Gabezia. 'Bilanx'

Ertzen arteko oreka

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Autoekoizpena.

Poligrafoari begira gaudela, hedabideen itzaletan geratuko dira musika argitalpen asko. Durangoko Azokaren betekadak digestioa asko zailtzen du, eta, noski, plazara ez bazara aurkezten, ez zara existitzen. Azaro bukaeran, Lasarte-Oriako Gabezia taldeak Bilanx lehendabiziko diskoa kaleratu zuen. Argitalpen multzotik nabarmentzeko arrazoiak ditu. Atabismoa kantuaren bideoklipa atera zutenean, jokoz kanpo geratu ginen bat baino gehiago. Diskoak sentsazioa berresten du. Lehen entzunaldiak bigarrena eskatzen du, eta denbora da eskaini nahi diozuna. Ezberdina den zerbait dauka: freskotasuna.

90eko hamarkada erditik aurrera metal alternatibo amerikarra munduratu zenean, bazter guztiak jo zituen. Euskal Herrian, Pi.L.T, Jousilouli, Ekon, Eraso! eta Berri Txarrak taldeek hartu zuten testigua. Euskaraz metal musika gaurkotu zitekeela erakutsi eta harrera ona izan zuten. Baina belaunaldi hartatik bakar batek bete ditu bi hamarkada. Gazte hasi ziren, Gabezia gipuzkoarrak bezala. Duela bi urte taldea sortu zutenetik Gizakia etsai lan laburra atera eta estreinako diskoarekin ausartu dira. Metal alternatiboak izandako eboluzioa gertutik segitu dute, baina entzundakoari buelta bat ematen saiatu dira. Batzuek hasitako bideari segida berri bat ematera datoz.

Jorge Oteizarenak dira aurreneko hitzak. Iparmendebaldeko Jainkoa sarrera epikoak jasotzen ditu bere esanak. Poesia du hizpide, hitzen garrantzia. Mezu hori ondo barneratu du laukoteak. Metal doinu indartsuen ertzak letra gordin eta ilunekin higatzen dituzte. Julenen gitarrak jartzen du oreka. Riff pertsonal bezain aldakorrek gidatzen dute diskoa. Esaterako, pasarte, erritmo aldaketa eta mezu interesgarriak topatuko ditugu Aszeta gorena kantuan: «Eguzkia atera zen, ilargia atera zen. Zenbat denbora behar du egiak argia ikusteko?». Lasaiagoak dira, ustez, Kitea Takite eta Maitasun kontuak. «Urritasun sentimentala, itxuraren funda mentala, garai honen eritasuna: gabezia». Davidek agerian uzten du bere ahots erregistro zabala. Urratua, melodikoa zein tartekoa. Groove kutsu gehiago eta soinu potoloa dute Bidaiari iluna eta Kondena bikoitza kantuek. Metalcore fenomenoarekin ere bat egiten dute (Ideien trafikoa), eta post-hardcoreak ere badu lekua (Trantsizioari ipuina).

Pozgarria da horrelako ezustekoekin topo egitea. Metal hitzak koxka bat beherago kokatzen zaituen garaian, apustu berritzailea egin du Gabezia talde gazteak. Zuzenekoetan behar bezala defendatzeko aukera badute, bidea egiten has daitezke. Bitxikeria gisa aurrera daiteke kontzertuetan Bob Esponja marrazki bizidunen abestiaren bertsio moduko bat egiten dutela. Gainerakoan, serio hartzeko modukoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.