ANALISIA

Ehun boto EH Bildurentzat

xabier martin
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kanpainaren musikan nork igorri monotonia hautsiko duen nota. Lehiaketa horretan ere badabiltza alderdiak egunotan, eta ohiko doinutik ateratzeko trebezian eskola magistralak ematen ari da EAJko presidente Andoni Ortuzar. PPren Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijoori leporatu dio EH Bilduren «propaganda eta publizitate buru onena» izatea: «Ahoa irekitzen duen bakoitzean» koalizio horrek «ehun boto» irabazten dituela ziurtatu du.

Udal eta foru hauteskundeetan EH Bilduk izan duen hazkundea eten ez delako kezka aditzera ematen ari da Ortuzar, eta PPri eskatzen ez egiteko PPren gauzak; hau da, euskal kulturaren eta subiranotasunaren aurkako mehatxuetan ez joateko Vox bezain urrun. Ortuzarrek uste du probokazio horiek EH Bilduren boto emaileen kopurua handitzen dutela.

Boto transferentziak

Maiatzeko hauteskundeetan EAJk izandako jaitsiera handia abstentzioarekin lotu du alderdiaren zuzendaritzak. Gizarteratu duen diagnosiaren arabera, «higadura» bat pairatu du, «pandemiaren kudeaketa» tarteko, eta horrek galarazi ditu jeltzaleen eta PSE-EEren bikoaren gehiengo absolutuak leku askotan. Batera edo bestera, ez du aintzat hartu aldagai garrantzitsu gisa EAJtik EH Bildurenganako botoen transferentzia, balego txikia delakoan. EITB Focusen azken makroinkestak islatu du, ordea, %7 artekoa izan daitekeela boto transferentzia hori.

Eta abisu argi bat eman du Ortuzarrek: «Euskal Herriaren askatasunarentzat abiadura oso arriskutsuan» hazten ari da EH Bildu. Euskal Herriaren askatasuna, EH Bildu eta «arriskua» nahastu ditu esaldi berean, Feijoori leporatu ondoren ahoa zabaltzen duen aldiro ehun boto berri eramaten dituela koalizioaren kutxara.

Kanpainaren musikan nota altuenak lortzea da helburuetako bat alderdientzat, ustez nota horiek igortzen dituenaren alde jokatuko dutelako, baina hori ez dago jakiterik hautetsontziak ireki arte. «Autogobernuaren aurka aritu dira jo eta ke 40 urtez», osatu du Ortuzarrek EH Bilduri egindako kritika, ezkutatu gabe lehiakide nagusitzat duela aspaldian.

«Aritu» baldin badira, ordea, dagoeneko ez direla aritzen ondoriozta dezake Ortuzarren edozein entzulek. Botoa erabakitzeke duen hauteslea eraman dezake pentsatzera autogobernuaren defentsan beste eragile bat dagoela orain, eta EAJk lehiakide zuzena duela alor horretan. Aitor Esteban Kongresurako EAJko Bizkaiko zerrendaburuak ere lagundu du uste horretara eramaten boto emailea: «Harrigarria da Bilduk esatea Nafarroarentzat trafikoaren eskuduntza lortu duela: guk negoziatu genuen inbestidura itunean, eta Andoni Ortuzarrek eta Pedro Sanchezek sinatu zuten».

Transferentzien dominak banatzeko egurra dagoela orain. Hain argi islatzea, hain nota altuekin, onuragarria ote da EAJrentzat? Erantzuna hautetsontziek izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.