Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Prozesu subiranista «estatu kolpe bat» izan zen, fiskaltzaren arabera

Zaragoza fiskalak adierazi du akusatuek «konstituzioa hautsi nahi» izan zutela, «indarkeria erabiliz». Abokatutzarentzat, indarkeria ez zen «egiturazkoa» izan

Javier Zaragoza fiskala ondorioen berri ematen, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenean. Alboan ditu Estatuko Abokatutza eta herri akusazioa. AUZITEGI GORENA / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Fiskaltza gogor aritu da U-1aren epaiketan, ondorioen berri ematean: «2015eko martxoa eta 2017ko urria bitartean Katalunian gertatu zena, baina batez ere 2017ko irailean eta urrian gertatu zena, estatu kolpe bat izan zen. Ordena juridiko bat beste batekin ordezkatzea, legez kanpoko baliabideen bitartez», adierazi zuen atzo Javier Zaragoza fiskalak. Eta, haren arabera, ustezko gertakari horren protagonistak izan ziren akusatuen eserlekuan dauden 11 buruzagi katalan independentistak: «[Espainiako] Konstituzioa hautsi nahi izan zuten, beharrezkoa zenean indarkeria erabiliz». Epaiketak 50. saioa izan zuen atzo, eta Zaragoza lehenengoz jarri zen akusatuei begira: «Ez dizuet eskatzen zuen sinesteak ukatzeko. Eskatzen dizuedana da, eta uste dut exijitzen dizuedala, errespetatu ditzazuela legeak, elkarbizitza eta besteen eskubideak».

Lau ordu iraun zuen agerraldian, fiskalek indarkeria oinarri zuen prozesu subiranista bat deskribatu zuten, eta horren gidaritzan jarri zuten Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia: «Ezin da sedizioa [delitua] izan, ordena konstituzionalaren aurkako delitua izan zelako, ez ordena publikoaren aurkakoa. Erabilitako indarkeria baliabide bat izan zen independentzia deklarazioa errazteko [...] Horregatik izan zen matxinada, eta ez sedizioa», argudiatu zuen Zaragozak, Estatuaren Abokatutzak gerora defendatuko zuen jarrerarekin kritiko agertuz.

2017ko udazkenean gertaturikoa, beraz, ezohikotzat jo zuen fiskaltzak, hasiera-hasieratik egin duen gisara. Izaera horren adibide dira, Zaragozaren ustetan, Espainiako Gobernuak Kataluniara 6.000 agente baino gehiago bidali izana; Felipe VI.a erregeak urriaren 3an bizikidetzari buruz egin zuen hitzaldia, galdeketa egin eta bi egunera; eta Madrilek Konstituzioko 155. artikulua aplikatu izana: «Horiek frogatzen dute eraso bat izan zela».

Fiskalaren esaldi entzutetsuena, baina, honako hau izan zen: «Erreferendum bat egitea delitu da, despenalizatuta egon arren». Horregatik, kartzela zigor hauek eskatu dituzte akusatuentzat: 25 urtekoa Junquerasentzat; hamazazpina urtekoak Jordi Sanchezentzat, Jordi Cuixartentzat eta Carme Forcadellentzat; hamaseina urtekoak Jordi Turullentzat, Josep Rullentzat, Joaquim Fornentzat, Raul Romevarentzat eta Dolors Bassarentzat; eta zazpina urtekoak Carles Mundorentzat, Meritxell Borrasentzat eta Santi Vilarentzat.

Interpretazio ezberdinak

Estatuaren Abokatutzak, ordea, interpretazio ezberdina egin du indarkeriaren erabileraren inguruan. Harentzat ere indarkeria izan zen, baina ez zen «egiturazkoa» izan, fiskaltzak argudiatzen duen bezala, eta horregatik defendatu zuen sedizio delitua, matxinada defendatu beharrean.

Rosa Seoane abokatuak, beraz, adierazi zuen ez zela behar adinako indarkeria izan prozesu subiranistari indarkeria egozteko: «Ezin dugu frogatutzat jo indarkeria akusatuek euren xedeak betetzeko egin zuten planaren egiturazko elementu bat izan zela».

Halere, ohartarazi zuen akusatuetako bederatzik «era antolatuan» parte hartu zutela «U-1ean izandako errebolta publiko eta zalapartatsuan», independentzia erreferenduma eragoztea zuen mandatu judiziala «neutralizatzeko».

Horretan oinarrituta, abokatuak sedizioa eskatu zuen 11 akusatuentzat, eta honako kartzela zigor eskari hauek: hamabi urtekoa Junquerasentzat; 11 urte eta erdinakoak Turullentzat, Romevarentzat, Fornentzat, Rullentzat eta Bassarentzat; hamar urtekoa Forcadellentzat; zortzina urtekoak Sanchezentzat eta Cuixartentzat; eta zazpina urtekoak Mundorentzat, Borrasentzat eta Vilarentzat.

Akusatuen defentsek datorren astean emango dute euren ondorioen berri. Andreu Van den Eynde abokatuak atzo aurreratu zuen fiskaltzarenak eta Estatuko Abokatutzarenak ez direla «inola ere arazo izango» haientzat.

Bide beretik, Jordi Pina abokatuak adierazi zuen atzokoak «mitin politiko bat» zirudiela: «Kataluniari buruz denean, indarkeriaren kontzeptua erabat aldatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.