Oroimenean gordetzeko beste partida ikusgarri bat

Laso-Imazek bosgarren puntua lortu dute, Jaka-Mariezkurrena II.a 22-21 mendean hartuta, Astelenan. Laso erabakigarria izan da

Laso, sakatzear, atzean Imaz haren bikotea, Jaka eta Mariezkurrena II.a direla, atzo, Astelenan. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Urteberri eta Eguberri egunetan Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan jokatutako binakako bi partidak ikusgarriak izan baziren, zer esanik ez atzo Errege egunean izandakoa. Laso-Imaz eta Jaka-Mariezkurrena II.a bikoteek sekulako erakustaldia eman zuten, pilotazaleen gozagarrirako. Garaipena, ordea, batek dastatu behar. Laso-Imazek patrikaratu zuten puntua, Jaka-Mariezkurrena II.ari 22-21 irabazita, bigarren itzuliko lehen neurketan.

Mariezkurrena II.a eskuin eskuko arazoak alde batera utzita, praka zuriak jantzi eta Jaka haren bikoteari laguntzeko prest zen. Hasi, behintzat, ez zen ongi hasi, ezta Jaka ere. Gorrien hutsen eta Lasoren erremateen ondotik, urdinak 6-1 jarri ziren aurretik, Jakak eta Mariezkurrena II.ak lehen etena eskatzeraino.

Harik eta Berriozarreko piztia esnatu zen arte. Pilota eskuin eskutik erraz eta bizi ateratzen hasi zitzaion. Errebotera nahiz zabalera bidalitako pilotekin eta Jakaren zorroztasunari esker, lau kintze segidan eginda markagailuan zortzina berdintzea lortu zuten. Baina ezin aurkariei aurrea hartu. Laso eta Imaz ez zeuden opariak egiteko. Demaren lema hartuta eta pilotari gatza eta piperra emanda, hanka egin zieten: 14-9.

Urdinak partida haustear zirela, eta Jaka-Mariezkurrena II.ak ez zuten soka eteterik nahi. Orduan hasi zen lizartzarren joaldia. Defentsan sendo eta erasoan eraginkor arituta, 18na berdindu zuten. Gorriak gozoaldian ziren, baina Laso-Imaz ez ziren gutxiago. Nafarrak bi tanto erreskadan eginda 19-21 aurreratu ziren. Aurkariek, ordea, ez zuten azken hitza esan. Mariezkurrenak egindako horma-bikoarekin eta Imazen hutsarekin 21na heldu ziren. Harik eta Lasok horma-biko bikaina eginda, 22. tantora heldu ziren arte.

Ados Pilotako txapelketa

Eusko Label Binakako Txapelketako bi partida jokatuko dira gaur (18:30), Leitzan (Nafarroa). Lehen mailakoan, Zelaia-Lopez eta Iantzi-Etxenike ariko dira; promoziokoan, Rodrigez-Mondragon II.a eta Mondragon-Zaldain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.