Albistea entzun

Klima, aztarnak ezabatzen

Klima aldaketak eragindako fenomenoek ondare arkeologikoa kaltetu dezakete. Nahiz eta ikerketa gutxi egin diren eragin horiek zeintzuk diren zehazteko, badago aurreikuspenik: giroko baldintzen kontrasteek azkartu egingo lituzkete arrastoen higadura eta desagerpena.
<b>1. Labar pinturak, urak mehatxatuta.</b> Itsas maila igotzean, estalita geratuko dira Frantziako Cosquer kobako pinturak.
1. Labar pinturak, urak mehatxatuta. Itsas maila igotzean, estalita geratuko dira Frantziako Cosquer kobako pinturak. FRANTZIAKO KULTURA MINISTERIOAREN HISTORIAURREKO ZENTRO NAZIONALA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko irailak 22

Agerian daude oraindik, baina haiek ere urpean geratuko dira azkenean. Marseillako Cosquer kobazuloan (Okzitania), urak ez ditu harrapatu hormetako zaldi beltz batzuk, ezta behialako maizter baten eskuaren silueta ere, baina estali ditu jada labar pinturetako zenbait. Itsas mailan dago leizea, eta hor dago mehatxua: ura igotzen den heinean, gero eta artelan gehiago estaliko ditu, eta ikerlariek susmoa dute pintura gehienak desagertu egingo direla. Hori dela eta, hiru dimentsioko erreplika bat ondu dute.

Kasu horretan, agerikoa da klima aldaketaren eragina ondarean, Diego Garate arkeologoaren irudiko. Baina, kasu askotan, ez dago daturik jakiteko noiz hasi zen kaltea, ezta zenbaterainokoa den ere. «Kobazulo gehienetan ez dago erregistrorik, ez dakigu zein den tenperatura ez gaur egun, ez duela hamar edo hogei urte». Ikerketa espezifikoak behar dira, Laura Garcia Boullosa Bilboko Arkeologi museoko zaharberritzailearen esanetan, baina urriak dira gaur-gaurkoz. Hala, eragina aurreikusi baino ezin daiteke egin. «Litekeena da klima aldaketak ekarriko dituen aldaketa bortitzek asko erasatea kultur ondarea».

Ez da askorik behar. Garatek azaldu duenez, kontrolatu diren leize gutxitan, Pirinioetan, «tenperatura igoera oso txikiak antzeman dira, 0,1-0,2 gradukoak; baina joera hor dago». Halere, bariazio horiek nahikoa dira kalte kate bat abiarazteko. Adibidez, saguzarrak oso sentikorrak dira tenperatura aldaketekiko, eta aise eragiten die haien ohiturei, hala nola kobazuloen hautaketari, Garatek xehatu duenez. «Saguzarren kaka eta txiza oso azidoa denez, hormak higatzen ditu, eta haietan pinturak badaude, desager daitezke. Saguzar asko biltzen badira, ondarea kaltetu daiteke».

Okerrena: kontrasteak

Aztarna arkeologikoak oreka batera heldu dira ingurunearekin, hala lurrarekin nola itsasoarekin, Garcia Boullosak dioenez. Alta, klima aldaketak eragindako fenomenoek hautsi dezakete oreka hori. Arrastook egoera egoki eta egonkor bat behar dute kontserbaziorako, eta kontrasteek egiten diete kalterik handien, Oihane Mendizabal Aranzadiko antropologoaren esanetan. «Klima aldaketak kontraste horiek areagotzen dituenez —tenperaturaren igoera, prezipitazio bortitzagoak....—, eragiten du aztarna horiek gehiago kaltetzea».

Lurraren azpian babestuta daudela adierazi du Mendizabalek. «Hezetasun maila ez da asko aldatzen urte osoan; tenperaturari dagokionez ere, lurrak babes termikoa ematen die, eta aldeak ez dira hain handiak». Azaleratzen dituztenean, ordea, zuzenean erasaten diete fenomenoek. Objektu txikiak museoetara edo biltegietara eramaten dituzte, eta han ere inguru egonkor bat erdiesten dute; baina pieza handiak eta egiturak tokian bertan utzi behar dira, aire zabalean, eta horiek hondatzen dira gehien. Eta, hain justu, horiek igarriko dute gordinen baldintzak gero eta muturrekoagoak izatea, Garcia Boullosaren ustez. «Aire zabaleko materialek dute arriskurik handiena, daudenak kostan, mendietan, edo mota horretako lekuetan. Adibidez, dolmenak eta bestelako ondare megalitikoa oso kaltebera da euri azidoarekiko, kutsatzaile horiek asko erasaten dutelako kareharria».

