Jairik gabeko herrien ahotsa

Andoain, Matiena, Urduña, Txantrea... Inoiz ez bezalako egoera bati aurre egiteko prestatzen ari dira Euskal Herriko herri eta auzoak: jairik gabeko urtea. Alarma egoeraren ondorioz, festak atzeratzen edota konfinamendura moldatzen hasiak dira jai batzorde eta udalak.

Matiena. Herri bazkari bat, Matienako San Prudentzio jaietan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Eguraldi ona heldu ahala, bor-bor egiten dute jaiek Euskal Herri osoan. Txosnak eta karpak herriz herri barreiatzen dira, udazkeneko euriarekin nonahi hazten diren perretxikoak bezala; eta txupinazoz txupinazo, lehen suziritik azkeneraino, festa, musika, dantza eta, oro har, jai giroa lurralde osoan kutsatzen da.

Aurten, ordea, ez da halakorik izango, oraingoz. COVID-19 gaitzaren hedapena geldiarazteko ezarritako alarma egoeraren ondorioz neurri zorrotzak hartu dira, kutsatzeko arriskua saihesteko. Hortaz, zenbait tokitan abiatzear zeuden jaiak bertan behera geratu dira; eta antolatzaileek horiek atzeratu beharko dituzte edo konfinamendu egoerara egokitzen diren planteamenduak martxan jarri beharko dituzte, isiltasunak ez ditzan irriak eta algarak mututu.

Hori da hain zuzen ere Abadiñoko Matiena (Bizkaia), Andoain (Gipuzkoa), Urduña (Bizkaia) eta Iruñeko Txantrearen egoera. Jaiak apirilean eta maiatzean izanik, konfinamendua abiatu zenean piztuta mantendu zuten festak egiteko esperantza, baina, egunek aurrera egin ahala, oztopoak agertu ziren, eta bestelako aukerak aztertzea erabaki zuten.

«Hori guztia hasi eta gutxira, erabaki bat hartu behar genuela ulertu genuen», azaldu du Itziar Biguri Urduñako alkateak. «Jaiak maiatzean izanik, aurreikusten genuen egoera ez zela ospakizunetan ibiltzeko egokia izango, eta, horregatik, apiril hasieran ohar bat ateratzea erabaki genuen». Maiatzaren 7tik 17ra bitartean ziren ospatzekoak Urduñako jaiak. «Hasieran, jaiak antolatu ez arren data horietan kalean egongo ginela uste genuen, eta, beraz, agian zeozer planteatu ahalko genukeela». Azken berrien ostean, berriz, jaien hasierak konfinamenduan harrapatuko dituela baieztatu du Bigurik. «Hala ere, zerbait egiten saiatuko gara: nahiz eta balkoitik izan, egun horiek diferenteak direla bermatu behar dugu».

Lehenago ziren abiatzekoak Abadiñoko Matiena auzoko jaiak (Bizkaia). Apirilaren 27tik maiatzaren 10era, hain zuzen ere. «Jaiak bertan behera uztearen erabakiarekin bat etorri arren, kexu gara udalak gure iritzia kontuan izan gabe hartu duen erabakia izan delako», azaldu du Igor Galarza Matienako jai batzordeko eta txosna batzordeko kideak. Konfinamendua ezarri zenetik, bildu ez diren arren, «pixkanaka» beren burua konbentzitzen joan direla onartu du Galarzak, eta, erabakia hartu zenerako, bai batzordeko kideek eta bai Matienako auzotarrek «nahiko barneratuta zeukaten» jaiak bertan behera gertatuko zirela.

Iruñeko Txantrean eta Andoainen ere, data horietan ziren egitekoak jaiak. June Etxeberria Txantreako Jai Batzordeko kideak azaldu duenez, «hasiera-hasieratik» erabaki zuten bertan behera uztea. Andoainen, berriz, jaiak hilabete atzeratzeko ahalegina egin zuten hasieran, baina gerora, egoerak onera egiten ez zuela ikusita, bertan behera utzi behar izan dituztela kontatu du Kepa Sarasua jai batzordeko kideak.

Leihoen atzetik ospatuz

Oro har, laurek onartzen dute ez dutela baztertu jaiak beste noizbait antolatzea. Hala ere, etorkizunean hartuko diren neurrien inguruko ezjakintasunak oztopatu egiten du planteamendu zehatzak egitea. Horregatik, aurrera begira, herriz herri proposamen desberdinak egongo dira. Hala ere, guztiek hartu dute konpromisoa jaiak konfinamendu egoerara moldatzeko eta zerbait berezia antolatzeko.

Adibidez, Sarasuak esan du egun horietan «jaien espiritua bizirik mantentzeko» zerbait antolatzea erabaki dutela: «Etxetik bada ere, jaiak beste formatu batean ospatzen saiatuko gara». Alde horretatik, normaltasunari eustearen garrantzia azpimarratu du: «Gauzak bertan behera utzi baino gehiago, eraldatzen saiatu behar dugu; ez dakit nola aterako den, baina, gutxienez, batzorde bat genuen, badugu, eta izango dugu gero ere». Bakoitza bere etxean egon eta «dena ahaztu» beharrean «jarraitutasun» bati eusteko ahalegina egin dutela nabarmendu du Sarasuak: «Bideo bat egin genuen, eta beste proposamen birtual batzuk ere jarriko ditugu martxan. Herritarrekin harremanetan jarri gara, eta asmoa da Santa Kruz jaietako egun handiaren harira, egitarautxo bat zehaztea, sare sozialak erabiliz».

