Hilabeteko oporren ostean, bueltan dira

Athleticeko jokalariek sasoiko lehen lan saioa egin dute Lezaman. Amaia Peña atezaina da orain arte egin duten fitxaketa bakarra

Athleticeko jokalariak, atzo, Lezaman lanean. ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ekainaren 19an azken entrenamendua egin eta gero, bueltan dira. Athleticeko jokalariek atzo egin zuten denboraldi-aurreko lehen lan saioa, Lezamako laugarren zelaian, mediku azterketak pasatu ostean. Angel Villacamparen bigarren denboraldia izango da talde zuri-gorria zuzentzen, eta aurreko sasoiko azken txanpan taldeak erakutsi zuen jokoari segida ematea izango dute helburu, goiko postuetan sendotzeko.

Duen filosofia kontuan hartuta, eta azken sasoietako bideari jarraituz, gutxi mugitu da merkatuan talde zuri-gorria. Fitxaketa bakarra egin du: Amaia Peña atezainarena. 2014tik 2016ra Athleticen bigarren taldean egon eta gero, azken lau urteak AEBetan egin ditu, Pittsburgheko Pitt Panthers taldean, hain zuen ere. Ainhoa Tirapu kapitainak erretiroa hartu eta gero, Andrea De la Navarekin eta Andere Leginarekin lehiatuko da zuri-gorrien atea zaintzeko. Harekin batera, bigarren taldetik igotako Nerea Nevado, Naroa Uriarte, Bibiane Schulze eta Mariana Cerro izan ziren atzo berritasunak. Laurek Villacamparen aginduetara egingo dute denboraldi-aurrea.

Tirapuk ez ezik, erretiroa hartu du Ainhoa Alvarezek ere. Galdakaoko atzelariak lesio larria izan zuen belaunean, eta, aurreko sasoian apenas jokatu eta gero, futbola uztea erabaki du hark ere. Maite Orozen eta Damaris Egurrolaren izenak ere nabarmendu dira. Biek «erronka berriei» heltzea erabaki dute, eta ez dute Athleticen segituko. Oroz Real Madrileko jokalaria da dagoeneko, eta Egurrola non arituko den ez da argitu. Beraz, ikusteke dago Villacampak nola ordezkatuko dituen. Izan ere, lehena zelai erdiko iparrorratza zen, eta bigarrena, hauspoa. Hortik harago, Ane Azkona min hartuta dago luzerako, konfinamendu osteko lan saioetako batean eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu baitzuen, eta sei hilabete inguru egongo da jokatu ezinik.

Taldeak, aurreko sasoietan ez bezala, ez du egonaldirik egingo, osasun egoera tarteko. Entrenamendu guztiak Lezaman egingo dituzte, oraingoz ateak itxita.Oraindik aztertzen ari dira lagunarteko partidak jokatzeko aukera. Jokatzen badituzte, inguruko taldeen kontra izango dira.

Ligari iraileko lehen asteburuan ekingo zaio. Zuri-gorriak, gainera, zain daude noiz jokatuko duten, koronabirusaren pandemia tarteko, aurreko denboraldian bertan behera geratu zen Espainiako Kopako finalerdia. Logroñoren zelaian jokatuko beharko dute, baina Espainiako Federazioak oraindik ez du zehaztu noiz izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.