Egunean Behin

Egunean 45.000 aldiz

Kuadrillako elkarrizketetan edo lanean gero eta maizago entzuten da Egunean Behin aplikazioaren berri. Azken hiru hilabetean laukoiztu egin da erabiltzaile kopurua, eta datorren larunbatean finala jokatuko dute Azpeitian.

Ulmako langileek Egunean Behin-eko talde bat daukate elkarren aurka lehiatzeko. Sari paraleloak ere banatzen dituzte. JUANAN RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Hamar galdera motz, eta horiei erantzuteko minutu eskas inguru. Non itsasoratzen da Oka ibaia? Zenbat urte ditu Onintza Enbeitak? Galdera bakoitzak hiru erantzun posible ditu aukeratzeko: Gipuzkoa, Lapurdi edo Bizkaia; 40, 38 ala 46. Egunean partida bakarra joka daiteke, eta lortutako emaitza lagunekin, ikaskideekin edo lankideekin konparatu. Ulertzeko erraza da Egunean Behin aplikazioa, eta Euskal Herrian izaten ari den hedapena, «harritzekoa», Josu Azpillaga Codesyntax enpresako ingeniariaren arabera. Uda aurretik, jokoak 10.000 erabiltzaile zituen, eta aste honetan dagoeneko 46.200 pertsonak jokatu dute partidaren bat. Bigarren denboraldia hasi zenetik 11 aste igaro dira, eta epe horretan laukoiztu egin da erabiltzaile kopurua. Horregatik daude harrituta aplikazioaren sortzaileak, baina era berean baita pozik ere badaude, mezu positibo asko jasotzen ari direlako: «Sumatzen ari gara halako zerbaiten gosea bazegoela». Jokoak izan duen bilakaerak agerian utzi du baieztapen hori.

Egunean Behin-ek izan duen igoera horren atzean egon daitezkeen arrazoiak zerrendatu ditu Azpillagak: «Garrantzitsua izan da muga bat jartzea: egunean partida bakarra jokatu ahal izatea. Aurretik bageneukan galdera-erantzunen antzeko beste aplikazio bat, eta jendea aspertu egiten zen hainbat partida jokatu ondoren». Egunean nahi adina partida jokatu beharrean, bakarraren aukera izanda, erabiltzaileek jokatzen jarraitzeko gogoari eusten diote, haren ustez.

Dioenez, ordea, arrakastaren gakoetako taldeetan dago. Eguneroko galderei erantzun ondoren, norberaren emaitza bere lagunek, familiartekoek edo lankideek egin dutenarekin aldera daiteke: «Jendeari berdin dio sailkapen nagusian 7.000. postuan geratzen bada, baina lagunak baino partida hobea egin duzula ikusteak motibatzen laguntzen du. Uste dut hor asmatu egin dugula». Aplikazioak dituen talde kopuruei begiratuz ikus daiteke hala dela:oraintxe bertan 14.500 talde aktibo daude.

«Nik, adibidez, baditut lau talde, eta nire inguruko euskaldun askok ere jokatzen dute». Ibai Agirrebarrena baionarrak sumatu du bere inguruan hazi egin dela aplikazioaren erabilera, duela hilabete pare bat ez baitziren asko jokoan aritzen zirenak. Orain, Whatsapp-eko elkarrizketak horri buruz dituzte lagunen artean. «Badugu lagun bat beti erantzun gehienak ongi eta azkar ematen dituena, eta gaizki egiten duenean denak trufatzen gara berataz». Horretarako balio baitute Egunean Behin-eko taldeek.

«Jokoak iraungo bazuen, gakoa taldeetan egongo zela garbi ikusi genuen hasieratik, baina ez genuen espero talde publikoak sortuko zirenik». Bigarren denboraldian, ikastetxe batzuen eskaera jaso zuten Codesyntaxen: ea posible izango ote zen norbere sakelako telefonoaren zenbakia inori eman behar izan gabe taldeetara batzea. Eskaera bideratu, eta jokoan eguneraketa bat egin zuten: orain, erabiltzaile bakoitza edozein taldetan sar daiteke, bertako kodea sartuz gero. Funtzionamendu horrekin, lantokietako, ikastetxeetako edo herrietako taldeak sor daitezke, ordura arte kuadrillako, familiako edo lankideen arteko taldeak sortzen ziren lekuan.

Aukera horrekin sortu dira, besteak beste, Zumaiako (Gipuzkoa), Gasteizko Zabalgana auzoko, Ulma enpresako eta Aretxabaleta Lanbide Eskolako ikasgeletako taldeak (Gipuzkoa). «Ikusi geunen Zumaian bazegoela afizioa, eta taldea sortzeko aukera aipatu genuen erredakzioan». Maria Maia Manterola Baleike aldizkariko kazetaria da, eta duela gutxi jarri dute martxan herriko taldea. Ulman ere antzera egin dute, Iraia Elortza Emun-eko euskara teknikariaren arabera —euskara zerbitzua eskaintzen dute enpresan—. Euskararen normalizazioa sustatzeko enpresako talde bat sortu zuten, eta orain bazkalorduko elkarrizketetako gaietako bat da Egunean Behin. 350 langile inguru daude taldean, eta 438 Zumaiakoan. Jokoan dagoen talderik handiena da azken hori, eta astero sariak banatzen dituzte irabazleen artean.

