Errusiako hauteskundeak

Putinek gehiengo osoa berritu du parlamentuan, iruzur salaketa artean

Errusia Batua alderdiak botoen erdiak eskuratu ditu, eta ordezkarien bi heren izango ditu behe ganberan. Errusiako Alderdi Komunista izan da bigarrena

Zenbaketa. Tokiko hauteskunde batzordeko kideak botoak zenbatzen, igandean, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak kontrolpean izango du, beste bost urtez, parlamentuko behe ganbera. Estatuburuaren Errusia Batua alderdiak gehiengo osoa berritu du ostiraletik igandera bitartean egin ziren bozetan. Botoen ia %99,7 zenbatuta, horien erdiak eskuratu ditu (%49,8), eta ordezkarien bi heren baino gehiago izango ditu —300 parlamentaritik gora, 450 kideko ganbera batean—. Ordezkaritza horrekin, ez du arazorik izango ekinaldi legegileak ganberan onartzeko, gainerako indarren beharrik gabe. Boto zenbaketak aurrera egin ahala, hainbat irregulartasun salatu dituzte oposizioak eta zenbait elkarte ikuskatzailek.

Putinen garaipena ez da sorpresa izan, baina ikusteko zegoen ea, iragarria zegoen bezala, haren babesak behera egingo zuen ala ez, eta hala egitekotan, zenbateraino. Parlamentuan duen kontrola argia bada ere, emaitzek aurrekoan baino sostengu apalagoa aitortu diote Errusia Batuari. Alderdiak botoen %54 eskuratu zituen 2016an, azken bozetan baino ia bost puntu gehiago.

Bigarren indarra izan da PKRF Errusiako Federazioko Alderdi Komunista, botoen %19 lortuta. Komunistek XXI. mendean herrialdean lortu duten emaitzarik onena izan da.Kontrako joeran, sostengua nabarmen galdu du LDPR Errusiako Alderdi Liberal Demokratak. Botoen %13 eskuratu zituen aurrekoan, eta %7,5 lortu ditu orain. Bidezko Errusia alderdi sozialdemokratak botoen %7,4 bildu ditu, eta Jende Berria alderdi sortu berriak ozta-ozta gainditu du parlamentuan sartzeko botoen %5eko langa (%5,4). Aldiz, behe ganberatik kanpo geratu dira Jabloko alderdia eta ekologistak. Parte hartzea %52 izan da, 2016an baino bost puntu handiagoa.

Oposizioak, dena den, auzitan jarri ditu emaitzak, eta hainbat irregulartasun salatu ditu. Hala egin dute bozen jarraipenean aritu diren zenbait elkartek ere. Besteak beste, salatu dute legez kanpoko botoekin bete dituztela hainbat hautetsontzi eta boto elektronikoen zenbaketa desitxuratu dutela Errusia Batuaren alde. Alderdi Komunistako zenbait goi agintarik, esaterako, ez dituzte onartu Moskuko boto elektronikoen emaitzak, eta protestara deitu zuten atzo, hiriburuaren erdigunean. Dmitri Novikov alderdiko Batzorde Zentraleko presidenteordeak protesta gehiago iragarri zituen astebururako Moskun eta herrialdeko beste eskualde batzuetan, «herritarren ahotsa entzun dadin».

Aleksei Navalni oposizioko politikari espetxeratuaren gertukoak ere kexatu dira. Gaitzetsi dute euren Telegrameko kanala eta sakelako telefonorako aplikazioak itxi zituztela joan den ostiralean, Moskuren presioen ondorioz. Navalniren kideek «boto taktikoa» emateko erreminta gisa sortu zituzten aplikazio eta kanal horiek. Haien bidez, boto emaileei jakinarazi nahi zieten zeintzuk ziren barruti bakoitzean Errusia Batuari irabazteko aukera handiena zuten hautagaiak, horien alde bozkatu zezaten.

Errusiako Gobernuak ukatu egin ditu iruzur akusazioak, eta hauteskunde «lehiakor, ireki eta garbiak» izan direla ziurtatu du. «Presioa» salatu du Kremlinek ere, baina AEBen eta Erresuma Batuaren aldetik. Bozen emaitzak zalantzan jartzeko ahaleginean aritu dira, haren esanetan.

Brusela ez dator bat Moskurekin. EB Europako Batasunaren iritziz, «ahots kritiko eta independenteen kontrako larderia giroan» egin dira Errusiako azken hauteskundeak. Peter Stano Europako Batzordearen Atzerriko bozeramaileak oposizioaren gaineko «errepresioa» salatu du.

Zeharka, Stanok erreferentzia egin dio Navalniren kasuari. Oposizioko buruzagia espetxean da urtarriletik, eta haren elkarte politikoak legez kanporatu zituen justiziak joan den ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.