Zientzia

Gaur zerria, astelehenean gizakia

Biodonostia ikerketa zentroko laborategi esperimentalean, zirujauak lan zail batean trebatzen dira, minbiziarengatik aurpegiaren zati bat galdu dutenei zati hori berregiteko. Aste honetan bertan egin dute azken saioa, guneko aberetegiko animalia batekin. Zirujauek eskerrak eman dizkiete piztiei gizarteari eginiko «mesedearengatik».

Saguak. Biodonostiako ikertzaileak praktikak egiten. GORKA RUBIO / @FOKU.
Edu Lartzanguren.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Zirujauak kolorezko markatzaileak hartu ditu, eta marrazki bat egin du ebakuntza mahaian dagoen gorputzaren gainean. Beltzarekin, laukizuzen bat egin du sabeleko azal arrosaren gainean. Horren barruan, markagailu gorriz, arteria bat marraztu du. Aldamenean, urdinez egin du beste lerro bat: zain bat. Eta ebakitzeko prestatu da. Ebakuntza gela bat da, baina ez dago tentsiorik. Izan ere, estalki berdeen azpian, anestesiapean gozo arnasten ari dena ez da gizaki bat. Zerri bat da, eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan dago.

Berreraikitzeko kirurgia egiten du Donostiako Onkologikoa zentroko Jose Angel Gonzalez otorrinolaringologoak. Norbaiti tumore bat kentzean mingainaren, lepoaren, matrailezurraren edo aurpegiaren zati bat erauzten badiote, gero berriz eraiki behar da. «Hori oso korapilatsua izaten da teknikoki, eta trebakuntza handia eskatzen du», esan du. Azaldu duenez, ebakuntza saio batek 10-12 ordu har ditzake. «Ez da bakarrik prestakuntza teknikoa: zirujau taldeek neke fisikoari eta psikologikoari aurre egin behar diete, eta prestatu egin behar dira horretarako». Nola, ordea? Edo, hobeto esanda: norekin?

Biodonostian egiten dute trebakuntza lan hori. Ebakuntzaren alderik zailena arratoiekin praktikatzen dute, haiengan dena delako askoz txikiagoa. «Gero, gizakiarekin, handia ere iruditzen zaizu, nahiz eta txikia izan oraindik». Trebakuntzaren bigarren maila giza gorpuekin lortzen dute zirujauek. Hirugarrenerako, ordea, bizirik dauden gorputzak behar dituzte. «Modelo ideala ugaztuna da, eta horien artean zerria, gure antz ikaragarria duelako». Berdinak dira ehunak, odol hodiak, odol isuriak...

Otorrinolaringologoak zizta zorrotza sartu du marrazturiko lerroetan, zerriaren dermisa eta epidermisa mozteko, giharreraino. Dagoeneko 30 gaixori egin diete aurpegiak berriz eraikitzeko ebakuntza Donostian. Gonzalezek azala eta hura elikatzen duten odol hodiak kendu nahi dizkio zerriari sabeletik, eta lepoan txertatu. Ez da ausazko trebakuntza saio bat; astelehenean gizaki bati egingo dio gauza bera.

Arau zorrotzak

Zirujauek albaitari talde batekin egiten dute lan. Carlos San Jose da Biodonostiako aberetegiko zuzendaria.«Aberetegia izen arrunta da; guk animaliekin esperimentatzeko unitatea esaten diogu». Arau zorrotzen arabera egiten dute lan. Produktuak merkaturatu aurretik —xanpu bat, kasurako— derrigorrean probatu behar dira animaliekin. «Legeak agintzen du». Etika batzorde batek aztertzen du esperimentazio eta irakaskuntza egitasmo bakoitza, eta gero Foru Aldundiak baimendu behar du. Egitasmo bakoitzean zenbat animalia erabiliko diren zehaztu behar da. «Ezin da ezer egiten hasi baimen horiek gabe».

Saioetan erabiltzen diren animaliak enpresa homologatuek hazten dituzte, horretarako propio. Horietako batzuk genetikoki eraldatuta daude ikertu nahi den gaitza sor dakien; glaukoma ikertzeko untxiak dituzte, esaterako, Biodonostiako aberetegian. Europak esperimentuetarako erabiltzen diren animaliak babesteko emaniko zuzentarauari jarraitzen diote. «Legea animaliekin kezkatuta egin zuten, ez gurekin», esan du albaitariak. Ikertzaileek, kazetariek eta ikasleek goitik behera jantzi behar izan dute ebakuntza geletarako arroparekin, maskarak barne. «Horrela janzten gara animaliak babesteko, ez geure buruak babesteko», esan du San Josek. «Animalia bat infekzio batekin hiltzen bazaizu, horrek ikerketa zapuzten dizu», zehaztu du Gonzalezek.

