Badute nori erreparatu

Realak bigarren aldiz jokatuko du Espainiako Superkopan. Donostiarrak izan ziren lehiaketako lehen txapeldunak: 1982an izan zen, Real Madril aurkari zutela.

Realak irabazi zuen lehen aldiz Espainiako Superkopa. Irudian, ateratako hamaikakoa. Real Madrilen aurka izan zen garaipena. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Barealdi luze bezain ernegarri baten ostean, pixkanaka, Realaren jirakoak ari dira berriz ere nabaritzen txapelketa ezberdinetako partida erabakigarrietan aritzeak sortzen dituen kirioak. Txuri-urdinak Espainiako Superkopako lauko finalean ariko dira gaurtik aurrera. Lehiaketa horretan ariko diren bigarren aldia izango da donostiarrentzat; aurrez, 1982an aritu ziren, txapelketaren estreinako aldian. Real Madril izan zuten aurkari orduan: txapeldun izan ziren txuri-urdinak.

Espainiako Liga bi aldiz segidan irabazita, Realaren historiako garairik onenean abiatu zuten Superkopa. Garaikur hori lortu zuen taldeko kidea zen Roberto Lopez Ufarte (Fez, Maroko, 1958) jokalari ohia: «Lehen aldia zen, eta bazuen arrisku bat, bi partidetara jokatzen zelako. Madrilen jokatu genuen joanekoa, eta han nahiko gaizki tratatzen gintuzten; joko aldetik eta ostikaden bidez gu kikiltzen saiatzen ziren», esan du Ufartek. Etxetik kanpo izandako partida hura galdu egin zuen Realak: 1-0.

Dena den, Atotxan jokatutako itzulerakoa izan zen neurketa erabakigarria: arauzko denbora emaitza berarekin amaitu ostean [1-0, Uralderen gol bati esker], txuri-urdinek astindu egin zituzten zuriak luzapenean: «Talde indartsua genuen, eta joko onarekin eta lehiakortasunarekin irabazi genien».

Itzulerakoa norgehiagoka «gogorra» izan zen, jokalari ohiaren esanetan. «Kosta egin zitzaigun gol bat egitea eta finala berdintzea». Real Madrilek «oldarkor» jokatu zuela esan du Lopez Ufartek, eta, hori dela-eta, jokalari bat gutxiagorekin amaitu zutela: «Juan Jose [Jimenez] zen ni zaintzeaz arduratzen zena, eta kaleratu egin zuten. Harrigarria zen, normalean epaileek ezikusiarena egiten zutelako. Jo egin ninduen; zalaparta sortu zuten gero, eta kalera bota zuten».

Egoera horretan ondo moldatu zen Reala: hiru gol egin zituen luzapenean, eta, 4-0eko emaitza lortuta, irabazi egin zuten txapelketa. Distira berezia egin zuen Ufartek gainera, maila handiko gol bat bildu baitzuen txuri-urdinen zakura: «Zorte on hori izan nuen. Geldikako jokaldien arduraduna nintzen, eta korner batean dei egin nion Txiki-ri [Begiristain]. Motzean jokatu nion; itzuli zidan, eta indartsu jo nuen baloia. Jaurtiketa ezin izan zuten geratu». Horrela lortu zuen Realak bere lehendabiziko Superkopa irabaztea.

«Gaur, aukeren erdiak»

Realak 1982. urtean lortu zuen bere izena garaileen zerrendan idaztea, eta gauza bera egin nahi du bigarren aldian ere. Egoera bestelakoa da orain: lau talde ariko dira nor baino nor, eta, finala partida bakarrera jokatuko bada ere, aurrez kanporaketa bat gainditu beharko dute aurrera egiteko.

Horretarako ez zaie aurkari samurra egokitu Imanol Alguacilen jokalariei, baina Lopez Ufartek uste du finalerdia irabaz daitekeela: «Oraintxe bertan, talde bakoitzak aurrera egiteko aukeren %50 dutela uste dut».

Hegalean aritzen zen jokalariak honela aztertu du lehia: «Badirudi Reala ez dagoela onenean, eta Bartzelonak apur bat hobetu duela orain artekoa, baina baikorra naiz. Realak Camp Noun [ligako partidan] erakutsi zuen gai dela talde handi hori estutzeko. Esango nuke jokalariak ohartu zirela Bartzelona mendean har dezaketela; uste dut Realak irabaz dezakeela, xehetasunak zaintzen baditu eta defentsan akatsik egiten ez badu».

Kanporaketa gaindituko balu, Athletic edo Real Madril izango luke finaleko aurkari. «Beste kontu bat da hori», baina nahiko luke Reala beste garaikur bat lortzen ikusi: «Ez da erraza, baina egingarria da». Egungo jokalariek badute nori erreparatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.