Proiektuen gidari berriak

Reala eta Jolaseta taldeek entrenatzailez aldatu dute denboraldi honetarako: Ivan Lorentek hartu du txuri-urdinen aginte makila, eta Pablo Fernandezek Jolasetakoa. Ez dira nahi bezala hasi, baina hobetu eta gora egin asmo dute.

Jolasetaren eta Atletic Terrassaren arteko partidako argazki bat. JOLASETA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bi talde daude belar hockeyko Espainiako maila nagusian:gizonezkoetan, Jolaseta, Getxokoa (Bizkaia); eta emakumezkoetan, Reala, Donostiakoa. Biek ala biek ez dute esperotako denboraldi hasiera egin, eta sailkapenaren beheko postuetan daude: zuloan dago Bizkaiko taldea, eta zortzigarren Gipuzkoakoa. Bigarren itzulian jarri dute begirada, eta hobetu eta gora egitea asmo dute. Sasoiari neurria hartu eta egokitzen ari dira biak; izan ere, taldea zuzentzeko lemazain berriak dituzte: Ivan Lorente da Realeko teknikari berria, eta Pablo Fernandez Jolasetakoa.

Ilusioz eta gogotsu heldu diote erronkari. Lorente taldeko prestatzaile fisiko eta Jorge Perezen laguntzaile moduan aritu da azken bost denboraldietan, eta, azaldu duenez, klubak «aurrerapausoa» emateko aukera eman zion; lehen aldia du senior mailako talde bat entrenatzen. «Ez nuen zalantzarik egin. Oso gustura nago». Aurrez ezagutzen zituenjokalari gehienak, eta haiekin duen harremana eta taldeko giroa nabarmendu ditu.

Hain zuzen, Realeko entrenatzaile izandakoa da Fernandez ere. Azken urteak Argentinan pasatu ditu, eta adierazi du bazuela gogoa «Europako klub batera» itzultzeko. Jolasetak egin zion eskaintza, eta proiektuak «gogoberotu» zuen. Ezagutzen zuen kluba: 2010-2011 denboraldian aritu zen teknikari gisa. «Gogotsu hasi nintzen, eta halaxe segitzen dut. Bereziki, erronka handia delako horrelako talde bat zuzentzea. Hori beti da motibagarria».

Bi taldeek ez diote nahi bezalako hasiera eman sasoiari. Lehen itzulia amaitzeko partida baten faltan, zortzigarren da Reala. Bi partida irabazi ditu, eta beste guztiak galdu. Bigarren eta hirugarren jardunaldietan eskuratu zituen sei puntuak, eta txakalaldia izan du ondoren: «Apur bat gorago egotea espero genuen».

Lorenteren arabera, Espainiako Koparako sailkatzea da jarritako aurreneko helburua —lehen itzulia amaitutakoan aurreneko zortzi postuetan daudenak sartuko dira—. «Oraingoz, barruan gaude, baina justu-justu. Azken partida garrantzitsua izango da helburu hori lortzeko», dio Realeko teknikariak. Eta sasoi osoa aintzat hartuta, sailkapeneko erdiko postuetan ibiltzea da asmoa, lasai, eta jaisteko postuetatik aldenduta, sufritu gabe. «Aurreneko fasean oso ondo hasi ginen. Gero hutsune dezente izan ditugu, lesioengatik eta beste. Justuago ibili gara jokalari aldetik, eta goian ibiltzen diren taldeen aurka ezin izan dugu punturik lortu». Azaldu du detaile txikiek erabaki dituztela partidak.

Baikorra da Lorente bigarren itzuliari begira. «Nabaritzen da taldea goraka doala; jokoan asko hobetu dugu». Zer lantzea komeni zaien galdetuta, hala dio: «Garrantzitsuenak golak dira. Defedatu, oso ondo defendatzen dugu, baina kostatzen zaigu golak sartzea. Aukera dezente izaten ditugu, baina bukatzea kostatzen zaigu. Pauso bat gehiago eman behar dugu hor». Lehen zortzi partidetan hamar gol sartu dituzte —Bartzelonari bost sartu zizkioten—, eta hogei jaso. Taldea ondo sumatzen duela dio Realeko entrenatzaileak, ilusioz.

Pattalago dabil Jolaseta. Ez du garaipenik eskuratu oraindik, eta sailkapenaren putzuan dago, azken postuan. Hiru neurketa berdindu ditu, eta beste bostak galdu. «Denboraldi zaila izango da», aitortu du Fernandezek. Helburua Ohorezko Mailan mantentzea dela dio, baita hobetu duten sentsazioarekin amaitzea ere. «Urratsa egin nahi dugu».

Azaldu du aukeren eta planen barruan zegoela sasoiaren aldi honetan beheko postuetan egotea: «Entrenamenduetan eta partidetan inbertitutako denbora asko taldea ezagutzen eman dut. Orain ari naiz jakiten taldean nor den nor, eta nola funtzionatzen duen. Eta era berean, lehiatu behar da, eta aurkariak ezagutu behar dituzu». Aurrerantzean ere bidea «zaila» izango dela dio.

Halere, Polo lehen sailkatuaren aurkako neurketa kenduta, beste lehia guztiak gol baten aldeaz galdu ditu Jolasetak. Teknikariak azaldu du taldea lehiakor aritu dela, baina uste du errendimenduan hobetu behar dutela, gehienetan besteak baino koska bat apalago aritu direlako. «Bigarren itzulia beste etapa bat izango da. Saiatuko gara beste taldeekiko arrakala hori murriztuko duten aspektuak lantzen». Talde «gaztea» dutela azpimarratu du, eta fitxaketa gutxi egin dituztela.

Fernandez ziur dago errendimendua hobetuko dutela, eta taldea «hazi» egingo dela. Emaitzei dagokienez, ordea, ez da busti. «Ez dakit». Beste taldeak ere pausoa ematen saiatuko direla dio, eta ez dakiela nola aterako diren partidak. Azaldu du alor defentsiboa dela hobetu behar duten arloetako bat.

Hurrengo lehia, etxean

Lehen itzuliko azken lehia etxean jokatuko dute Realak eta Jolasetak, asteburu honetan. Txuri-urdinek Taburienteren aurka neurtuko dituzte indarrak; igandean jokatuko dute, 13:00etan hasita.Getxoko taldeak, berriz, Club de Campo hartuko du, igandean 12:30ean. Biek garaipena dute helburu.

Lorentek esan du etxean jokatzea abantaila dela; Bera Berako zelaia gotorleku bihurtu nahi dute. Aurkaria aztertu du: «Aurten fitxaketa nahiko onak egin dituzte, eta maila dezente igo dute. Partida zaila izango da, baina etxean jokatzen dugunean maila nahiko berdintzen dugu beti, nahiz eta goiko taldeen aurka jokatu». Argi esan du: «Etxean beti aritzen gara modu egokian». Laugarren postuan helduko dio lehiari Taburientek. Sailkapeneantoki berean dago Club de Campo ere, Jolasetaren aurkaria. «Aurreikuspenak onenak dira beti. Irabaztea da asmoa», nabarmendu du Fernandezek. Eta erantsi du: «Gainera, irabaztea lortzen badugu, talde guztiek lortu ezin dituzten hiru puntu lirateke. Talde indartsu bat dute, baina gure lana egingo dugu, eta saiatuko gara hiru puntuak eskuratzen».

Lehen itzuliko azken neurketa hori jokatuta, etenaldi luzea izango dute biek: martxoan ekingo diote berriro txapelketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.