Jokabidea hainbat puntutan laburbiltzen dela azaldu du biologoak: animaliekiko errespetua, ahalik eta gutxien erabiltzea eta beste prozedurekin ordezkatu ezin direnean bakarrik erabiltzea.

Aberetegiko geletako batek txartel bat du atean: Ez sartu baimen berezirik gabe. Horretan immunitaterik gabeko animaliak dituzte, gela ultragarbian. «Hor lan egiteko, NASArako moduko burka antzeko bat jantzi behar da», esan du albaitariak. Bestela, animaliak berehala hilko lirateke gizakiek kutsaturiko gaitzekin.

Aldamenean, Prozedura Gela izeneko gunea dago. Animalia txikiei —batez ere saguei— ebakuntzak egiteko lekua da. «Hemen utzi ditut nik begiak urte luzez», esan du zirujauak, «arratoien arteriak josten, hamar edo hamabi puntu emanez milimetro bat baino hodi txikiagoei».

Biodonostiako animaliategiak 700 metro koadro baino gehiago ditu. Saguen kaiola bakoitzak aireztapen sistema propioa du. Aberetegiko animaliekin txip bat garatzen ari dira, esaterako, emakumeen erditze kanalean jarri eta haurrak garun paralisia pairatzea saihesteko.

Ebakuntza gelan, bi mahai daude. Zerri bana dago anestesiapean, arnasteko hodiak ahoan. Horietako batekin lanean ari da Ines Gil endoskopista. Japonian asmaturiko teknika bat praktikatzen ari da: gaixoa zabaldu gabe, kamera eta zizta dituen hodi bat ahotik sartuta, sabeleko tumoreak kentzen dituzte. «Digestio aparatuko minbizi goiztiarrak tratatzeko teknika da», azaldu du Gilek, begiak pantailatik kendu gabe. Hitz egin ahala, zizta erabiltzen ari da zerriaren urdailean polipo edo tumore gisa markaturiko guneak erauzteko. Lehen, ebakuntza egin behar zieten gaixoei, arrisku guztiekin; orain, gastroskopia bat bezalakoa da, eta gaixoa etxera joaten da egun berean.

Baina kontu handiz erabili beharreko teknika da, oso erraza baita urdaila zulatzea. Giza urdailaren bost geruzek 5-8 milimetroko lodiera dute. Hura zulatuz gero, peritoneoari egin dakioke kalte, eta hori, operatzen ez bada, hilgarria da. Horregatik da horren garrantzitsua trebatzeko aukera izatea.

Gizakietan egin aurretik, gutxienez 30 saio egin behar dituzte zerri bizietan. «Ezin duzu gizakiekin hasi, teknika honek ikaste prozesu bat duelako. Ez du edozein endoskopistak egiten. Gainera, trebetasuna mantendu behar da». Pilotuen hegaldi orduak bezalakoa da.

«Errespetua»

Gonzalezek bere zerriari ekin bezain pronto usain berezi baina ezagun bat barreiatu da gelan: zizka-mizketarako zerbitzatzen duten zerri azal errearen usain nahasezina. Zizta elektrikoak, mozteaz gain, kauterizatu egiten ditu ehunak —hau da, erre—, odolik isur ez dadin.

Zirujauak errespetua darabil hitzetik hortzera. «Jarraitzen ditugun arau zorrotzak animaliekiko errespetu kontua dira. Abereak niri laguntzen dit nire lana egiten eta sendagile hobea izaten herritarrentzat. Horrek errespetua eskatzen du. Bera ez da jabetzen, baina errespetua hari eskerrak emateko modu bat da, ia, gizarteari egiten dion mesedearengatik».

Gonzalezek hamabost bat zentimetro aurreratu ditu azala mozten. Zirujauak josten amaitu eta berehala jakingo du ebakuntzak arrakasta izan duen: odola zirkulatzen hasten bada zerriaren lepoan txertaturiko azal puskan, ondo atera da. Zerriarentzat, ordea, ez da emaitza onik egongo: «sakrifikatu» egingo dute amaitzean.

Zer gertatuko litzateke Biodonostian halakorik egiterik ez balego? «Gaixoek Madrilera edo Bartzelonara joan beharko lukete ebakuntza egitera», erantzun du Gonzalezek. «Hemen egin ahal dugu orain. Zerriari esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.