«Eraberritze sakona» amaitu du EHEk

Oinarri ideologikoa, estrategia eta antolaketa kualitatiboa eguneratu ditu Euskal Herrian Euskaraz plataformak. «Jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa» egin nahi du normalizazioan

Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herrian Euskaraz plataformak «eraberritze prozesu sakona» egin du, «Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesuak abagune berri honetan dituen erronkei erantzuteko» asmoz. Hala, EHEren hurrengo urteetako estrategiaren helburua «horrenbeste aldarrikatu den euskararen jauzia gauzatzea» izango da, eta jauzi hori «diskurtsoetatik errealitatera» eramatea.

Lau hamarkadako ibilbide «oparoa» egin ostean, EHEk «garai berrietara» egokitzeko beharra identifikatu du, eta horretarako lanean aritu da azken hilabeteotan. Hala, herri mugimenduaren oinarri ideologikoa, hurrengo urteetarako estrategia eta egitasmoak, eta antolaketa eredua berrikusi eta eguneratu ditu; eraberritzearen lehen emaitza otsailean aurkeztutako Ikusmira agirian bildu zen.

EHEk jakinarazi duenez, plataformaren hurrengo urteetarako estrategiaren ardatza «euskararen normalizazioan jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa gauzatzea» izango da, eta hori aurrera eramateko jarraituko dituen ildoen berri eman du: «euskalduntzearen aldeko borrokak piztu eta sustatzea», «borroka ideologikoan» urratsak egitea, «euskararen normalizazio prozesua eta burujabetza prozesuak uztartzeko ekimenak garatzea», gazte belaunaldiak «euskararen borrokara batzea», eta «mota guztietako zapalkuntzak jasaten dituzten eragileekin aliantzak eraikitzea».

Bestalde, EHEk aldaketa «sakona» egin du antolaketan eta funtzionamenduan ere, herrietako taldeen partaidetzan soilik oinarritutako egituraketa izatetik «komunitate malgu batera eta parte hartzeko askotariko moduetara» igaroko delako. Hortaz, hemendik aurrera ez da ezinbestekoa izango herri bateko taldekoa izatea EHEko kide izateko.

2022ko topaketak

Prozesu horrekin batera, EHEk Gazte Independentisten Topaketak antolatuko ditu lehen aldiz 2022an. Xehetasunak aurrerago emango ditu, baina iragarri du «euskalgintzako talde oro» gonbidatuko duela topaketetara, «elkarrekin hurrengo urteetako erronkak aurreikusi eta egitasmo posibleen bide orria adosteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.