AEBetako senatariek armen araudia gogortzea adostu dute

Errepublikanoek eta demokratek erdietsi duten akordioarekin bide emango diote Ordezkarien Ganberan hitzartutakoari. Bidenek eskatu du testua «lehenbailehen» sartzeko indarrean

Kaliforniako arma denda batean, dendaria bezeroari errebolber bat erakusten. GUILLERMO AZABAL / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
AEBetako hamar senatari errepublikanok eta beste hainbeste demokratak akordio bat erdietsi dute herrialdeko armen araudia gogortzeko asmoz, eta, beraz, litekeena da akordio horren eraginez armen araudia gogortuko duen lege proiektua onartzea AEBetako Senatuan. Herenegun erdietsizuten akordioa senatariek, eta horretan biltzen dira, besteak beste, 21 urte baino gutxiago dituztenen aurrekari penalen kontsulta zabaltzea, Poliziak eta familiek aukera izatea arriskutsuak izan daitezkeen pertsonen armak edukitzeko eskubidea mugatzeko, eta ikastetxeetako segurtasun neurriak handitzea.

Akordio horrek joan den astean AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu zuen lege proiektuak aurrera egitea du helburu. Izan ere, Senatuan, demokratek eta errepublikanoek 50 ordezkari dituzte bakoitzak, eta 60 boto behar dira legeari oniritzia emateko.

Lege proiektu horrek estatuentzako finantzaketa emango luke Bandera gorria legeak ezartzeko.Horrez gain, aukera ematen du arriskutsuak izan daitezkeen pertsonei armak mugatzeko, baita aldi baterako armak konfiskatzeko ere. Neurri horiek jada indarrean daude Kaliforniako, New Yorkeko eta Floridako estatuetan, besteak beste. Horrez gain, legeak finantzaketa emango luke osasun mentaleko baliabideetarako eta ikastetxeetan segurtasuna eta osasun mentaleko zerbitzuak indartzeko.

Legeak berritasun bat du

Errepublikanoek eta demokratek onduko duten zirriborroak berritasun bat ekarriko du: genero indarkeriagatik kondenatuak izan direnei armak edukitzea debekatuko zaie; ez soilik ezkontide direnean, baita bikote ezkongabea direnean ere. Akordioan adostu dute tratu txarrak eman izanagatik kondenatutakoak eta urruntze aginduak dituztenak zigor aurrekarien egiaztapenetan sartuko direla, egoera zibila alde batera utzita.

Legearen bitartez, armen araudia gogortzeko pausoak eman diren arren, AEBetako presidente Joe Bidenek eta armen kontrolaren aldeko zenbait taldek babestu zituzten hainbat neurri baztertu ditu akordioak. Adibidez, eraso fusilen eta edukiera handiko kargagailuen salmenta debekatzea, eta arma erdiautomatikoak erosteko gutxieneko adina 18 urtetik 21 urtera igotzea.

Senatariek erdietsitako akordioaren inguruan, Bidenek ohar baten bitartez adierazi zuen testuak «urrats garrantzitsuak» islatzen dituela «norabide egokian», eta AEBetako Senatuari eskatu zion armen segurtasuna bermatuko duen lege proiektua «lehenbailehen» jartzeko indarrean, «bizitzak salbatzeko neurriak ahalik eta azkarren ezartzeko». Horrez gain, nabarmendu zuen legea indarrean sartuko balitz Kongresuak hainbat hamarkadatan arma segurtasunari buruz onartutako legedirik garrantzitsuena izango litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.