Paretak estaltzen dituzten morteroak ere oso delikatuak dira, Aranzadiko arkeologoaren hitzetan. Zalduako (Nafarroa) aztarnategi erromatarrean ari da lanean Mendizabal, eta elementu horiek hondatzen omen dira azkarren. «2.000 urtetan, nahiko egoera onean mantendu dira paretak. Baina euriaren ondorioz, morteroak desegin egiten dira pixkanaka. Izotza da bortitzena: euria paretetako arrakaletatik sartzen da, tenperatura jaisterakoan izozten da, eta hormak lehertzen ditu». Bi-hiru negutan, harri batzuk erori egiten dira jada, eta denbora nahikoa da pareta batzuk hausteko. Klima aldaketak egoera gaiztotu dezake, antropologoaren irudiko: «Tenperaturaren aldaketa bortitzagoek suntsipen prozesu hori azkartuko dute».

Lurraren babesik gabe

Ingurumeneko baldintzek, baina, lurrari ere eragin diezaiokete. Orain arte aztarnen kontserbatzaile izan denak galdu lezake ahalmen hori, eta, are, galtzen ari da dagoeneko. Hadriano enperadore erromatarrak Britainia Handian eraikitako horman ari da gertatzen prozesu hori, esaterako. Murruaren inguruan, garai hartako objektu asko daude lurperatuta, eta buztinak jagon ditu bi mila bat urtez; alabaina, tenperatura igoerak basa sikatu du, materiala arrakalatu egin da, eta, hortaz, oxigenoa heltzen ari zaie piezoi. Arinago ari dira desegiten, ondorioz.

Europako iparraldean, ondare asko zohikaztegietan kontserbatzen da: ekosistema bat da, urez eta erdi ustelduta dagoen material organikoz osatutakoa. Horiekin «arazoak» izaten ari dira, Garcia Boullosak azaldu duenez: ikerketa gehiago egiten dituzte han, eta atzeman dute ekosistemok lehortzen ari direla tenperaturaren igoeragatik, galtzen ari direla hezetasuna, eta beherantz doala maila freatikoa —hots, lurpeko uraren kokapena—. «Lur aseetan, urmaeletan, zingiretan, itsasoan edo kostaldeko guneetan dauden material horiek, heze dauden aztarna horiek guztiak lehortzen badira, inguratzen dituen ur kopuruan aldaketak badaude, erabat gal litezke, oso kalteberak direlako».

Hezetasunak babesa eskaintzen die objektu horiei. Eta indusketa baten adibidea jarri du Garcia Boullosak: Arkeologi museoan Urbietako ontzia dago, XV. mendekoa, Urdaibai (Bizkaia) inguruan topatutakoa. Hain zuzen, urez betetako sedimentu batzuetan zegoen. «Atera zenean, kontserbaziorako tratamendu bat egin zen, egurra lehortu zedin saihesteko». Museoan tenperatura eta hezetasun baldintza jakinetan daude induskatutako objektuak, baina eremu horri ere eragin dakioke klimaren aferak: aldaketarik egotekotan, museoetan parametroak berregokitu beharko lituzkete.

Nolanahi ere, zaharberritzailea tentuz mintzatu da kalte horiek denak orokortzerakoan. «Leku bakoitzak bere ondare kulturala du, bere ezaugarri klimatikoak ditu...».

Egoerari nola aurre egin

Ikerketa falta gorabehera, gaur egun zerbait egin daiteke klima aldaketaren eragina leuntzeko? «Aztarnak nola babestu: hori da arkeologiaren kezka handienetariko bat», dio Mendizabalek. «Lehendik ere bazegoen, eta areagotzen ari da». Zalduako aztarnategiaren kasuan, Nafarroako Gobernuak kontsolidazioaren irizpidea aplikatzen du, azaldu duenez. «Hau da, ahalegintzen gara pareta horiek babesten inguruko harriarekin, lehenago eraikita zeuden modu ahalik eta antzekoenean». Esaterako, hormari beste ilara bat gehitzen diote, kaltea ilara berriak jasan dezan, eta ez zaharrak. «Horrek askotan eragiten duena da, nahiz eta aztarna horiek ikusgai jarri nahi, kontserbazio irizpideak direla eta estali behar izatea».

Garcia Boullosak uste du ikerlariek ere ekarpena egin dezaketela. «Ondare kulturalak informazio erabilgarria eman dezake iraganeko klima aldaketei buruz, eta orduko gizarteen egokitzapenaren inguruan». Kontzientzia sortzea iruditzen zaio gakoetako bat, eta bestelako neurriak ere baditu. «Ahalegintzen gara kimika berdea deritzona erabiltzen, naturari eta langileen osasunari kalte txikiagoa egiten baitie».

Baina helburua ikerketak behar du izan: horretan bat egiten dute hirurek. Eta, nolabait, hazirik badago jada. Duela bi urte, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen labar pinturak dituzten kobazuloen monitorizazioa; Garate ari da proiektu horretan. «Hiru hilabetero, neurtzen ditugu tenperatura, hezetasuna, karbono dioxidoa, pintura gorrien eta beltzen kolorea kuantifikatzen dugu...». Erregistro bat taxutzen ari dira, alderaketak egin ahal izateko aurrera begira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxo gero eta japoniarragoa

Amaia Igartua Aristondo

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.
Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. ©GUIILAUME FAUVEAU

Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Ane Insausti Barandiaran

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.