Grina legetzat hartuta

Imanol Alguacilek Realeko entrenatzaile gisa zuzendutako 38. partida izan da Getaferen aurkakoa. Igandean galdu bazuten ere, emaitza onak lortu ditu Realean: liga oso bat jokatu balitz, Europako postuetan legoke talde txuri-urdina

Imanol Alguacil, aginduak ematen, Realak sasoi honetan Espanyolen zelaian jokatutako partidan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Poztekoa behar zuena mingostu egin zitzaion Imanol Alguacili. Orioko prestatzaileak igandean bete zituen 38 partida Realeko entrenatzaile gisa, liga oso batean adina. Azkena Getaferen aurkako porrota izanagatik, aldi horretan 60 puntu atera ditu taldde txuri-urdinak haren aginduetara. Urte gehientsuenetan, Europarako sailkatzea ekarriko luke batezbesteko horrek.

EUROPARI SO: 60 PUNTU

Eusebio Sacristanen lekua betetzeko igo zuen Realak Imanol Alguacil 2018ko martxoaren hasieran. Artean Reala B-ko prestatzailea zen, eta estu zebilen lehen taldea. Salzburgek Europa ligatik kanporatu zituen txuri-urdinak, eta Espainiako ligan gain behera hasita zegoen taldea. Espainiako Kopan ere porrot mingarria izan zuen hilabete batzuk lehenago: Bigarren B Mailako Lleidak kaleratu egin zuen, Anoetan irabazita (2-3).

Hain justu, maila hartatik egin zuen jauzia Imanolek, eta haren etorrera susperraldia izan zen Realarentzat. Taldea zuzentzen hasi zenetik sasoia amaitu bitartean, bederatzi neurketa jokatu zituzten donostiarrek, eta irabazi egin zituzten haietatik bost. Sasoia amaitu bezain pronto, bigarren taldera itzuli zen Imanol.

Realaren beste estualdi batean,Jokin Aperribairen zuzendaritzak berriz jo zion atea. Udan Asier Garitanoren aldeko apustua egin zuen klubak, baina bergararraren ibilia motza izan zen: kaleratu egin zuten abendu amaieran. Berriz taldearen gidaritza hartuta, txuri-urdinen norabidea zuzentzea lortu zuen Imanolek. Itzuli orduko, garaipen handia eskuratu zuen Santiago Bernabeun(0-1), eta galdutako sendotasuna eman zion taldeari. Gora eginda amaitu zuen Realak 2018-2019ko sasoia: azkenera arte izan zuen Europan sartzeko aukera, baina Espanyolen etxean galdu egin zuen azken jardunaldian, eta saririk gabe amaitu zuen denboraldia.

Oraingoan, zuzendaritzak sasoi hasieratik aritzeko aukera eman dio Imanoli. Europako xedea oraindik ere badu Realak, eta, 2019-2020ko lehen partidetan emandako mailari esker, segitu egiten dio batezbesteko horri. Azken bi partidak galdu dituen arren, bosgarren dira sailkapenean txuri-urdinak.

Imanolek, berriz, 60 puntu bildu ditu Reala gidatu duen 38 partidetan: hamazazpi partida irabazi ditu, bederatzi berdindu, eta hamabi galdu. Datu onak dira; aurreko sasoian, Getafe izan zen bosgarren sailkatua. Jose Bordalasen taldea 59 punturekin sailkatu zen Europa ligan aritzeko.

BERE IDEIARI LEIAL

Imanolen taldeak aurrerapauso bat eman du aurten jokoari dagokionez. Zelai erditik aurrera aritzeko jokalari onak fitxatu ditu Realak, eta haien aldarte onean oinarritu dira txuri-urdinak lehen jardunaldietan puntu sorta biltzeko. Ez hori bakarrik; oriotarraren nahia da taldea gai izatea unean uneko egoeretara egokitzeko, eta xede horri jarraika segitzen du prestatzaileak. Grina du lege Imanolek; emaitzak ez ezik, bere jokalariek zelaian dena emateak balio diola adierazi izan du. Azken aldiz, igandean.

ETXEAN, INDARTSU

Realak Imanolen esanetara jokatutako 38 partidetan 60 puntu eskuratzearen arrazoietako bat Anoetan erakutsitako sendotasuna da. Hemezortzi partida jokatu dituzte Anoetan, eta balantzea oso ona da. Hamabi neurketa irabazi dituzte, hiru berdindu, eta beste hiru galdu; 37 gol egin ditu, eta hamasei sartu dizkiote.

Anoetako sendotasun hori gako izan da Europan aritzeko batez besteko estatistikak lortzeko garaian. Izan ere, etxetik kanpo ez da horren sendo aritu Donostiako taldea. Hogei neurketa jokatu ditu bere zelaitik urrun, eta galdu egin ditu partidarik gehienak: bederatzi. Berdindu egin ditu sei, eta irabazi bost. Guztira, 21 puntu eskuratu ditu etxetik kanpo, etxean baino hemezortzi gutxiago (39).

HARROBIKOAK, ZENBAT?

Realeko entrenatzaileen ibilbidea aztertzeko orduan, kontuan hartzekoa da harrobiko zenbat jokalari aritzen den zelaian. Alde horretatik, gorabeheratsua izan da Imanolen egitekoa txuri-urdinen prestatzaile denetik. Boladak izan dira; beharraren arabera jokatu du.

Debuta egindakoen kopuruari erreparatuz gero, berriz, bere aurretik egondako prestatzailearen kopuru bera da. Lau jokalarik egin dute estreinakoa Imanolen esanetara, eta beste hainbestek debutatu zuten Asier Garitanorekin. Oriotarrak Aihen Muñozi, Roberto Lopezi, Alex Solari eta Martin Zubimendiri eman die aukera Realarekin estreinakoz aritzeko.

Taldea berriz hartu zuen egunean eman zion aukera Aiheni, Santiago Bernabeuko garaipena eskuratu zutenean; atzelari nafarra hasieratik aritu zen, eta, ordutik, lehen taldearekin aritu da etenik gabe. Beste hiru jokalariek, berriz, bigarren taldearekin gehiago jokatu dute nagusienekin estreinakoa egin ondoren. Etorkizuneko jokalari gisa definitu izan ditu prestatzaileak.

BERRITZEKO BIDEAN

Iragan abenduan berriz ere taldearen kargu egin zenean, Realak eta Imanolek urte eta erdiko kontratua sinatzea adostu zuten. Horiek horrela, ordurako abian zen sasoia amaitu eta beste oso baterako tartea zuen prestatzaileak. Datorren urteko ekainaren 30ean amaitzen da bi aldeen arteko hitzarmena.

Realak kontratu hori urtebetez luzatzeko aukera du, eta badirudi asmo horrekin dabilela Aperribai buru duen zuzendaritza. Imanolekin lortutako emaitza onak eta aurrera begira duten itxaropena dira horren funtsa. Europa du xede Realak, eta hori lortzeko behar diren zenbakietatik hurbil dabil Imanolen aginduetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.