Musika. Judas Priest 'Firepower'

Iratzargailua

Diskoetxea: Sony.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Esnatzeko garaia da. Iraganeko nostalgiatik, disko klasikoen artetik eta tabernatik ateratzeko unea. Judas Priest heavy metal talde beteranoak Firepower —hemeretzigarren diskoa— argitaratu du. Birmingham hirikoek jarraitzaile zahar eta berriak erakartzeko formula topatu dute. Aldi berean, nabarmen gainditu dute azken lanetako maila irregularra, heavy klasikoaren esentzia azpimarratuz.

1970eko hamarkadatik iraun dutenen artean daude. Maiz esan ohi da beteranoak erretiratzen ez diren bitartean ez dela belaunaldi aldaketarik izango. Ingalaterrako bandak agurra gertu duela pentsa daiteke, eta erabaki hori hartzeko jarrera ere erakutsi dute hainbatetan. Disko berria azkena bada, harro egoteko arrazoiak izango dituzte. Izan ere, 1990ean atera zuten Painkiller lan bikainaz geroztik, argitaratu duten onena da hau.

Sormena, ekoizpena eta irudia behar bezala zaindu dituzte. Firepower diskoko hamalau abestiek gordetzen dute Judas Priesten izaera. Baliteke kantu gehiegi izatea, arruntenak sobera ez dauden arren. Lightning Strike aurrerapen abestiak salto batean jarri zituen zaleak, eta ezkorrak ere suspertu zituen. Horrelako kantu biribil asko ditu diskoak. Bizkor eta indartsuenen artean daude Firepower bera, Necromancer, Rising From Ruins eta Traitors Gate. Hard rock kutsukoak eta pausatuagoak dira Never the Heroes, Spectre eta No Surrender. Garai bateko indarra berreskuratu dute, zalantzarik gabe.

Gitarren lanketa aparta egin dute Glenn Tipton zaharrak eta Richie Faulkner gazteak. Riff eta solo sorta ederra topa daiteke abesti guztietan. Gitarra gaztearen ekarpena bereziki nabari da. Tiptonen konpromisoa ere miresgarria da. Parkinson gaitzari aurre eginez aritu da lanean estudioan. Tamalez, kontzertu biran ez du parte hartuko, eta Andy Sneap ekoizle zein gitarrak ordezkatuko du. Hain zuzen, hura arduratu da lanaren ekoizpenaz, eta lortu duen soinua aparta da; klasikoa bezain modernoa.

Rob Halford aitonak aipamen berezia merezi du. Ahots erregistro zabalari eutsi dio Metal God jaunak disko osoan. Adinaren zama ahaztu gabe, heavy metalaren abeslari zein errezitatzaile onenetakoa dela berretsi du. Beste kontu bat da zuzenean nola moldatuko den. Faulkner, Sneap, Ian Hill baxua eta Scott Travis bateria izango ditu alboan. Azken biek ere urteen zamari aurre egingo diote.

Sugarra itzaltzeko urrun dagoela dirudi, eta hurrengo hilabeteetan piztuta mantentzen ahaleginduko dira. Udako heavy metal jaialdi hainbatetan kartelburu izango dira, kontzertu bira luze bat egitearekin batera. Boskoteak orduan erakutsiko du disko onari zuzenekoetan ematen dion jarraipena. Zale klasiko eta berriak emanaldi horien zain daude. Hobe lukete ere beste talde batzuei kasu egin eta belaunaldi aldaketa erraztea.

Ekainaren 28an, Euskal Herrian izango ditugu. Hasiera batean, bakarrik ariko dira Barakaldoko Cubec aretoan. Kontzertu aproposa izango da azken laneko kantuek, klasikoek eta taldeak zuzenean duten osasuna neurtzeko. Seguru ona izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.