Bilboko Aste Nagusia

Dena lotu duen etena

Bi urteren ondoren, Bilboko konpartsetako kideak bazkaltzeko bildu dira ostera ere. Indarrak hartzeko unea izan da batzuentzat, eta Aste Nagusiaren balorazioa egiteko baliatu dute zenbaitek: «Aurrekoetan baino jende gehiago ibili da».

1. Jantoki erraldoiak. Konpartsak jantoki erraldoi bihurtu ziren atzo, ez bezeroek jaeko, konpartsetako kideek baizik. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Amaraun bat da Bilboko Areatza Aste Nagusian. Mugakide dira txosnak, jarduerak ere beste horrenbeste, eta toki bateko musikak laguntzen du bisitaria hurrengo lekuko doinuak gailentzen diren arte. Bazter guztietara hedatzen da jaia, ertz guztiak blaitzen ditu, eta festetako bigarren zapatuan estuago dirudi sareak: ugaritu egin da jendea, eta handitu, horrenbestez, konpartsakideen lana.

Alabaina, etena egiteko unea berehala etorriko zaie. Aste Nagusiro bezala, konpartsakideen arteko bazkaria tokatzen da aurten ere bigarren larunbatean, eta, jendetza eta beharraren artean, konpartsakideak hasi dira bazkaritarakoak prestatzen. Lehiaketa gastronomikoaren, burbuila ponpen eta Hontzak-eko kontzertuaren artetik ikus daitezke elastiko koloretsuak daramatzaten lagunak mahai tolestuak garraiatzen, aulki pilatuetan deskantsatzen, eta txosnetan lekua topatzen horiek denak ipintzeko. Zail dute, beteak baitaude barrak; Abanten, lagun taldeekin zegoen emakume bat konturatu da mugimenduaz, eta lekua egin die garraiolariei, itzalpean behintzat kokatu dezaten dena.

Prestakuntza betean, tartetxo bat topatu dute Abanteko Harrik eta Haizeak hitz egiteko. Deskantsatzeko behintzat balioko ote die bazkariak? Harrik ñabartu: «Deskantsatzeko baino gehiago, indarrak hartzeko egiten dugu. Denok elkartzen gara bazkarian, eta azken-aurreko bazkari handia izaten da. Bizirik iraun dutenen bazkaria izaten dugu domekan», azaldu du. «Jaikitzen dena badator», zehaztu du Haizeak, irribarretsu.

Aurtengo jaiak «gogorrak» izaten ari dira. Biak etorri dira bat horretan. Eta larunbateko gaua falta zaie oraindik, gogorrenetakoa, are gehiago aurten. «Desberdintasuna nabaritu dugu aste barruko eta asteburuko egunen artean, baina jendea gogotsu dabil», Haizearen irudiko. Nolanahi ere, egunero «jende asko» dabilela dio Harrik. «Entrenatu gabe harrapatu gaitu». Aurten txosna lekuz aldatu dute, Triangunetik Estalpeetara, eta mesede egin die; igarri dute hori lan zaman, nahiz eta oraindik baloraziorik egin ez duten. Eta ez dute bazkaria horretarako erabiliko. Baina, oro har, balantzea «ona» dela adierazi du Harrik. «Jende berria hurbildu zaigu, BERRIAlagunak etorri dira txandetara...».

Hau Pittu Hau-ko kide Ainara Gimenezentzat ere, konpartsakideen arteko bazkaria «berezia» izaten da. Azaldu duenez, konpartsakideekin batera egoteko abagunea izaten du Euskalguneko bazkarian —Txori Barrote eta Eguzkizaleak konpartsekin osatzen duten gunea—, baina oraingoan konpartsa guztietako kideekin egin dezake topo. «Lehenengo eguneko kalejiran ere egoten gara guztiok batera, baina gero ez, egia esan; ordutik konpartsakideen bazkarira arte, ez gara batera egoten. Bazkaldu ondorengo herri kiroletan egoten da bereziki interakzioa, lehia egoten baita». Abantek ez bezala, balorazioetarako tarterik ere izango dute Hau Pittu Hau-koek, eta Gimenezek argi du berea: «Giroa zoragarria izan da, bereziki egunez, nik eguna bizi izan baitut gehiago; baina gauez bizi izan dutenek esaten dute giroa oso positiboa izan dela, jendeak bere onena eman duela, eta festa oso bereziak izan direla». Jendetsuak izan dira, halaber. «Aurreko urteetan baino jende gehiago ibili da, dudarik ez».

Txosnarik gabe ere

Bazkaria baino lehen, zintzurra bustitzeko tartea hartu dute Mamiki konpartsa feministako zenbait kidek. Areatzan, kolore morea ere nabarmentzen da: aurten ez dute txosnarik jarri, baina Mamiki 2022ko Aste Nagusiaren parte izan da, edonola ere. Ekintzak antolatu dituzte, eta beste askotan parte hartu dute, Marta Brancas kideak zerrendatu duenez. «Konpartsakide Egunean parte hartu genuen, uztailean; jaien lehen eguneko kalejiran; ostegunean, gure konpartsako bazkari tradizionala egin genuen, betiko tokian, eta jende mordo bat etorri zen, baita bertsolari batzuk aritu ere». Eta, noski, konpartsakideen bazkarian eta osteko herri kiroletan.

«43 urtez egon gara txosna muntatzen, eta aurten ere dena ematen ari gara». Hain justu, lan urte mordo hori ez ezik, aurtengo beharra ere aitortu die Konpartsen Federazioak, Mamikiri egokitu baitzaio oraingoan Bandera Urdina, Aste Nagusian txukun ibili direnei emandakoa; kontrara, El Correo egunkariak eskuratu du Bandera Marroia, festetan jokaera «desegokia» izan baitu, federazioaren aburuz.

Ezinbestean aldatu zaie festa aurten Mamikikoei. «Lan askoz gutxiago da. Txosna bat ipintzen denean, bederatzi egunez egin behar da lan goizez, arratsaldez eta gauez. Aurten, gehiago bizitzen ari gara jaiak; denbora gehiago dugu jateko, dantzatzeko eta dibertitzeko». Festak bukatzear direla, Mamikikoak ez dira damutu txosna ez ipintzeko erabakiaz. «Ikusiko da ea etorkizunean zer gertatuko den».

Jan ondoren, kirola

Indarrak hartzeko izanagatik, bazkaria ez da solemnea eta patxadatsua izan inondik inora ere. Mahaien alde batetik besterako oihuak, anekdotak, abestiren bat edo beste, eta gertuko mahairen bateko ezaguna bisitatzeko bidaiak, hori dena bildu da ordu biren barruan. Bapo jan, eta Arriaga plazara abiatu dira konpartsakideak, euren eguna ariketa fisikoarekin biribiltzeko. Herri kiroletan aritu dira serio eta lehiakor; plaza inguratu duten dozenaka lagunek —asko konpartsetatik kanpokoak—, gogotsu animatu dituzte parte hartzaileak, eta entzun da kexurik taldeetako batek denbora irabazi duenean ibilbidea moztuta. Bonbo handi baten tartekako doinuekin ere jantzi dute giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.