Musika. Kiwis 'Kiwis'

Bainujantzian eginiko barbakoak

Argitalpena: Autoekoizpena.

2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Zeelanda Berriko pop taldeekiko erakutsi ohi dudan grina ezagututa,Oso Fan egitasmoaren buru Giorgio Bassmattik Kiwis katalanen bandcamp webgunearen esteka pasatu zidan Facebook bidez. Eta nire harridurarako, biziki gozatu dut grabazioarekin, ez bainuen egitasmoaren berri, nahiz eta taldekide batzuk ibilbide nabarmenak egindakoak izan. Zeelanda Berriko ageriko obsesioari jarraiki, taldearen izenak herrialde horretako txoritxo espezie xelebreari erreparatzen dio, eta bost kantuko grabazio hau, kasetean argitaratua, bandaren estreinako lana da.

Kiwis eratu duten taldekideen artean, Jordi Garrigos kultur kazetari eta musikaria dago —gero jakin dut inoiz egunkari honetan idatzi izan duela—, besteak beste, Veracruz, Celula Durmiente eta Las Dolores-en aritutakoa. Garrigosek, halaber, Ines Martinez donostiarrarekin eta Marta Milletekin jo zuen Parlament taldean, eta proiektu hori desagertzean, Kiwis abiatu zuten Marc Andreuren laguntzaz (Halcon, Senderos, Veracruz). Alegia, talde bat baino gehiago, familia bat da Kiwis, eta musikarien arteko gertutasun hori baliatuta, familia giroan grabatu zituzten kantuok, taldekide baten gurasoen etxean, hain justu: «Haurrak, txakurrak, barbakoak, igerilekuan bainuak hartzen, inolako presiorik gabe. Bainujantzian grabatu genuen». Gero, Joan Colomo ekoizle ospetsuak bere lana egin zuen estudioan, zeinek, taldekideen aburuz , berezko argitasuna duten «konponketa magikoak» aurkitu zituen. Colomok koruak eta teklatuak ere sartu ditu.

Hartara, udako giro epel eta lagunartekotik atera diren kantuok, euskarri analogikoan bilduak, pop eskultura hauskorrak dira. Bost doinu, katalanez eta gaztelaniaz abestuak, Flying Nun diskoetxearen ondarean bustiak, The Chills, The Bats, Verlaines, Look Blue Go Purple, baina baita Donostia Sound etiketan blaituak ere. Hala, Marcek abesten dituen kantuek kutsu anglosaxoi nabarmena dute, The Feelies taldearen nerbioa antzematen da, baina baita Comet Gainen estetika eta The Pastelsen goxotasuna ere. Inesek kantatzen dituenak, berriz, ye-ye giroekin lotu daitezke, eta, besteak beste, Aventuras de Kirlian donostiarren oihartzunak haizatzen dituzte.

Hitzen harira, testuak kostunbristak dira, egunerokotasuneko egoeren inguruan harilkatzen direnak; esaterako, El far kantuan lau lagunek hondartzan amaitzen dute bainua hartzen, parranda gau bat igaro ostean. Amodiori eta adiskidetasunari abesten dion doinua da, «nostalgia askorik gabe». El Camino, bestalde, goizaldeko ordu txikietan etxerako bidea hartzeaz ari da, eta Volcán, azkenik, amatasunaren inguruan ardazten da.

Elementu horiekin guztiekin pop oinarridun lan zoragarria egin dute katalanek, askea eta berezkoa, entzulea hasiera-hasieratik harrapatzen duena, melodiak, gitarrak, eguzkia, hondartza, terrazak, eguzkitako betaurrekoak eta txankletak maite izanez gero. Bestela, hobe duzu grabazio txiki baina eder honetara ez hurbiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.