Azpillagak espero ez zuen beste puntu bat da hori: aplikazioko lehiaketan banatzen diren sarietatik aparte, paraleloak diren beste batzuk banatzea talde publiko batzuetan. Zabalganako Euskara Taldeak irailean sortu zuen Egunean Behin-eko taldea, eta sari bat banatzen dute astero. «Lehia sanoa sortzen da», dio Bergoi Mardenaz del Pozo elkarteko kideak. Lehia hori, gainera, euskaraz egiten da, eta horrek euskararentzako arnasgune txiki bat sortzen laguntzen duela dio: «Egunero euskarari minutu bat eskaintzeko aukera da».

Areago, euskara behar bezala menderatzen ez dutenek ere erabiltzeko modukoa dela dio Unai Navarro Aretxabaleta Lanbide Eskolako informatikariak. Euskararen Eguna gerturatu ahala, ikasleen artean euskara bultzatzeko egitasmoen artean sortu zuen ikasgela bakoitzeko talde bat, eta euskaraz hitz egiten ez duen batek irabazi du sarietako bat. «Aplikazioa tresna oso baliagarria da pertsona horientzat».

Galderak: jokoaren gakoa

Aplikazioaren arrakastan taldeak ezinbesteko direla esan du Azpillagak, baina argi du Egunean Behin-en beste gakoa galderak direla. Azkar irakurtzen dira, ulergarriak dira, eta hiru aukeraren artean hautatu behar da erantzuna. Baina, dioenez, erabiltzaile kopuru horretarako «galdera asko sortu behar dira, eta eskuz ezin dira hainbeste egin». Aktualitateari lotutako galderak Codesyntaxeko kideek idazten dituzte, baina gainerako %98 automatikoki sortzen dira, programa informatiko bati esker. «Pertsonaia baten jaioterri edo adinari buruzko galdera Wikipediatik lortutako informazioarekin egiten dugu; informazio askeko webguneak erabiltzen ditugu galderak sortzeko».

Jokoak babesle bat izaten du astero, eta oparia ere hark eskaintzen du. Horrekin batera, galderak idazteko aukera ere ematen zaie. Bertsozale Elkarteak, esaterako, izan zuen horretarako aukera: «Bertsolaritza hizpide izatea eta ezagutaraztea izan zen galdera horiekin lortu nahi genuen helburua», azaldu du Amaia Goikoetxea komunikazio langileak. Aplikazioarekin, gainera, jakin dezakete zer erantzun eman dituzten erabiltzaileek, eta hori informazio interesgarria izan daitekeela dio.

Jokalariek dituzten gabeziak ere agerian geratzen dira horrela. Euskal idazleen inguruko galderak oro har gaizki erantzuten direla esan du Azpillagak, eta Hego Euskal Herriko jokalariek Iparraldekoei buruz ere erantzun okerrak ematen dituztela. Baina Baleike aldizkariko kazetariak azaldu duenez, jokoak transmisio lana egiteko balio du: «Espainiako kulturako informazio asko jasotzen dugu, eta euskal iruditeriatik formatu egoki bat asmatu dute; transmisio lana egiten dute». Galdera asko euskal kulturakoak edo euskal gaitegikoak baitira, eta hori eskertu diete erabiltzaile askok aplikazioaren sortzaileei.

Zuzeneko lehen saioa

Norbera bakarrik aritzen da jokoan, baina hilaren 14an aurrez aurreko lehen saioa egingo dute, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean. Irailetik jokatutako partidetan sailkapen orokorrean lehen hamarren artean geratu diren jokalariak izango dira han. Denera, 150 erabiltzaile, eta Kike Amonarriz arituko da aurkezle lanetan. Ordubeteko saioa izango da. «Aplikazioa fisikoki jokatu ahal izateko aukerarekin garatu dugu, herri eta enpresa batzuetatik idatzi baitigute ekitaldi formatuan aritzeko aukerarik egon ote zitekeen». Horregatik, gaur zortzi egingo den finala froga bat izango da, Azpillagaren arabera. Izan ere, teknologia garatu eta gero, herriren bateko jaietan edo ikastetxe batean Egunean Behin jokoan aritu ahal izango dira, nahi adina pertsona aldi berean eta aurrez aurre.

Hor egon daiteke aplikazioak egingo duen hurrengo urratsa. Gabonen ondoren amaituko da bigarren denboraldia. Hirugarrena urtarrilean abiatuko da. Ikusteko dago, ordea, azken hilabeteetan izan duen gorakadari eutsiko ote dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.