Cristian Portugues 'Portu'. Realeko jokalaria

«Oraindik ez dugu ezer egin. Helburuak lortzeko, lanean segi behar dugu»

Portuk uste du Reala ondo ari dela, eta baikor da bihar Valentziaren aurka jokatuko duen neurketari begira. Halere, uste du bisitarien ahala handia dela, eta tentuz aritu beharra azpimarratu du. Gustura dago Donostian egiten ari den lehen sasoiarekin.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Asteazken eguerdia da Zubietan, eta elkarrizketaren ostean bazkaltzera joateko asmoa duela esan du Cristian Portugues PortuRealeko jokalariak: «Dagoeneko egina zait gose pixka bat». Aurrelari espainiarrak lehen sasoia du Donostian, baina gustura ari da. Taldeari gauzak «ondo» doazkiola azpimarratu du, eta multzoan aurkitutakoarekin ere gustura dago: «Oso ondo hartu naute guztiek». Astea Valentziaren aurkako neurketari so igaro dute txuri-urdinek, baina bera ez da ariko. Zigortuta dago.

Joan zen igandean Eibarren aurka jokatzekoak zineten, baina atzeratu egin zuten. Arindu zaizue azken partidek gehitutako zama?

Bai. Egia da gure esku ez zegoen kontu batengatik atzeratu zela, eta zeresan txikia genuen guk hor. Halere, partidarik ez jokatzeak atseden apur bat hartzea ahalbidetu digu. Segidan partida asko jokatzetik gentozen, eta ondo etorri zaigu alde horretatik. Ligakoeta Kopako neurketak kontuan hartuta, aste asko generamatzan sarri-sarri jokatzen.

Zuek ez zenuten jokatu, baina ligako aurkari zuzenen emaitzek mesede egin zizueten. Txapeldunen Ligatik bi puntura zaudete, partida bat gutxiago jokatuta ere.

Hala da. Beste emaitzengatik izan da hori, eta lehia horretan segitzen dugu. Urte ona egiten ari gara, eta goiko postuetatik gertu gaude. Datozen asteak garrantzitsuak izango dira etorkizunera begira.

Asteburu honetan, zuenaz gain, goiko postuetan dauden zenbait talde ariko dira elkarren aurka. Nola ikusten duzu hori?

Hala da. Egutegia hala suertatu da, eta, guk Valentziaren aurka jokatzeaz gain, zenbait neurketatan aurkari zuzenak elkarren aurka ariko dira. Horrek eragina izan dezake sailkapenean, eta ea gure aldera erortzen den, baina guk gure partidan kontzentratu behar dugu. Horixe da guk egin dezakegun gauza bakarra, eta horretan saiatuko gara.

Halere, zu ez zara ariko Valentziaren aurkako neurketan. Zigortuta zaude. Penatuta zaude?

Bai. Berez, joan zen jardunaldian bete behar nuen zigorra [bost txartel hori ditu], Eibarren aurkakoan, baina partida atzeratu izanak aste honetan eragingo du. Ez dago nire esku, lege batek hala dio, eta onartu egin behar da. Futbolariok beti jokatu nahi izaten dugu, noski, baina oraingoan harmailetatik ahalik eta gehiena bultzatu beharko dut taldea.

Aste garrantzitsuak datoz. Hurrengo partidek taldearen sasoiaren nondik norakoak zehaztu ditzakete. Realeko jokalariak prest al zaudete?

Noski. Partida garrantzitsuak datoz orain. Hurrengo jardunaldietan sasoia bideratu dezakegu, eta hor dago Mirandesen aurkako itzulerako partida ere. Lehendabizi Valentzia dator, eta gero Valladolid hartuko dugu. Etxean bi partida jokatuko ditugu segidan, eta uste dut aukera on baten aurrean gaudela.

Ondo al dago zuen taldea Valentziaren aurkako neurketa jokatzeko?

Bai, taldea ondo dago, eta gogotsu. Badakigu partida zaila izango dela, Valentziak talde ona baitu, baina gure taldeak ere erakutsi du nolako gaitasuna duen. Gainera, etxean jokatzen dugu, azken partidak irabazi egin ditugu bertan, eta zaleen aurrean jokatzeak beti laguntzen du.

Aurkaria, berriz, Txapeldunen Ligako neurketa jokatzetik iritsiko da Donostiara (4-1 galdu zuen Valentziak). Eraginik izango al du biharko neurketan?

