Musika. Jerry David Decicca 'Time the Teacher'

Jazza eta gospela xuxurlatzen

Diskoetxea: Impossible Ark Records.

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Reigning Sound taldeko buru Greg Cartwrightek bere Facebook profilean argitaratu zuen Jerry David Deciccaren elkarrizketa baten bidez izan nuen Time the Teacher lanaren berri. Cartwrighten ibilbide guztia miresten dut, hortaz, abizen ahoskaezina duen musikari horren lana bilatzera egin nuen ziztuan.Deciccak bi disko baino ez ditu, orriotara ekarritako hau, bigarrena, eta 2014an grabatutako Understanding Land. Azken hori country-rock kutsuko lana da, americana usaina darion beste grabazio bat: ohiko steel guitar-a, biolin goibela, emakumezko koristaren aienea... Aspergarriegia. Bigarren honek, baina, sonoritate erabat ezberdina dakar.

Ohion jaiotako musikaria duela urte batzuk Texasen finkatu zen, eta aldaketa geografiko horrek sekulako eragina izan omen du sortzailearen nortasunean, bere proposamena zeharo biluztu baita. Diskoan gitarra akustikoak, pianoa eta haize-instrumentuak nagusitzen dira. Hala, hiru elementu horiek nahastuz eta gospelean, jazzean eta folkean murgilduz, grabazio ikaragarria gauzatu du. Disko-jogailuan jarri eta amaitu arte aulkian iltzatzen zaituen horietakoa, disko hau ezin baita autoan entzun edo alabarekin jolasten ari zaren bitartean. Grabazio honen ahultasun ahaltsuak harrapatu egiten zaitu eta baita paralizatu ere, bere minimaltasunean handia baita.

Dylan, Reed, Cohen edo Vic Chesnutten lanekin alderatu dute lan hau. Ez dakit irakurleak horrekin nahikoa izango duen. Hasteko, Decicca bera da diskoan parte hartu duen musikari estatubatuar bakarra. «Guztiak dira ingelesak edo europarrak; uste dut tronpeta jotzailea italiarra dela. Beraz, jotzeko sentsibilitate europar bat dago. AEBetako jazz modernoa maite dute, baina haien sentsibilitatearekin. Haien umorea daukate... nahikoa arraroa da. Musikari guztiak esperimentalagoak dira», dio Deccicak. Eta hor dago diskoarekin gakoetako bat, nahastura eta nola eraiki den uztartze hori.

Hala, estatubatuarrak ahots gozoarekin xuxurlatzen ditu hitz domestiko eta sakonak, eta tarteka saxoak, pianoak, emakumezko koruak… sartzen dira, giro lasai eta limurtzailea sortzeko, zeina askotariko doinuetan azaltzen den, kantautore klasikoaren ohiko grabazioak aise gainditzeko.Diskoari izenburua ematen dion doinua, esaterako, LPa ipini eta berehala datorrena, gospel kutsuko kantua da, jazz melodikoarekin jantzia. Walls of my heart ere jazz giroekin hasten da, mezu ederrak zabaltzeko, piano sotil baten laguntzaz. Woodpecker baladan perkusio txiki-txiki bat entzuten da, okilaren soinua imitatzeko, eta diskoa amaitzeko, espiritualetara jotzen du berriro: The Other side.

Diskoak hamar kantutzar gordetzen ditu, eta Loy Nichols eta Benedic Lamdin ekoizleen lana azpimarragarria izan da abestion xarma margotzerako. Sarritan, adierazpen txikienak esanguratsuenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.