Matienan eta Txantrean oraindik ez dute hain argi zer egingo duten egun horietan. Hala ere, herritarren «babes handia» jaso dutela nabarmendu dute. «Herrian jaietarako grina hori dagoela ikusten da: jendea gogotsu dago, eta gauzak egiteko prest», erantsi du Galarzak.

Bigurik ere ideia bera berretsi du. Jaiak antolatzen dituzten talde kultural guztiekin jarriko dira harremanetan, eta zerbait antolatzen saiatuko dira. «Uste dut pixka bat tristea izan dela denontzat, jaiak ez egitea gauza bat baita, baina horrekin baterakonfinatuta egon behar izatea, bada, pena da». Maiatzaren 7an zuten txupinazoa, eta 8an jaietako egun handia. «Oraindik ez dakigu zer, baina egun horietan zerbait egingo dugu».

Jaiek garrantzi berezia dute Euskal Herrian, eta, batik bat udaberritik udazkenera, egunerokoaren zati handi bat betetzen dute. Hori dela eta, bertan behera geratzeak ere askotariko ondorioak izango ditu herri gehienetan; alderdi sozialetik ekonomikora.

«Pena izugarria eman digu jaiak bertan behera utzi behar izateak», aitortu du Txantreako June Etxeberriak. «Euskara, auzolana, herria... Festa esparrua izateaz gain, aldarrikapenak egiteko lekua ere badira jaiak». Horrekin batera, auzoko gazteak eta bizilagunak elkartzeko aukera ematen duen egitasmo bat dela ere azaldu du: «Azkenean, jaiek herriko kolektiboei erakusleiho lana egiteko aukera eskaintzen diete, bultzada handia dira; gerora urtean zehar kolektibo horiek egiten duten lanerako funtsezkoak dira, eta, gainera, adierazten dute gauzak beste modu batera egin daitezkeela, elkarrekin eta auzolanean».

Ondorioak agerian

Galarzak bat egin du Etxeberriarekin: «Matienaren kasuan, oso giro heterogeneoa sortzen dute jaiek; ilusio bat da auzokide guztientzat. Berezia da, eta jende asko elkartzen dute». Horrekin batera, herrien eta auzoen arteko «hartu-emana» sustatzen dutela aldarrikatu du, eta taberna eta herri eragileei egiten dieten ekarpen ekonomikoa ere «oso garrantzitsua» dela esan du.

Andoaingo Kepa Sarasuak azaldu duenez, «diru iturria, aisialdirako eskaintza... hori galtzea gogorra izango da, eta ondorioak izango ditu». Alde horretatik, merkatarien egoeraz mintzatu da Sarasua: «Haientzako kristoren egunak dira, koltxoi bat ematen diete urte osorako, eta zaila izango da hutsune hori estaltzea». Bat etorri da Biguri: «Noski, Urduñan, beste herri batzuetan bezala, jaiak oso garrantzitsuak dira». Herriko jendeaz gain inguruko jende asko joaten dela azaldu du. «Herriko kultur eragileei beren lana erakusteko aukera paregabea eskaintzen die, eta ostalaritzako negozioek ere asko eskertzen dute». Horregatik, udalaren intentzioa jaiei eustea izango dela adierazi du, beste formatu batean bada ere. «Era berean, hau guztia pasatzen denean, zerbait antolatzen saiatuko gara; oraindik ezin da datarik finkatu, baina ideia horri ere eutsiko diogu».

Herriko eragile eta merkataritzaz gain, Euskal Herriko sortzaile eta kulturgileek ere pairatuko dituzte jaiak bertan behera geratzearen ondorioak. Esate baterako, laurek adierazi dute «zehaztuta» zeukatela jada jaietako programazio ia guztia. «Galerarik ez dugu izango, baina oso kartel potentea geneukan lotuta; lan handia zegoen hor atzean», kontatu du Galarzak. Adibidez, musika taldeekin harremanetan jarri eta aurrera begira kontzertuak mantentzeko ahalegina egingo dutela dio Galarzak. Hala ere, talde horientzat jaietan jotzeko aukera galtzea «gogorra» izango dela ohartarazi du: «Ez da soilik musika taldeen gauza edota diru kontu bat; Euskal Herrian kultura ezinbestekoa da, elkarlan bat dago hor, hartu-eman bat. Jaiek sare zabal bat ehuntzen dute, eta beraz, jende asko galduan aterako da egoera honetan».

Ideia horri jarraituz, jaiak mantentzeko ahaleginaren barruan herriko talde kulturalekin duten elkarlanari eusten saiatuko direla esan du Sarasuak: «Herriko eragileek ideiak eta ekinaldiak plazaratu dituzte, eta, beraz, horri guztiari forma emateko ahalegina egingo dugu». Bigurik, aurrera begira, lotuta zeukaten egitaraua mantentzeko konpromisoa azaldu du. «Oraindik itxaron beharko dugu ezer zehaztu ahal izateko, baina hori da gure asmoa». Hala ere, jaietako ekintza gehienak talde kulturalek antolatzen dituztela gogoratu du, eta, beraz, talde horiek ere egoera «latza» izan dezaketela ohartarazi. «Denborak aurrera egin ahala, neurtu beharko dugu zer egin dezakegun: ez da Aste Santurik egin, jaiak ere bertan behera geratu dira; nahiz eta beste data batzuetan antolatzen saiatu, ez dakigu zer egoeratan egongo garen», ohartarazi du Bigurik. Esaterako, pertsona asko biltzen dituzten egitasmoen inguruko kezka plazaratu du: «Ez dakigu noiz baimenduko dituzten. Agian ezingo da halako ezer egin datorren urtera arte, batek daki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.