Txapelketa luzeenak gau laburrena izan du

Pozez gainezka azaldu dira Joseba Ezkurdia eta Julen Martija, binakako txapela irabazi ondorengo egunean. Osasun egoera dela-eta ospakizunak ezohikoak izan arren, aitortu dute familia giroan afari eder bat egitea nahikoa izan dutela.

Joseba Ezkurdia eta Julen Martija, txapelekin, atzo, Etxeberrin. ASPEPELOTA.EUS.
jon eskudero
Etxeberri
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Inoizko txapelketarik luzeena, eta inoizko gaurik motzena. Herenegun binakako txapela jantzi ondoren, biharamun handirik gabe azaldu ziren atzo Joseba Ezkurdia eta Julen Martija, Etxeberriko pilotalekura (Nafarroa). Ospakizun handirik egin gabe, alegia. Halako balentria bat lortu arren, etxekoekin mahai inguruan egotera mugatu behar izan zuten haien ospakizuna bi txapeldunek. Hori bai, Etxeberrin eta Arbizun (Nafarroa), bietan ireki zuten xanpain botila. «Ireki ez ezik, hustu ere egin genuen guk», aitortu zuen Ezkurdiak. Profesional ibilbidean laugarren txapela eskuratu zuen Aspeko aurrelariak. Martijak, berriz, estreinakoa izan zuen. «Oraindik sinetsi ezinda nago; zeruan sentitzen naiz», zioen, irribarre betean.

Eta ez zen gutxiagorako. Izan ere, sufrimendua aski ongi ezagututa iritsi zen gozamenera Martija. «Koronabirusean positibo eman izana kolpe latza izan zen. Une zailak bizi izan nituen, batez ere psikologikoki, eta hain epe laburrean zulotik zerura igarotzeak urrezko balioa du». Ezkurdiak ere beti oroituko du aurtengo binakako txapela. «Historiako txapelketarik arraroena izan da: koronabirusaren pandemia, greba... Lan saioetan motibazioa topatzea ere kosta egiten zitzaigun, baina merezi izan du sakrifikatzeak. Aurrez beste hiru txapela banituen, baina aurtengoak balio berezia du». Biek familia dute gogoan txapela eskaintzeko garaian, baita Sakanako bailara ere. «Birusaren ondorioak gogorrak izan dira inguru honetan. Enpresa askok zailtasunak izan dituzte aurrera egiteko, eta haiek ere hartu nahi ditugu gogoan», esan zuten biek.

Finalaren errepasoa eginda, aurrez pentsatutako gidoia ezin hobeki joan zitzaiela gogoratu zuen Ezkurdiak. «Oraindik ez dut irudirik ikusi, baina badakit partida biribila jokatu genuela. Pazientzia eta abiadura izan ziren gakoak». Martijak une zehatz bat oroitu du. «Azken tantoa egin eta Ezkurdia eta biok elkarri eman genion besarkada ez dut inoiz ahaztuko». Hori bai, familiakoen besarkadak ez ziren berehalakoan iritsi. «Oso luze egin zitzaidan Bilbotik Arbizurako bidea», zioen Ezkurdiak. «Autoan bakarrik etorri beharra tristea izan zen, gainera, elurra ari zuen, eta poliki joan beharra zegoen. Dena den, gertukoekin afari ederra egiteak xarma izan zuen». Martijari ere luze egin zitzaion itzulera; hori bai, etxe atarian zain zeukan ia herri osoa. «Agurra dantzatu zidaten, suziriak bota zituzten, eta xanpaina eta turroia ere ireki zituzten».

Berriro elkarrekin

Lehen finala izateko, pilotazale guztiak harriturik geratu dira Martijaren jokoarekin. Hasi eta buka, zuzen aski jokatu zuen, pilota ia guztiak ezker hormara bideratuz. «Txapelketako partidarik onenetakoa jokatu nuen». Halere, «tentsio uneak» ere bizi behar izan zituen. «Olaizolari buruan pilotakada jo nionean ez nuen ederki pasatu. Urduritu egin nintzen, ez bainekien ongi errekuperatuko ote zen. Zorionez, esan didate ongi dagoela, eta bere kabuz itzuli zela etxera. Dei bat zor diot». Bikote txapeldunari esperientzia Ezkurdiak eman zion. «Konfiantza osoa nuen gugan. Zazpina joan arren, banekien gauzak ongi eginez gero, irabazi egingo genuela. Kontzentraziorik ez genuen inoiz galdu. Neure burua oso ongi ezagutzen dut, eta inoizko garairik onenean nago, konfiantzaz eta sasoiko».

Guztiaren beharra izango du Arbizukoak, lau eta erdikoan sartuko baita datorren igandean, Iñaki Artolaren aurka. «Estatistikei erreparatuta, ia ezinezkoa izan arren, hirugarrenez jarraian irabazten saiatuko naiz». Martija, berriz, berriro ere binakakoari begira jarriko da. «Txapelak ez dit bizitza aldatuko. Hobetzen joan nahi dut. Ez dut beste askoren jorik izango, baina bai beste dohain batzuk». Biek esan zuten berriro jokatu nahiko luketela elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.