Jatorriari begiratzeko garaiak

Sektoreak ez du argi ikusten nola atera behar duen aurrez aurre duen atakatik, baina ez du etsi nahi; Errioxako ardora jotzean, Arabako Errioxakoa dela ziurtatzeko dei egin dute upategiek.

Samaniegoko Amaren upategian, mahats zuriarekin lanean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
Samaniego
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Upategiek ez dute ezagutu horrelako krisirik; Atzeraldi Handian ere ez. Salmentak ez baitira sekula hain modu azkarrean amildu. Martxoan abiatutako amesgaiztoak bere alperra pasatu du Arabako Errioxako jarduera nagusian, baina etsipenari aurre eginda, mahats bilketari ekin diote upategiek. Positiboei izkin egin beharra inoizko ahalegin handiena eskatzen ari da mahatsa upategiratzean, eta sektoreak batasuna eskatu du, kontsumitzaileei ere elkartasuna eskatuz.

Nola nahi duten elkartasuna? Arabako Errioxako ardoak bereizita Errioxako sor-markako ardoak erostera joatean, «sagardoa, txakolina eta Idiazabal gazta bereizten dituzten bezala». Luis Cañas upategiko arduradun Jon Cañasek «ardura handiagoa» nahiko luke kontsumitzaileen artean: «Gure produktuak gehiago babestu beharko genituzke, gure ekonomiak aurrera egin dezan. Lurra eta produktua dugu, apartekoak biak; orain hori behar bezala helaraztea falta zaigu, kontsumitzaileak barnera dezan, eta dendara joatean bere hautua jakintza handiagoz egin dezan».

Martxo-apiriletan dena zen zalantza upategientzat, eta orain ere ziurgabetasunak ez du behera egin, baina mahats bilketa egite hutsa garaipen txiki bat da haientzat. «Batzuetan ahazten zaigu lur honetako jendea noraino hel daitekeen, eta hementxe gaude gure ogibidea eta gure lurra aurrera ateratzen». Juan Luis Cañas jabeak hartu dio lekukoa Jon semeari: «Orain ezin du ezerk huts egin; bilketa egin behar da, eta ezin dugu positiboengatik geratu; beraz, gure eskuan dagoen dena egiten ari gara positiboak egon ez daitezen, segurtasuna muturrera eramanez».

Europarragoak bihurtzen

Juan Luis Cañasek koronabirusa gainditu du, eta hark eragin duen krisia gainditzeko prest dago, halaber. «Ez daukat beldurrik; zuhurtzia bai». Euskal Herriko merkatuan eta Espainiakoan egoera «negargarria» dela ez du ezkutatu: «Ostalaritzako kontsumoa erabat erori da, eta esportazioa ari da pixka bat eusten egoerari. Kontua da %30 baizik ez dugula esportatzen guk; beharbada portzentaje hori handitzeko garaia heldu zaigu».

Izan ere, Luis Cañas eta Amaren upategien jabeak arazoa bere neurrian kokatu behar duela uste du, eta neurri hori uste baino handiagoa izango dela dio. «Noiz normalizatuko da hau guztia? Hori baita arazoa, ez dezagun erratu. Kontsumitzaileak erabateko normaltasunez joan arte taberna, jatetxe eta dendetara, ez da suspertuko erabat gure sektorea. Eta oso urrun dago oraindik normaltasun hori». 2021. urtea ere ez dela normala izango sinetsita dago. «Ez dut aurreikuspen hoberik ikusten, nahiz eta txertoa lehenago iritsi». 2021eko uda aurtengoa baino hobea izango dela uste du ardogileak, bai, baina... «Ez da normala izango, eta askok kiebra joko dute lehenago».

Non dago Villabuena?

Pandemiak elkarrengandik aldenduago egoteko beharra ekarri du, eta aldaketak ekarriko ditu kontsumo ereduan ere. Halaxe uste du Juan Luis Cañasek: «Beste bizitza estilo bat hedatzen ari da, eta zerbait geratuko da gerorako. Tragoak hartzen direla tabernaz taberna Euskal Herrian? Bai, baina gero eta gutxiago, eta datorrena ohitura aldaketa bat da kontsumoan; lehendik ere bazetorren. Ardoa dendetan salduko da gehiago eta gutxiago ostalaritzan, eta horretarako prestatu behar dugu; saltoki handietan beste modu batera hasi dira jorratzen ardoaren atala, eta hori ondo dago».

Baina euskal ardoak, oro har, hobeto kokatu behar duela dio Cañasek. «Aurrekoan Donostiako jatetxe batean izan nintzen, Miramonen, eta Arabako Errioxako ardoa eskatu nuen. Zazpi atera zizkidaten, bata bestearen atzetik, eta denak Errioxakoak azkena salbu: Baigorri zen, Samaniegokoa. Zerbitzariak ez zuen ideiarik ere Samaniego non dagoen. Ez badakigu Villabuenako ardoa euskal ardoa dela eta Harokoa ez, atera kontuak».

Uste du administrazioak alor horretan lan handia duela egiteko, Arabako Errioxan «ardo bikainak» daudelako aspaldian, jarduera jasangarri baten bidez sortuak. «Euskal merkatuan ez dugu kuota nahikorik, eta kuota hori handituta iritsiko da susperraldia iritsiko bada. Arabako Errioxa apur bat bazterturik utzi dugu, hegoalde honetan, eta bada garaia jakiteko Euskal Herria zer den eta zer ez den». Sektore oso bati buruz ari dela erantsi du: «Hornitzaileei berdin pagatuko diegu mahatsa, ez ditugu bazterrean utziko, gu ez baikara dibidenduak banatu behar dituen enpresa handi bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.