Jazz kosmikoko ufada freskoa

Trinitate plazan ariko da gaur iluntzean Kamasi Washington Los Angelesko saxofoi jotzailea

Kamasi Washington musikari estatubatuarra, iaz, Australian emandako kontzertu batean. KABIR DHANJI / EFE.
Antton Iturbe.
2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
The Epic diskoaren azalean, Kamasi Washingtonek santu bat dirudi, eta bere bizkarrera lerrokatzen diren planeten harmonia kosmikoa hausnartu eta bereganatu duen ameslaria balitz bezala begiratzen du. Historian, ugariak dira inspirazio eta erantzunen bila espaziorantz begiratu duten jazz musikariak. Era horretan, John eta Alice Coltraneren ikuspegi izpiritualetik nahiz Sun Raren psikodeliko/filosofiko/patafisikotik abiatuta garatu zen 70eko hamarkadako jazz kosmikoa. Eta denbora luzez musika antropologo sakonen eta DJ jakintsuen bildumetara murriztuta bizi ondoren, Kamasi eta antzerako beste zenbait musikariren eskutik (Nicole Mitchell, Shabaka Hutchings...) indarberrituta eta guztiz eguneratuta dator berriz ere; musika elektronikoa, hip hop eta noise estiloekiko harreman etengabeari eutsiz, usadioa eta oraina uztartzen dituen eremu infinitu zirraragarria ireki dio jazz musikari.

Baina adi: Kamasiren bisio eta kutsu kosmikoak ez du alienazio izpirik ere. Izan, erabat lurtarra da bere jarrera; afro-amerikar komunitatearen eguneroko arazoekiko arduratsua eta haren burujabetasunaren bultzatzaile sutsua. Bere jazza kalerantz begira eta kaletik datorren jazza da. Era horretan, bere ia hiru orduko iraupenean koru eta orkestra konponketez hornitutako hard-bop eskolako saxo solo izugarriz beteta egon arren, The Epic disko hirukoitza ez da erakustaldi pertsonal eta egozentrikoa, talde lana baizik. Los Angelesko jazz musikari komunitatearena, hain zuzen ere. Haurtzarotik, Comptongo auzo gatazkatsuan, Kamasirekin batera afro-amerikar musika usadio aberatsaz blaituta, bere lagun izan diren The Next Step taldearena eta Stephen Brunner Thundercat baxu jotzaile trebe eta txundigarriarena, besteak beste. Kamasiren istorio pertsonalaren eta hip hop musikari kaletar harro baten artean alderik ez dago, beraz.

Kamasik ez baitu jazzaren eta hip hoparen arteko bereizketarik egiten; «Zuhaitz bereko bi adar dira», esan ohi du. Ezta musikaren eta bizitzaren artean ere: «Musika jotzearen alderik interesgarriena eta garrantzitsuena, zure inguruko jendearekiko ahalbidetzen dizun lotura da. Horregatik, gustukoa dut jende ugariz eta askotarikoz osatutako banda batekin lan egitea. Partaide guztiak elkarrekin hazi gara, eta bata besteari moldatuz joan gara urteotan guztiotan, bai musikan, baita bizitzan ere. Niretzat ez dago bata bestearengandik bereizterik». Eta, bide horretatik, bere diskurtso musikala eratzen lagundu dion jazzaren historiarekiko eta tradizioarekiko miresmena galdu gabe, Kamasi gai izan da tradizio horren zamatik aldentzeko, eta, zintzoki, bera izateko eta den bezala espresatzeko. Hor datza bere musikaren freskotasuna eta inoiz jazzik entzun ez duten hainbeste gazterekin konektatu ahal izateko erakusten ari den indarra.

The Epic diskoa Flying Lotus hip hop esperimentaleko musikariaren Brainfeeder zigiluarekin plazaratu du. Halaber, Kamasik Kendrick Lamarr handiaren diskoetan parte hartu du. Hori da bere lekua. Jazz akademizismo estutik at. Bere garaian Amiri Barakak izendatu eta bultzatu zuen musika beltza da berea. Horren sinple, eta horren zabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.