Ez dakit, baina ez dut uste. Eliteko kirolariak gara, eta prestatuta gaude astean hiru partida jokatzeko. Horretarako entrenatzen gara. Halere, egia da gu atseden gehiago hartuta iritsiko garela partidara, baina Valentzia ohituta dago astean zeharreko neurketak jokatzera.

Zer arrisku du Valentziak talde gisa?

Taldea bera da arriskutsua, nire ustez. Oso jokalari onak ditu, eta aurreko sasoian erakutsi zuen. Aurten ere goiko postuetarako lehian sartuta dago. Halere, azken partidetan zenbait jokalariren hutsunea izan du, eta gure aurka ere izango du. Ziurrenik, aldaketa dezente egin beharko dituzte atzeko lerroan, eta baliteke orain artean ia aritu gabeko defentsa batekin zelairatzea.

Zeintzuk izango dira neurketaren gakoak?

Betikoak, nik uste. Atzean, defentsako lanean bat eginda aritu beharko dugu, eta baloi jabetza izaten saiatu. Ondo ari gara horretan. Gero, betikoa: aurrealdean asmatzea. Hori egiten badugu, ziur naiz hiru puntuak gure etxean uzteko aukera asko izango ditugula.

Bolada ona hartuta zaudete azkenaldian. Horri eustea izango du zuen xede nagusia, ezta?

Bai, jakina. Bereziki, etxean ari gara asmatzen azken partidetan. Oso oker ez banabil, Vila-realen aurka galdu genuen azkena Anoetan, eta handik kanpora ere ez gabiltza gaizki. Leganesen etxean egin genuen estropezu, azken minutuan sartu ziguten gol harekin. Bestela, azkenaldian ondo ari gara.

Etxeko azken datuak bikainak dira: bost partida segidan irabazi dituzue. Zein da horren ondo aritzeko sekretua?

Horretan ez dut zalantzarik: taldea bera. Uste dut multzo oso ona dugula, eta asko asmatzen ari garela. Lerro guztietan beren maila erakutsi dute taldekideek, eta erasoan ere asmatu egin dugu. Hori garrantzitsua da.

Europako postuen peskizan, eta Espainiako Kopako finalerdietan. Halakorik espero al zenuen Realera iritsi zinenean?

Tira, esan dudan moduan, ondo ari da taldea. Gustura nago. Denboraldi-aurretik ondo egin dugu lan, eta horrek eragina izan du gerora. Halere, tentuz aritu behar dugu. Oraindik ez dugu ezer egin, eta lanean segi behar dugu helburuak lortu ahal izateko.

Arlo pertsonalean ere urte ona egiten ari zara. Esan daiteke dena ongi suertatu zaizula klubera iritsi zarenetik?

Gustura ari naiz. Reala klub egokia da lan egiteko, eta gauzak ondo ateratzen ari zaizkit. Horrela segitzea da nire asmoa.

Espero zenuen gisakoa al da Reala?

Bai. Hona etorri aurretik banuen klubaren berri, eta, gainera, aukera sortu zenean ondo informatu nintzen. Etorri aurretik jende askorekin hitz egiteko aukera izan nuen. Tartean, Xabi Prietorekin [Realeko kapitain ohia] egon nintzen, eta hark esan zidan leku ezin hobea zela futbolean aritzeko. Zaleen babesaz ere hitz egin zidan: jende asko mugitzen zuela, eta ez gintuztela inoiz bakarrik utziko. Behin iritsi ostean ohartu nintzen: esandako guztian arrazoia zuen Xabik. Oso ondo hartu ninduten lehendabiziko egunetik; leku egokia da futbolean jokatzeko.

Espainiako Kopako final baten atarian zaudete. Nola ikusten duzu Mirandesen aurkako itzulerakoa?

Hasteko, abantailarekin goaz itzulerakora. Hori oso garrantzitsua da. Gainera, etxetik kanpora partida onak egin ditugu aurten. Baikorra naiz. Mirandesek gauzak zail jarriko dizkigu, finalerdietan dago, baina guk ere badugu ahala. Lan egin beharko dugu, baina aukera guztiak ditugu.

Sasoi amaieran zer lortzea gustatuko litzaizuke?

Europarako sailkatzea noski, helburutzat baitugu. Eta ea Kopan zerbait handia lor dezakegun. Saiatu behintzat, egingo gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.