Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Larrainzartarren ametsa

2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bodegas Pago de Larrainzar amets pertsonal baten gauzatzea dela esan daiteke, Miguel Canalejo Larrainzarrena, alegia. Miguel Canalejo Iruñeko enpresari ezaguna da, txikitatik ardoarekin eta mahastiekin harreman estua izan duena.

Larrainzar familiak izugarrizko lursaila du duela 150 urtetik Aiegin (Nafarroa), Iratxeko monasterioarekin mugakidea, Jurramendiren oinetan.

Jabego horretan, Luis Larrainzarrek, gero upategia sortuko zuen Miguel Canalejo Larrainzarren birraitonak, tempranillo mahatsa landatu zuen, eta upategi txiki bat sortu 1891n. Oso ekoizpen txikia zuen, baina Bartzelonan, adibidez, urrezko domina irabazi zuen 1929an Erakusketa Unibertsalaren barruan egin zen ardo lehiaketan.

Denborak aurrera egin ahala, Larrainzar familiak ardoarekin zuen lotura etetea erabaki zuen, baina ez erabat, bai baitirudi Miguel Canalejoren memorian itsatsita geratu zela ardoarekiko maitasuna.

Esan daiteke, neurri batean, familia baten erronka dela Pago de Larrainzar, etendako tradizio bati jarraipena emateko erronka, hain zuzen ere.

Lehen aipatutako Miguel Canalejok bere ametsa gauzatzea eta abiatzea erabaki zuen 2001ean:sorlekuan egindako ardo bat, ardo pertsonal bat, munduari eskaintzea. Miguelekin bateraseme-alabetako bik ere parte hartzen dute proiektuan: Miguel Canalejo Lasartek, arduradun tekniko moduan, eta Irene Canalejo Lasartek, marketinean eta lan komertzialetan.

Igor Crespo da upategiko enologoa eta mahastietako arduradun nagusia, eta entzute handiko Ignacio de Miguel enologoaren aholkupean egiten dute lan upategian zein mahastietan.

2006ko irailean inauguratu zuten upategia, Pago de Larrainzar 2004, upategiaren lehen ardoa, merkaturatzearekin batera.

Mahastia da, inongo zalantzarik gabe, Pago de Larrainzarren arima eta oinarria. Tempranilloa, merlot, cabernet sauvignon eta garnatxa dira lantzen dituzten mahatsak, den-denak beltzak. Klon eta txerto-euskarri desberdinekin egiten dute lan, hamahiru hektareatan zehar, harriz, errekarriz, buztinez eta hareaz osatutako lurretan.

Mahastizaintza aurrerakoiena lantzen dute, lurra errespetatuz eta zainduz, baina teknologiari ere muzin egin gabe. Mahats-bilketa eskuz egiten da, kutxa txikietan, mordoz mordoko aukeraketa eginez. Gero, upategian, bigarren aukeraketa egiten dute, mahatsa baldintzarik onenetan dagoela bermatzeko. Esan daiteke, beraz, errendimendu kontrolatuaren bidez mahats gutxi batzuk baino ez direla Pago de Larrainzar egiteko erabiliko.

Bost ardo beltz eta gorri bat egiten dituzte. Beltzetatik hirutan mahats mota desberdinak nahasten dituzte, eta beste biak barietate bakarrekoak dira. Bikainak, dotoreak, erakargarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.