Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Astoak hil zituen basoa

2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gaur hona dakarkizuedan upategia bitxia da, bikaina. Izena ere halakoa du, eta izenaren zergatia ez dut esango polita denik, baina bai deigarria, bitxia: El Bosque de Matasnos.

Duero Erriberako lurralde garaienetan, Peñarandatik (Burgos, Espainia) gertu, 950 metroko altueran 33 hektarean hedatzen den mahastia dute Matasnosekoek.

1960an, orain mahastia dagoen tokian baso bat zegoen, El Bosque izenarekin ezaguna, eta ugazabek basoko tokirik sakonena zereala ereiteko erabiltzea erabaki zuten. Zerealari tokia egiteko, jabeek milioika kilo egur atera behar izan zituzten basotik, eta, horretarako, inguruko biztanleek haien asto eta mandoak eraman zituzten, egur hori guztia jasotzen laguntzeko.

Gehiegizko esfortzuak edo, ehunka asto hil omen zituen, baina bizia eta izena eman zion basoari: El Bosque de Matasnos.

Ezagutzen dutenek esaten dute baso horrek arima duela, misteriotsua, bitxia eta ederra dela.

33 hektareako mahastia toki berezi batean. Muturreko tenperaturek, izozteek eta beranduago egiten den mahats bilketak mahats kopurua jaistea dakarte, baina, era berean, mahatson kalitate bikaina izan ohi da.

Ekologikoaren ziurtagiria badaramate ere, haiek hala diote: «Ez gara ekologikoak, jasangarriak gara. Gure nagusiek egiten zuten moduan gure inguruak oparitzen dizkigun baliabide guztiak erabiltzen ditugu. Basoa baliabide naturalen iturri agorrezina da, eta horrela izaten jarrai dezan nahi genuke».

Ardiak erabiltzen dituzte basoa garbitzeko, eta mahats-mordoaren txortenak haien hondakinekin konpostatzeko erabiltzen dituzte. Bestalde, hontz ertaina, belatza eta apo-hontza basoan berriro sartzeko lanean ere ari dira.

Mahatsa sei gradutan sartzen da beti upategian, mahastietatik kamioi hozkailuetan eramaten baitute mahastitik. Upategian mahatsaren aukeraketa zorrotza egiten da, bi aukeraketa-mahaitik pasatu ondoren.

Hartziduran legamia naturala baino ez da erabiltzen, basoan bertan aukeratutakoa. Hartzidura astiro-astiro egiten da tenperatura kontrolpean.

Hainbat ardo egiten dituzte, batzuk Duero Erribera sor-markapean eta hainbat sor-markatik kanpo, batez ere zuriak, baina baita ere beltz bat, syrah mahatsez eginikoa.

Beltzak bikainak dira, baina bat azpimarratzekotan BMA Tempranillo-Malbec azpimarratuko nuke, bitxikeria bat delako Dueroko Erriberan. Malbec mahatsa, hor dago bitxikeria. Jatorriz Bordelekoa da, eta Argentinan ere oso hedatua dago.

Dueroko Erriberan Vega Siciliak sartu zuen, baina ez dauka ardoetan presentzia nabarmenik. Ardo honetan, baina, erabilitako mahatsen laurdenean agertzen da. Sudur amaierako bioleta ukitua nabarmenduko nuke; eta ahoan, berriz, tanino fin eta dotoreak ditu, ukitu baltsamiko eta loretsuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.