Maider Redin

Aske egin nahi du hegan

Tximeleta estiloko espezialista bikaina da Maider Redin: inork ez du hark baino azkarrago igeri egin haren mailan Euskal Herrian. Ikasketak lehentasun izanda, kanpora joan gabe eta diru laguntzarik gabe lortu du.

MAIDER REDIN.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hegalak zabal-zabal dituela egiten du hegan tximeletak airean, eta besoak zabal-zabal dituela egiten du igeri Maider Redinek igerilekuan. Bizi-bizi eragiten die tximeletak hegalei, eta bizi-bizi eragiten die Redinek besoei eta hankei. Oso azkar egiten du, gero eta azkarrago; horrenbeste, igerian baino gehiago, hegan dabil azkenaldian. Marka guztiak apurtzen ari da tximeleta estiloan: 50 metrokoan, 27,38 dauka 25 metroko igerilekuan; eta 27,56, 50 metrokoan; 100 metrokoan, berriz, 59,80 dauka igerileku laburrean, eta 1.01,10, luzean. Inork ez du hark baino azkarrago igeri egin haren mailan Euskal Herrian.

Luzeak laburtzen ari da denboraldia hasi zenetik. Hura ere harrituta dago. «Ez nuen espero horren ondo hastea denboraldia. Ezustea izan da erabat. Espero genuen markak hobetzea, baina aurten, ez 2020a amaitu aurretik. Sasoia hasi besterik ez da egin, eta jada bi errekor egin ditut 100 metrokoan. Oso pozik nago».

Hobekuntza nabarmen horren gakoez galdetuta, «burua» aipatu du berehala. «Koronabirusak eragindako etxealdia amaitu eta gero, Oihana Oskariz psikologoarekin hasi nintzen lanean, eta hobekuntza handia nabaritu dut». Hala, koronabirusa madarikatzeari utzi, eta txarrenari onena aurkitzen saiatu da. «Itxialdian lan fisiko handia egin nuen. Hala ere, zortekoa naiz. Igerileku txiki bat dugu etxean, eta era prekarioan bada ere, igeri egiteko aukera izan nuen. Udan, berriz, ezin zenez gauza askorik egin, etxean geratu nintzen, eta jo eta ke aritu nintzen entrenatzen, batez ere, esparru fisikoa. Ordu pila sartu ditut. Inoiz baino gehiago. Horrek zerikusia izan du denboraldia horren indartsu hasteko».

Horrek eta duela hiru urte unibertsitate ikasketak hasi zituenetik eguna hobeto antola dezakeela —Komunikazioa ari da ikasten Donostian, Deustuko Unibertsitatean—. «Batxilergoan, zailtasun asko nituen igeriketa eta ikasketak uztartzeko. Goizeko zazpiretan joaten nintzen igeri egitera, eta jarraian, eskolara. Korrika eta presaka ibiltzen nintzen egunero, eta askotan gelara sartu ezinik geratzen nintzen. Ez zidaten sartzen uzten, nahiz eta minutu batengatik izan, eta jakinda entrenatzetik nentorrela. Leporatzen zidaten berandu iritsi nintzela jendearekin hizketan geratu nintzelako. Eta ez zen horrela. Ez zuten ulertzen eliteko kirolari baten egunerokoa».

Aldaketa «handia» nabaritu du unibertsitatean. «Kirolariontzako programa bereziak dituzte, eta irakasleak malguagoak dira. Erraztasunak ematen dizkizute, eta eskertu egiten da». Ez baitu asmorik ikasketak bazter batean uzteko. Egunero bost ordu inguru entrenatzen bada ere, «oso argi» du ikasketak «lehentasuna» direla. «Badakit ez naizela igeriketaz biziko, eta ikasketa on batzuk eduki behar ditut, etorkizunari begira». Egina du plana, igeriketa ukituarekin. «Lehenbizi, esprintatu egingo dut unibertsitatean, ikasketak amaitzeko; gero, izango dut denbora igeriketan buru-belarri aritzeko. 20 urte egin berri ditut. Oso gaztea naiz oraindik».

Horregatik ere ez du joan nahi izan goi errendimenduko gune batera. Tximeleta baten moduan, aske egin nahi du hegan. «Bizitza bakarra dugu, eta disfrutatu ere egin behar da. Eta halako guneetan ia ez da disfrutatzen. Nahikoa sakrifizio egiten dut entrenatzeagatik lagunekin gutxi egonda. Hori gutxi ez, eta familiarengandik urrundu? Ez, mila esker. Oraingoz, ez. Ikusiko dugu aurrerago». Ez du uste beharra duenik. Behar duen «guztia» duela dio. «Hemen ere gauzak ondo egin daitezke. Asko dakien jendea dago». Haren lantaldea, adibidez: Pepe Alonso entrenatzailea, Dany Torterolo nutrizionista, Oihana Oskariz psikologoa eta Iñaki Arratibel kirol medikua.

Lantalde horretan ere funtsezkoak dira haren gurasoak: Josean eta Belen. «Izugarri» die eskertzeko. «Beti izan dut haien maitasuna, babesa eta eskuzabaltasuna». Izan ere, ez du diru laguntzarik jasotzen. «Noizean behin diru sariren bat jasotzen dut txapelketaren batean, baina diru laguntzarik, batere ez. Gurasoek ordaintzen didate dena. Adibidez, Basque Teamen diru laguntza jasotzeko, nazioartean lehiatu behar zara. Iaz, Espainiako Txapelketan hirugarren izan nintzenez, Kirolgiri laguntza ahal diot eskatu. Ea ematen didaten».

Phelpsen ukondoak

Maitasuna, babesa eta eskuzabaltasunaz gain, badu beste zerbait eskertzeko gurasoei; amari, hain zuzen ere: besoak eta hankak ohi baino zabalagoak izatea. «Jende arruntak baino %15 gradu gehiago ditut zabalduta besoak eta hankak, eta horrek mesede handia egiten dit igeri egiteko». Berezitasun hori erabakigarria izan zen igeriketa sinkronizatua utzi eta igeriketan has zedin. «Asko gustatzen zitzaidan uretan ibiltzea eta koreografiak egitea. Gainera, lagunak nituen Easo taldean. Baina egun nire entrenatzailea denak lehen egunetik esan zidan igerilari hutsa nintzela. Matraka ederra eman zidan ni konbentzitu nahian. Phelpsek ukondoak nituela esaten zidan! Azkenean, probatu egin nuen, gustatu egin zitzaidan, eta zazpi urte daramatzat igerian: lehen biak bizkar estiloan, eta azken bostak tximeleta estiloan. Oso gustura ari naiz. Asko gustatzen zait».

Martxoan jokatuko den Nazioarteko Irekia du begiz joa. Irabazi egin nahi du bertan, maiatzean Budapesten egingo den Europako Txapelketarako sailkatzeko. Bi hilabete geroago jokatuko dira Tokioko Olinpiar Jokoak, baina «oso urrun» ikusten ditu. «Oso zaila da sailkatzea, Espainiako Federazioak marka oso baxuak eskatzen baititu; hiru segundo hobetu beharko nuke 100 metrokoan. Asko da hori: munduko hamargarrena nintzateke. Saiatzen ari gara Federazioarekin hitz egiten langa jaitsi dezan, baina ez dirudi egingo duenik; ezta txandakakoan izena eman ere. Hala ere, oso gaztea naiz. Egongo dira Olinpiar Joko gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.