Pako Aristiren elkarrizketaz gogoeta

2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 11n Pako Aristiren Rosa Itzuli da azken nobelari buruzko elkarrizketa mamitsu eta sakona eskaini zigun egilearekin BERRIAk. Nik neuk irakurri dut nobela, on eta sakona iruditu zait eta, haren esanahi osoaz jabetzeko gehiago irakurri beharko dudan arren, hausnarketa egiteko aukera paregabea eskaintzen digula iruditzen zait. Gauza bera esan dezaket Pako Aristiri egindako elkarrizketaz, eta hausnarketa batzuk egiten saiatuko naiz, guztiontzat aberasgarri izango direlakoan.

Lehenik eta behin, Parot doktrinarekin kartzelatik atera ziren presoez eta, oro har, borroka armatuak Euskal Herrian eta, bereziki, ezker abertzalean izan duen garrantziaz egin nahi ditut gogoeta batzuk. Pako Aristik ezin hobeto adierazten duenez, ukatu ezin den errealitate bat gertatu da preso horiekin: isil-isilik eta batere zaratarik egin gabe atera ziren espetxetik; horrenbeste sufritu duten pertsonez oso gutxi kezkatu garela iruditzen zait. Pertsona horiekin gertatu denak hausnarketa sakonago bat egitera narama: ezker abertzaleko militante izan garen guztiak —eta artikulu hau izenpetzen duenak badaki horretaz zerbait— garai batean izugarri maite izan genituen preso eta iheslariak. Kontuz! Inork ez dezala gaizki interpretatu. Aspaldi jarri nintzen ni, arrazoi etikoek bultzatuta, borroka armatuaren eta pertsona horien kontra, baina horrek ez du errealitatea ezabatzen, hots, militante armatuen itzala handia zela ezker abertzalean, militante politikoekin alderatuta. Orain, ordea, ziklo berri honetan, eta esan beharrik ere ez daukat asko poztu ninduela egoera berria etorri izanak, oso kuriosoa da gertatu dena: militante armatu horiek atera dira, zorionez, espetxeetatik eta guztiz baztertuta geratu dira. Guztiz deigarri egiten zait militante eta pertsona horien baztertzea. Ezker abertzaleko aparatu politikoak, ordea, boterea hartu du —zer esanik ez, oso ondo iruditzen zait, betiere egongo bainaiz bide politikoen, eta ez armatuen, alde— eta garai batean aginte osoa zuen adar militarra guztiz baztertuta eta ahaztua geratu da. Ez al dago orduko pertsona horiek, gaizki egin zutena aitortu eta gero, borroka zibil eta baketsuan nolabaiteko botere eta protagonismoa hartzeko bidea? Jakina, ez da buruzagirik egon behar, buruzagi politikoak izan ezik, euskal gizarte zibilean, denok bide zibil eta baketsuen bidez egin behar baitugu Euskal Herri berri eta libre baten aldeko borroka, horretaz ez dut dudarik baina militante armatu gogor horiek, gogortasun hori gabe, gure ondoan eta euskal gizartean toki handiagoa izan beharko luketela iruditzen zait, gehiegizko esku-hartzerik gabe, baina haiek ere har dezatela borroka baketsuaren bidea, gure herriko bakea eta askatasuna lortzeko prozesuan.

Bigarrenik, desaktibazioaren eta desideologizazioaren gaiaz egin nahi dut hausnarketa. Egia da, kontrakoa ematen zuen arren, ezker abertzalearen ziklo berriak nolabaiteko desilusioa eta desaktibazioa ekarri dituela euskal gizartean. Guztiz egia da hori eta bat nator Pako Aristik eta Rosak, nobelaren protagonistak, esaten dutenarekin. Egia da, desaktibazio ideologiko handia, borroka armatuari buruzko diskurtso hegemonikoaren inposizioa, Euskal Herriko idealen apaltzea, herri menderatuaren kontzientzia galtzea, herri gisa bizi eta sufritu duguna belaunaldi berriei transmititu ezin izatea... gertatu direla eta ez dut inolaz ere ukatuko. Errealitate horren zergatiak, ordea, askoz konplikatuagoak dira eta hori da, agian, Pako Aristik, bere borondate onenarekin seguru asko, bere analisian osotasunean esplikatzen ez duena; hots, zergatik iritsi gara, herri eta komunitate gisa, egoera triste honetara? Jakina, ezin diogu geure buruari gezurrik esan: borroka armatuaren aurreko zikloak, bere ondorio guztiekin (hilketak, atxiloketak, torturak, errepresioa, beldurra... ) sufrimendu eta etsipen handia ekarri zion euskal gizarteari eta etsipen horrek gaur egun bizi dugun egoera ekarri du: jende askok ez du euskal arazoaz ezer jakin nahi, zauriak bizi-bizirik daude, presoen eta biktimen arazoak konpondu gabe jarraitzen du, alderdi politiko bakoitza bere jokoan sartuta dabil eta, hitz batean esanda, ez da itxaropenik ikusten zerumugan. Beraz, Pako Aristik elkarrizketan esaten dituen gauza asko guztiz egia diren arren, hori bakarrik ez da nahiko. Herri gisa dugun tristura gainditu behar dugu, benetan askatasunaren aldeko desobedientzia zibilean oinarritutako ziklo berri batera irits gaitezen.

Bukatzeko, herri honetan gertatu dena adosteari buruzko bere ikuspegia ematen du Aristik eta, zenbait puntutan arrazoia falta ez zaion arren, arazoa konplexuagoa dela uste dut. Egia da: herri batek bere historia kontatzeko eskubidea du, baina pentsaera eta sentsibilitate desberdinetako euskaldunok bizi gara gaurko Euskal Herrian, Pako, eta errealitate horrek derrigorrean ikuspuntu desberdinen artean adostasunak bilatzera behartzen gaitu, areago biktimen eta presoen bezalako gai gogor eta korapilatsu batean. Horrela euskaldun guztion sufrimendua nolakoa izan den argi ikusiko dugu, gainditzeko bideak topatuko ditugu eta, denon artean, euskal gizarte baketsu eta librea sortzeko gai izango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.