Musika. Niño de Elche 'Antología del cante flamenco heterodoxo'

Ahotsaren sakona

Diskoetxea: Sony

Andoni Tolosa.
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zazpigarren diskoa du Francisco Contreras Niño de Elche kantariak, eta ezin beste modu batera izan, flamenkoari leihoak zabaltzen jarraitzen du, baita orain ere, haize freskoa ekarriz hain estereotipatuta dagoen musika-generoari. Antología del cante flamenco heterodoxo du izenburu azken honek, eta, izenburuak adierazi bezala, flamenkoaren ertzetan dabiltzan paloak, egileak eta musika egiteko moduak errepasatzen ditu betiko ausardiaz eta — bere beste ezaugarrietako bat— mezu politikoak nonahi uztartuz.

Egia da diskorako egindako kantu aukeraketak berak erakusten duela artistak ingurua iraultzeko duen gogoa; inguru musikala eta jendartea... Entzun bestela Pasodoble con rumba original de Guy Debord, Recitando de Eugenio de Noel edo Fandangos y canciones del exilio. Hauei gehitu behar esperimentaziotik zuzenean edaten duten Coplas mecánicas de Juan de Mairena, Martinete y Debla ce Vicente Escudero, Peteneras de Shostakovich eta, nola ez, Laboaren erreferentzia egiten duen Lekeitio Nº5 onirikoa.

Hogeita zazpi kantu dira guztira, eta ezusteak ez dizu atsedenik emango. Piezaz pieza, hitzez hitz, moldaketa musikal sotil eta —askotan— kasik ezkutuetatik, bihurgunez bihurgune bide egiten duen diskoa da. Etengabe harritzen zaituen disko jostagarri horietako bat da. Eskerrak ez dituzten hasieran aukeratutako 99 kantuak diskoratu; bestela edonoren bihotzarenak egiteko moduko lana litzateke hau.

Une honetara iritsita, goraipatu beharra dago puzzle honen ardura nagusia duten Pedro G Romero zuzendariaren eta Raul Fernandez Refree ekoizlearen lana. Zaila dirudi-eta halako proiektu askotariko, berritzaile eta ausarta hain modu egokian garatzea, eta era berean, disko entzungarri eta batere hermetikoa ez dena sortzea... Azken finean, batez ere gozatzeko moduko diskoa baita hau, osoa, aberatsa, esanguratsua...

Dena dela, eta hainbesteko erreferentzien artean, ez dugu ahaztu behar Niño De Elcheren ahots gero eta sakonagoa, gero eta jakintsuagoa dagoela guztiaren erdian. Halaxe sortzen da ahotsa, neguko eguzkia nola paisaia gelatuan, diskoa irekitzen duen Soledades de la pereza kantuaren bigarren minututik aurrera. Larruan itsatsiko zaizu, barru- barrutik datozen ahotsek bakarrik egiten dakiten bezala. Ez galdu ahots hori, horixe baita disko hau josten duen hari nagusia, ez galdu kantu bilduma honek emango dizkizun beste estimulu eta txinparten artean. Ahotsa da-eta dena sinesgarri egiten duena, bai oso flamenko ari denean (Fandango cubista de Pepe Marchena-n adibidez —zein ederra den kantu hau—), eta baita zerua garrasika lehertu nahi duenean ere (Lekeitio Nº5). Disko gutxi entzun ditut hain sendoak azkenaldi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.