Osasuna. Depakine botika

«Beste aldera begira ari dira»

Depakine botika hartu duten hainbat andrek kexu jarraitzen dute administrazioaren jokabidearekin. Osakidetza, ematen ari den hainbat erantzunetan, zalantzan jartzen ari da botikaren eragin gaiztoak

Depakine botika, atzean haren prospektua duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Berriki hedabideen eta Interneten bidez izan dute andrazko askok urte askotan hartu izan duten botika batek fetuetan eragiten dituen ondorio gaiztoen berri. Sendagaia azido balproikoa da; Depakine du izen komertziala, etaepilepsiaren aurka erabiltzen da, baita nahasmendu bipolarrak tratatzeko ere. Igaro hamarraldietan ezagunak egin dira haren zenbait eragin txar —hainbat ikerketaren arabera, umeen %40k arazoak dituzte garapenean; %10ek, malformazioak—, baina osasun sisteman sarri naro errezetatu da. Albisteen berri izan dutenetik, beren seme-alabek dituzten hainbat osasun arazo botikarekin lotzen hasi dira emakume asko. Orain dela hilabete batzuk hasi zen Euskal Herrian horien boza ozentzen: hainbat emakumek —ez dute benetako izenik eman nahi— salatu zuten Osakidetzara jo zutela auziari buruz galdezka, eta ematen ari zitzaien artak ez zituela asetzen. Hori bera esaten dute orain ere: arranguraz. «Beste alde batera begira ari dira», salatu du Pilik.

Gipuzkoakoa da, bi semeren ama; batek pankreako arazo bat du, sortzetikoa. Salatu du Osakidetza ez dela haiekin harremanetan jarri jazotakoaz eta horren ondorioez aritzeko; soilik pazienteen artarako zerbitzuan jarri dituzten kexei emandako erantzunen bidez lortu dute osasun sistemak gaia hizpide hartzea. Egunotan, hain justu, erantzun gutunak jasotzen ari dira. Horietako asko, mamian, tankera berekoak dira: argudiatu diete ez dagoela aski froga haien seme-alaben osasun arazoak Depakinerekin lotzeko. Kontsultetan, medikuak, antzera.

Hara, esaterako, nola solastatu zaizkion Itziarri. Gipuzkoako andre bat da, neska kozkorretatik botika hartzen ari dena. «Depakine ez litzateke arrazoi bakarra izango, ezta garrantzitsuena ere», jartzen du eskutitzean. Hitz horiekin arrazoitu diote haren semeak dituen portaera arazoetan botikak eragin arina baino ez duela izan; motibo nagusia umea «garaia baino lehen» jaio izana dela esan diote. Elsa Bilbokoa da. Botika txikia zenetik hartzen du berak ere. 5 urteko alaba bat du: adimen atzeratasun arina du. «Denean ibili da beti mugan; 18 hilabeterekin hasi zen ibiltzen. Kosta egiten zaio gauzak ulertzea: beste era batean ulertzen ditu», azaldu du. Neurologoari bere kezken berri eman, eta ukatu egin zizkion. «Zera esan zidan: 'Ez da tuntuna, ezta?'. Alabari gertatzen zaizkion gauza denak ez dira Depakineren ondorio». Halako erantzun gehiagoren berri badutela onartu du Pilik: «Gainera, beren hitzen bidez, medikuek sentiarazten digute esajeratuak garela: gezurtiak».

Murtziara joan behar dute

Erantzun horiez gain, Osakidetzari egin dizkioten eskakizunen bidez lortu dute egun Espainiako osasun sisteman Depakinek eragindako osasun arazoak atzematen ari den mediku bakarrarekin kontsulta bat egin ahal izatea. Murtziako sendagile bat da, Espainiakoa; haraino joan behar dute; beren kabuz egin behar izan dute harekin biltzeko eskabidea; eta gastu guztiak ere beren gain hartu behar izan dituzte, printzipioz. Han jasotzen ari diren lehen erantzunen arabera, haurren osasun arazoen eta botikaren arteko lotura egiten ari da medikua. «Azken erantzuna falta zait, baina Murtzian azterketak egiten ari den medikuak esan dit umearen arazoak Depakineren ondorio direla seguruenera», azaldu du Itziarrek. Paper bat du, hain justu, osagile hark izenpetutakoa; argi dio umearen arazoak «bateragarriak» direla balproatoaren ondoriozko «enbriopatiarekin».

Osasun sistemaren isiltasunak mintzen ditu, bereziki. Elsa: «Inork ez dit esan: 'Depakine hartzen aritu zara; hau jakin behar duzu'». Ezin du onartu: «Ez da erraza, baina uler dezaket, hein batean, horrelako zerbait gertatzea; baina orain, hau jakinda, nola ez dira hasi igaro hogei urteotan Depakine hartu dugun guztioi deika? Ez al dute sistema informatiko bat gure historia kliniko guztiekin?».

Kanpaina bat Nafarroan

Susmoa dute, gainera, oraindik botika errezetatzen dela behar adinako zorroztasunik gabe. 2014an, Europako sendagaien kontrolerako erakundeek abisatuta, botikaren arriskuen gaineko ohartarazpenak egiten hasi zenEspainian botiken kudeaketaz arduratzen den AEMPS erakundea. Aldatu egin zuten orduan botikaren prospektua; baina artatzen zituzten medikuek deus ere ez zieten esan andre hauei, eta mesfidantza handia dute horren ondorioz. Izan ere, argi geratu da informazio hori ez zela zabaldu behar bezala; badira horren berri ematen duten agiriak ere, baina inork ez die akatsik onartu. Osakidetzak orain esan du haurrak izateko adinean dauden eta Depakine hartzen ari diren andrazkoak kontrolpean dituela eta informatuko dituela. Emakumeok jasotzen ari diren lekukotasunen arabera, ordea, osasun sistemaren kontrola ez da hain zorrotza. Nafarroan ere bada kezka; hilabete honetan bertan kanpaina bat abiatu du Osasun Departamentuak farmazialarien kolegioarekin botika hori era «seguruan» bakarrik emateko: Zero akats.

Andreek informazioa nahi dute etorkizuneko belaunaldiei begira ere; hainbat ikerketak erakutsi dute botikaren eragina paira dezaketela andrazko horien seme-alaben umeek ere: bilobek. Ezinegona eragiten die horrek, eta argibideak nahi dituzte. Horregatik ere altxatu dute boza. Pili: «Nire obligazio morala da informazio hori lortzea nire semeentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.