KRITIKA. Musika

Erein eta jaso

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun

Original Quintet



Egitaraua: F. Schuberten Pianorako kintetoa (D. 667) eta S. Prokofieven Oboe, klarinete, biolin, biolontxelo eta kontrabaxurako kintetoa (op. 39) Lekua: EOSen egoitza, Donostian Eguna: Irailak 28

Musika klasikoaren zaleen artean hain estimatuak diren Miramongo Matineen denboraldiaren irekiera espazio berrituan egin da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzaren agertokia bi metro hazi baita luzeran aurtengo udan. Bi besaulki-ilara galtzea eragin du horrek, baina, aldi berean, eta, arduradunen hitzetan, laugarren horma apurtzen lagunduko du, musikarien inguruan aulkiak ipintzeko lekua sobera baitago. Bertan kokatu ziren entzulerik ausartenak.

Sylvester Baumgartner mezenas dirudunarentzat idatzi omen zuen Franz Schubertek bere Pianorako kintetoa 1819an, Austriako Steyr hirian zela. Julia Siciliano piano jotzaileak eta Virgile Demillac biolin jotzaileak zehaztasun airosaz gidatu zuten obra hasiera-hasieratik, lehenengo eta hirugarren mugimenduen hartu-eman jostarian dotore murgilduz. Kinteto honi Amuarraina ere esaten diote, hain zuzen ere, laugarren mugimenduan izen bera duen lied-aren gaia garatzen delako. Boskoteak samurtasunez apaindu zituen melodiaren joan-etorriak, eta txeloaren goxotasunak, bereziki, obrari arnasa eman zion Beatriz Linaresen keinu zabalean.

Ehun urte inguruko aldea dago Schuberten eta bigarren zatia osatu zuen Sergei Prokofieven kintetoen artean, eta, jakina, bi obrek egitura eta garapen guztiz desberdina aurkezten dute. Parisen arte eszenikoen konpainia ibiltari batek eskatuta, konpositore errusiarrak ganbera ballet bat idazteari ekin zionean sortu zuen kinteto ilun bezain gozagarri hau. EOSeko kideez osatutako boskoteak ñabardura egokiz jantzi zituen bat-bateko gai aldaketak eta soinu-harreman bereziak. Adagio pesanteak sortzen duen ezinegonean Prokofieven aldarte goibelak hatsa hartu zuen, Delphine Dupuyen biolaren altzoan. Goraipatzekoa, bestalde, Mehmet Sonmezek kontrabaxuan egindako lana, bigarren eta bosgarren mugimenduetan, batez ere.

Lur emankorra dugu Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Espero dezagun labore bakarrekoa bihurtu ez eta Original Quintet bezalako fruitu mamitsuak ereiteko nahikoa soro eta denbora ematen jarrai dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.