Sanferminak Iruñean

Azkarra eta arriskutsua izan da

Jende asko bildu da aurtengo lehenbiziko entzierroan. Puerto de San Lorenzo ganadutegiko zezenek lagun bat adarkatu dute. Arriskutsua izan da, bi zezenek taldetik bakartuta egin baitute ibilbide guztia

Azkarra eta arriskutsua izan da.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ikusgarria izan zen sanferminetako lehenbiziko entzierroa. Bigarrenez parte hartu zuten atzo Puerto de San Lorenzoko (Salamanca, Espainia) ganadutegiko zezenek Iruñeko entzierroan, eta, iaz bezala, korrikaldi azkarra eta zirraragarria egin zuten; baina ondorio larri askorik ez zen izan. Bi zezen taldetik banatuta geratu ziren ibilbidearen lehenengo metroetan, eta izua piztu zuten. Hala ere, ez zuten entzierroa atzeratu: bi minutu eta 37 segundo iraun zuen. Hasieran, laguntza zerbitzuek jakinarazi zuten bi adarkatu egon zirela, baina bakarra zela baieztatu zuten ondoren. Orotara, Gurutze Gorriak 63 lagun artatu zituen, gehienak sendaketa beharragatik, eta bost pertsona ospitalera eraman zituzten.

Sanferminetako asteburuetan gertatu ohi den moduan, goizean goiz jendetza bildu zen entzierroaren ibilbidearen 875 metroetan, eta, aurtengo lehenengoa izanik, urduritasuna nabaria zen korrikalarien aurpegian. Goizeko zazpietan egondako ekaitzarengatik zorua bustirik zegoen, eta horrek arriskua gehitu zion entzierroari.

Erlojuak zortziak jo zituenean, suziriak hasiera eman zion lasterketari. San Domingoko aldapa hasieran dauden ukuiluetako atetik joaldunak atera ziren, eta haien atzetik, sei zezen beltzak. Aldaparen lehen metroak elkarrekin egin zituzten zezenek eta joaldunek, kalearen ezkerraldetik, baina ondoren taldea zabaltzen hasi zen.

Lasterketa uniformeak egiteagatik dira ezagunak Salamancako (Espainia) zezen horiek, baina atzo ez zioten fama horri eutsi: bi zezen atzean geratu ziren berehala, eta beldurra sortu zuten korrikalarien artean. Tarte horretan izan zen entzierroko adarkada bakarra. Zauritua Sarrigureneko (Nafarroa) 38 urteko gizon bat da. Hala ere, metro batzuk aurrerago beste ezbehar bat gertatu zen, eta Kanadako gazte bat zauritu zen. San Domingoko aldapan, korrikalariek lasterketa polit eta lasaiak egiteko aukera izan zuten.

Bitartean, entzierroaren buru zebiltzan joaldunek eta zezenek Udaletxe plaza gurutzatu zuten, bakartutako bi zezenak atzetik zituztela. Jende ugari bildu zen Mercaderes kalean, eta hainbat lagun lurrera erori ziren Estafetara sartzeko bihurgunearen eskuineko aldean; pilaketa txiki bat sortu zen. Zezenek, berriz, ezkerreko aldetik igaro zuten tarte hori, eta bik estropezu egin zuten, baina azkar altxatu ziren.

Bata bestearen atzean heldu ziren Puerto de San Lorenzoko zezenak ibilbideko kalerik luzeenera: Estafetara. Kalean aurrera egin ahala, animaliak abiadura hartuz joan ziren, bi zezen beltzek taldetik banatuta jarraitzen zutela. Lasterkariak animalien adarretara hurbiltzen saiatzen ziren, eta korrikaldi politak egiteko aukera izan zuten. Une ikusgarriak eskaini zizkieten balkoietatik begira zeudenei.

Guztiz banatuta heldu zen taldea Telefonicako zatira. Korrikalariek korrikaldi ederrak egin zituzten berriro ere, eta ongi hartu zuten bihurgunea. Bakartutako zezenek maiz atzera egiten dute Estafetan edo Telefonican, baina atzo aurrera jarraitu zuten, aparteko arazorik sortu gabe.

Zezen plazaraino heltzen den kailejoian jende asko zegoenez, korrikalari batzuek estropezu egin zuten, eta pilaketa txiki bat sortu zen. Bi minutu eta bost segundoren ostean, lehenengo zezenak plazan sartzen hasi ziren. Gainontzekoak pixkanaka heldu ziren, baina azkar, eta, kronometroak bi minutu eta 37 segundo markatzen zuenerako, zezen guztiak ukuiluan zeuden. Iaz ere, ganadutegi horren entzierroa azkarra eta garbia izan zen, zezen bat aurreratu zen arren. Atzo arratsaldean Francisco Jose Ureñak, Roman Colladok eta Jose Manuel Garridok toreatu zituzten zezen horiek.

Gaurkoa, oso arriskutsua

Gaurko entzierroan, berriz, Jose Escolar (Avila, Espainia) ganadutegiko zezenek parte hartuko dute, laugarren aldiz. Ikusmin handia dago; izan ere, aurreko hiru urteetan ganadutegi horretako zezenetako batek buelta eman du ukuiluetatik atera bezain laster. Iaz bi lagun adarkatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.