Musika. Rosalía 'Los Angeles'

Flamenkoaren adarretatik

Diskoetxea: Universal Music.

2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ez naiz flamenko zalea. Hori pentsatu izan dut betidanik behintzat. Baina azken boladan komunikabideetan, sarean eta musikazaleen ahotan horrenbeste azaldu den Rosalía izenak kuriositatea piztu dit, eta zerekin aurkituko nintzen oso ongi jakin gabe entzutera animatu naiz azkenean. Eta hara! Baita erdi engantxatu ere!

Los Angeles, hamabi abestiz osatutako diskoa argitaratu du, artxiboetan bila aritu eta aurkitutako heriotzaren inguruko hamaika abesti tradizional eta Johnny Cashek bere garaian bertsionatu zuen Bonnie Prince Billy-ren I See A Darkness-en berbertsio batekin amaituz. Rosaliak bere ahots gozo bezain garratzarekin laztantzea eta kolpatzea lortzen du disko osoan zehar, momentu batetik bestera, flamenkoan horren berezkoa den erregistroa erabiliz. Ahots-tinbre oso potentea izanik, xuxurlak eta oihuak primeran kontrolatzen ditu, une bakoitza berezia eginez. Hala ere, bada zera bat, flamenkotik harago doana, purutik aldendu eta gaur egungoagoa dirudi eta. Horren errurik handiena, ziurrenik, Raul Fernandez Refree-rena da —Silvia Perez Cruz ezagutaraztera eman zen garaian hark ere bidelagun izan zuena—, disko hau sortzeko ideia nagusitik hasi, eta produkzio lanetaraino, gitarra flamenkoa punk ukitu batekin nahasteko ahalmen izugarritik pasatuz. Horrela, oso ongi jakin izan dute betiko flamenko klasiko hori oinarritzat hartuz eta doinu berriagoekin uztartuz publiko zabalago batera iristen. Rosaliak eta Raulek oso ongi ulertzen dute elkar, musika modu berean ikusten eta sentitzen dute, eta hori segituan nabari dezakegu, bien arteko konplizitatea segunduro sentitu baitaiteke bozgorailuetatik.

Ez dira odolekoak, ez dira ijitoak, batzuen ustetan. Horrek ere zeresana eman du, kataluniarrak izanik beraiena ez den estilo bat jorratu eta publikoak horrenbeste goraipatzeak hautsak errotu ditu leku batzuetan. Hala ere, aipatzekoa da Rosaliak etxetik ez jasoagatik, kanta flamenkoaren interpretazioan lizentzia du, beraz, ongi baino hobeto ezagutzen du musika mota. Hori bera, batzuentzat kontrako puntu bat dena, beste batzuentzat, aldiz, aldekoa da, kataluniarra izanik eta etxean inoiz horrelakorik jaso gabe nola irits litekeen flamenkoaren promesarik handiena izatera estatu mailan gaur egun. Jakin dute elkarlanean aritzen, elkarri zukua ateratzen eta flamenkoan ez ezik beste estilo gogorrago batzuk arakatzen, horietako tanta batzuekin Los Angeles diskoa bustitzeko. Horrela, jakin dute asmatzen, denbora gutxian estatuko txoko guztietara iritsiz, flamenko zaleak aho zabalik utziz, eta flamenko zaleak ez garenak estilo honetara gerturaraziz. Lehen diskoa da honakoa, propioak ez diren abestiz betea, gitarra eta ahots erregistroa batzuetan beste estilo batzuetara aldentzen dena... Baina publikoak eta kritikak gurtzen badu, zerbaitegatik izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.