Zaharrak berri aulkian

Neven Spahijak bigarren aldia hasi du Baskonian. Ez du erronka makala, taldea noraezean ibili baita sasoia hasi zenetik. Iñaki Jimenezek dio jokalariak «suspertu» beharko dituela. Lehen urratsa egin du jada, aurreneko partida irabazita.

Neven Spahija Bitci Baskoniako entrenatzailea, aginduak ematen, herenegun, Izar Gorriaren aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bizitzak bira asko ematen ditu, eta, Baskoniako entrenatzailearen karguaren kasuan, aulki-joko batera mugatzen dira itzuli horiek. Azken urteotan, askok entrenatu dute behin baino gehiagotan Baskonia. Taldea fin ez dabilenean, Josean Kerejeta klubeko arduradun nagusiak oso ondo ezagutzen dituen pertsonen esku utzi ohi du aginte makila.

Oraingoan ere horixe egitea erabaki du. Arabako taldeak astelehenean eten zuen Dusko Ivanovic entrenatzailearekin lotzen zuen kontratua, taldeak sasoi hasiera honetan izandako emaitza kaskarrengatik eta emandako itxura txarrarengatik. Teknikari montenegroarrak hiru aldi egin ditu Baskonian, denak ere loriatsuak. Hain zuzen, bigarren aroan ordezkatu zuen entrenatzaileak ordezkatuko du bera orain: Neven Spahijak. Beste hainbat bezalaxe, teknikari kroaziarra bigarrengoz eseriko da gasteiztarren aulkian.

Iñaki Jimenezek (Donostia, 1984) bikain ezagutzen du entrenatzailearen lanbidea. Espainiako Urrezko LEB ligan ari den Iraurgi taldeko teknikaria da. Haren ustez, Ivanovic kaleratuta, arazoak ez dira desagertuko: «Klubak taldearen egoera aztertuko zuen, eta, dituzten lesioak-eta kontuan hartuta, ondorioztatuko zuten lortu dituzten emaitzak ez zirela nahikoa. Horregatik erabakiko zuten Dusko kentzea, baina entrenatzailea botata arazo guztiak ez dira joaten».

Ivanovic Baskoniako mito bat da. Arabako hiriburuan egon den aldi guztietan ACB liga irabazi du taldeak, eta Baskonia onenen parean jarri du Europan. Jimenezen iritziz, Montenegrokoa da Kerejetaren teknikaririk gogokoena: «Ez dut ezagutzen, baina uste dut Kerejetaren prestatzailerik gogokoena Dusko dela. Seguru berarentzat gogorra izan dela hura kaleratzea. Norbaitengan asko sinesten baduzu, inorentzat ez da atsegina hura bere postutik kentzea».

Udan eginiko fitxaketak ikusita, Ivanovicen gisara diseinatutako taldea zela ematen zuen. Baina usteak erdia ustel. «Entrenatzailearen gustura egindako taldea zirudien, baina ikusi da hori ez dela horrela izan. Fitxaketa batzuk ez dute espero zen maila eman, eta Petersen lesioak eragin handia izan du jokoan. Gainera, Giedraitisek ere bitan hartu du min».

Spahijak garai gozoak bizi izan zituen Baskonian 2007-2008ko sasoian. Taldeak ACB liga eta Espainiako Superkopa irabazi zituen, eta Euroligako eta Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen. Europan, besteak beste, Maccabi Tel Aviv, Lietuvos Ritas, Fenerbahce eta Valentzia zuzendu ditu, eta NBAn,Memphis Griezzlies eta Atlanta Hawks taldeetako teknikari laguntzailea izan da. Beraz, badu esperientzia.

Iraurgiko entrenatzaileak uste du Spahijarekin Baskoniak jokatzeko modua aldatuko duela, baina iruditzen zaio aurretik Ivanovicek landutako kontzeptu batzuk erabili, eta Spahijak bere egin zuen pozik jokatu leloaren aldeko apustua egingo duela: «Duskoren jokamoldea denok ezagutzen dugu, azken urteotan garatu egin duen arren: defentsan sendo aritu, oldarkor, eta Baskonia izaera erakutsi. Spahijak, berriz, NBAn eta Maccabin entrenatu duenez, AEBetan hain ohikoa den joko eraginkorraren alde egingo du. Lehen partidetan ez da bere marka ikusiko, orain dela gutxi iritsi baita. Ez dut zalantzarik hasieran behintzat Duskok eginiko lanaz baliatuko dela».

'Baskonia izaera'

Ivanovicekin, Landry Nnokok eta William Baldwinek oso gutxi jokatu dute. Jimenezen iritziz, kroaziarraren erronka nagusietako bat «itzalita dauden jokalari horiek suspertzea» izango da: «Baskonian egon zen azken aldian Spahijak erakutsi zuen ez duela arazorik jokalariei konfiantza emateko. Nik uste dut horrexegatik ere fitxatu dutela, asko direlako orain arte taldeari gauza gutxi eman dizkiotenak. Spahijaren betebeharretako bat haiei laguntzea eta konfiantza ematea izango da. Zuzendaritzak, beste jokalari bat fitxatu beharrean, taldean dauden jokalariak suspertu ditzakeen entrenatzaile bat ekartzea erabaki du».

Ivanovicen azken neurketetan taldeak emandako irudi eskasa eta lehiakortasun gabezia ikusita, entrenatzaile berriaren helburu nagusietako bat Baskonia izaera berreskuratzea izango da, baina Jimenezek argi du Spahijak ezin duela «magiarik» egin: «Taldearen ezaugarrietako bat da lehiatzeko duen grina, eta hori Baskoniarentzat ezinbestekoa da gaur egun. Baina, horretarako, ezinbestekoa da jokalarien prestutasuna. Entrenatzaileak nahi duena idatz dezake taulatxoan, baina gero, hori aurrera eramaten dutenak jokalariak dira. Orain dela bi urte liga irabazi zuen talde hartatik Sedekerskis eta Kurucks bakarrik geratzen dira. Jokalari askok oso denbora gutxi daramate Gasteizen, eta ikusteko dago ea Baskonia izaera duten».

Lehenengo pausoa herenegun eman zuen, Izar Gorriari aise nagusituta. Baina Spahijak lan egiteko astirik gabe jarraitzen du, Baskoniaren egutegiak ez baitu atseden hartzeko tarterik ematen. Bihar bertan beste partida garrantzitsu bat du etxean, Euroligan: CSKA Mosku ahaltsua hartuko du. Ikusteko dago herenegungoa susperraldiaren hasiera edo egun bateko kontua ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.