berritzea bihurtu da joera, baina badira formula originalak asmatzen dituztenak. Baita muturreko metalean ere. Harakiri for the Sky bikotea da horren eredu. Matthias Sollak eta Michael Wahntraum musikariek black metalaren korronte berriari ekarpen propioa egin diote, shoegaze eta post-rock eraginak desberdin barneratuta. Ez dira aitzindariak, baina Alcest eta Deafheaven taldeek baino melodia ederragoak sortzen dituzte.

Urtea ondo hasteko, Arson laugarren diskoa plazaratu dute. Aurrekoaren ildoari eutsi diote iraupen luzeko abesti erakargarriei mugarik jarri gabe. Iluntasunean argia proiektatzen dute pasarte emozional bakoitzeko. Erritmo bizi eta lausoak tartekatzen dituzte riff ahantzezinekin. Eztanda melodikoak eta une malenkoniatsuak zortzi kantuetan topa daitezke. Guztiek merezi badute ere, lau nabarmendu daitezke: Fire, walk with me; Your are the scars; Heroin Waltz; eta Voidgazer.

Sormenari bide emateko sorturiko proiektua zuzenera eraman behar izan zuten ingurukoen eskaera betetzeko. Boskote moduan aritzen dira taula gainean, eta horrela iritsi ziren Euskal Herrira. Haien bisita errepikatzen bada, komenigarria litzateke kontzertura joatea. Tira, garaiz zabiltzate taldea ezagutzeko, streaming bidez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.