Alaitu aurpegi hori

Ruben Garciaren kalitatea erabakigarria ari da izaten Osasunarentzat. Erdilariak minez hasi zuen denboraldia, baina indar betean dago jada. Lau gol daramatza.

Ruben Garcia, Jokerren imintzioa egiten, Mallorcari gola sartu berritan. CATI CLADERA / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Joker fikziozko pertsonaiaren paperean sartu da Ruben Garcia (Xativa, Herrialde Katalanak, 1993). Haren keinuetako batekin ospatu zuen joan zen ostegunean Mallorcari egin zion gol puska. Eta imitazioa imintzio huts batetik harago doa, erdilaria gaizkile zirtolari bat bihurtu baita aurkarientzat. Irribarre egiten duenean, haienak egin du. Bestalde, jendeari barre eragitea da Jokerren helburu nagusia; hasieran, bederen. Bada, bere deabrukeriekin, valentziarrak zale gorritxoen bekokiak alaitzen ditu partida guztietan. Jokalari guztiek dute garrantzia Jagoba Arrasateren gidoian, baina Ruben Garcia da protagonista. Hala izan zen joan zen denboraldian, eta sasoi honetan ere hura ari da rol nagusia antzezten.

Hark gidatuta ezarri zuen Osasunak etxeko marka berria, Alavesen aurkako derbian. Erdilariak jolaserako gogoz ekin zion neurketari, eta haren oinetatik igaro ziren gorritxoen erasoko jokaldi gehienak. Gainera, eraginkor aritu zen ate aurrean, berriz ere: 1-0koa egin zuen 20. minutuan. Hala, hirugarren jardunaldiz jarraian sareratu zuen baloi bat, bere ibilbidean aurrenekoz. Berdindu egin du Xiscok iragan sasoiaren amaieran izandako bolada, eta orain, Roberto Torresena —lau jardunalditan jarraian sartu zuen gola 2016-17ko sasoian— eta Chengue Moralesena ditu jomugan —bost gol bost partidatan 2004-05ekoan—. Gorengo mailan inoiz lorturiko markarik onena ere berdindu du, lau gol baitaramatza. Taldeko golegilerik onena da; atzetik ditu Chimy Avila eta Roberto Torresen, hiru alerekin.

Sasoiari ez zion nahi bezala ekin, pubiseko arazoen ondorioz. Deialditik kanpo gelditu zen aurreneko jardunaldian, eta aulkian hasi zuen hurrengo lehia. Geroztik, behin baino ez da gelditu hasierako hamaikakotik at. Arrasatek fede itsua du haren talentuan, eta bitan pentsatu gabe eman dio aginte makila, fisikoki osatzen hasi orduko. Erdilariak jardunaldi batzuk behar izan ditu nafarren jokamolde biziak eskatzen duen erritmora egokitzeko, baina sasoi betean da jada. Hala erakutsi du azken sei neurketetan. Levante eta Vila-realen aurka hasi zen distira berreskuratzen; eta, Granadaren kontra atseden hartu ondotik —ebakuntza bat egin zioten—, bere mailarik onenera gerturatu da Valentzia, Mallorca eta Alavesen kontra, besteak beste, hiru gol sartuta.

Esfortzua eta diziplina oinarrizkoak dira Osasunan. Zernahi ere, hori baino gehiago behar da elitean lehiatzeko. Funtsean, kalitateak desorekatzen ditu partidak. Bada, Ruben Garciak sobera dauka. Makilatxo magikoa balitz bezala, aztikeriak egiten ditu ezker oinarekin. Erasoko keinu tekniko guztiak maisuki menperatzen ditu. Orain falta jakin bat, gero orpoarekin egindako pase dotore bat, hurrena erdiraketa zital bat... Sarrera ordaintzea justifikatzen duen horietakoa da. Sasoi honetan, ezker hegalean ari da, 4-4-2ko sisteman; eta, erdian erosoago moldatzen den arren, berdin-berdin segitzen du. Gozatzen eta gozarazten, alegia.

Inbertsioak merezi zuen

Bigarren sasoia du Osasunan. Aurrekoan, utzita aritu zen —izatez nafarrena zen haren jabetza, baina Levantek musu truk berreskuratzeko aukera zuen—, eta ahalegin ekonomiko handia egiteko konbentzitu zuen Osasuna: zazpi gol sartu, eta goleko hamalau pase eman zituen; hala, Osasunak hiru milioi euroren truk fitxatu zuen sasoia bukatu ondotik. Klubaren inoizko fitxaketarik garestienetan bigarrena bihurtu zen, Dady-ren atzetik: iruindarrek 3,5 milioi euro ordaindu zituzten 2007-08ko sasoian. Cabo Verdekoaren kasuan ez bezala, kukuak ez dio oker jo Osasunari, inbertsioari etekin handia ari baitzaio ateratzen. Erdilaria erabakigarria izan da orain arte, eta onena oraindik etortzeke dagoela dirudi. 2023 arteko kontratua du, eta 7,5 milioi euroko etete klausula.

Oso gazterik egin zuen debuta Lehen Mailan, 19 urte eskasekin. Levanteren haztegian zaildu zen zenbait urtez, eta 2012-13ko sasoian jaso zuen talde nagusian jokatzeko aukera. 15. jardunaldian sartu zuen lehen gola, eta, modu horretan, Levanteren golegilerik gazteena bilakatu zen mailarik gorenean. 44 lehia jokatu zituen denboraldi hartan. Hurrengo sasoian ere funtsezkoa izan zen Herrialde Katalanetako taldean, baina hortik aurrera garrantzia galduz joan zen, 2017an Sportingera utzita irteteraino.

Han, distira egin zuen, eta Osasunaren arreta bereganatu. 2018ko udako merkatuaren azken txanpan fitxatu zuten nafarrek, Levanterekin negoziazio zailak izan eta gero. Hara itzuli zen joan zen ekainean, eta, han, bere bihotzeko taldean geldi zitekeen. Haatik, Iruñean irribarre egiten segitu nahi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.