Albistea entzun

Euskal errugbia batuz

Sei urteren ostean, Euskariansek lagunarteko partida bat jokatuko du gaur: Kataluniako selekzioa izango du arerio Donostian, Anoetako estadio txikian. Zazpiko errugbian ere «anbizio handiko egitasmoa» osatu nahi dute.
Euskariansek eta Irlandako Munster taldeak 2006an Miarritzeko Aguilera estadioan jokatutako partida.
Euskariansek eta Irlandako Munster taldeak 2006an Miarritzeko Aguilera estadioan jokatutako partida. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2023ko ekainak 10

Euskariansek hasiera eman dio aro berri bati. Iazko maiatzean, egitasmoari berrekitea erabaki zuten klubaren Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko adarrek, eta egitasmoa lehen urratsak egiten hasi da. Horren erakusleetako bat da, baina ez bakarra, gaur Anoetako estadio txikian Kataluniako selekzioaren aurka jokatuko duten lagunartekoa (12:00, ETB1). 2017an jokatu zuen Euskariansek azkenekoz, Donostian, England Counties taldearen aurka; 19-61 irabazi zuten ingelesek.

«Egitasmoa berriro martxan jartzea erabaki genuenean, aldeko oso erantzun indartsua jaso genuen Ipar eta Hego Euskal Herrian», adierazi du Jose Miguel Galdos Historias-ek (Donostia, 1954), Euskadiko Errugbi Federazioko zuzendari tekniko eta Hego Euskal Herriko Euskarianseko zuzendaritza teknikoko kideak. Lanketa hasita, azkar ulertu zuten zein zen aro berriaren aurkezpena egiteko egun eta toki «aproposena». «Top14 ligako finalerdiak ekaineko bigarren asteburuan Donostian jokatuko zirela ikusi genuenean, ez genuen zalantzarik izan. Ez dago bozgorailu hoberik Euskarians egitasmoa aurkezteko. Aurkaria ere propio aukeratutakoa da, ohikoa delako, eta guk bezala identitate propioa duen selekzio bat eskatzen dutelako. Hautaketa egokiena zen».

Vincent Etxeto entrenatzaile baionarra eta Euskarianseko jokalari ohia da taldearen entrenatzailea. Euskariansen filosofiari jarraikiz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako taldeetako jokalariak daude deialdian. «Garai batean, Euskarians folklorikoa zela esan daiteke, lurralde bakoitza ordezkatzeak jokalarien mailak baino garrantzi handiagoa zuten eta. Aro berri honetan, ordea, filosofia hori zertxobait moldatu dugu. Oraindik ere ahaleginduko gara lurralde guztietako jokalariak deitzen, baina ahalik eta ondoena aritu nahi dugu, ikurrina eta Euskal Herriaren izena munduan eramateko. Nafarroa Garaia falta da, La Unica taldeak ez baitu denboraldia amaitu». Baina Top14 ligako jokalariak deitzea «ezinezkoa» izan da. «Oraingoz, hori ez da posible. Liga profesionalak debekatua die jokalariei euren taldeak ez direnekin lagunarteko partidak jokatzea».

Hautatutakoetako bat da Erlantz Garmendia (Ordizia, Gipuzkoa, 2001), Ordiziako jokalaria. «Sari bat da Euskariansekin jokatzea. Lehen helburua partida ona egitea da, ahal bada irabaztea, eta klubaren izaera duintasunez ordezkatzea. Aukera handia da denontzat. Konpromisoa da eskatu diguten lehen gauza».

Jokalari azkarrak

Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko taldeen denboraldia duela gutxi amaitu denez, entrenamendu bakarra egin ahal izan dute. «Ez zait iruditu oso talde fisiko eta indartsua dugunik, baina bai oso azkarrak garela. Bizkortasuna izan daiteke gure bertute nagusia: erritmo handiko joko azkarra egin beharko dugu», azaldu du Garmendiak. Taldekideak «hobeto» ezagutzeko eta «harremana egiteko» baliatu dute gehienbat lehen lansaioa.

Kataluniaren xehetasunak ere eman ditu. «Espero baino maila altuagoko jokalariak daude. Ciencias taldeko Sergio Molinero eta Jordi Jorba deitutakoen artean daude, eta baita Bartzelonako Pau Aira ere, nire adinekoa. Maila oso oneko partida izango da, eta ez du inork galdu nahiko».

Hamabosteko errugbia ez ezik, zazpiko errugbiko egitasmoa ere bultzatzen ari da Euskarians, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Pablo Feijoo da gizonezkoen taldeko entrenatzailea, eta Javi Aguado emakumezkoena. «Hamabosteko errugbiaren kasua askoz ere zailagoa da, gonbidapen bidez eta torneoetan bakarrik parte har dezakegu eta. Zazpikoan, berriz, ez dago liga ofizialik, eta torneo irekietan eta itxietan parte hartzeko aukera dugu. Anbizio handiz begiratzen diogu etorkizunari, eta maila oso oneko torneotara joateko asmoa dugu. Euskarians zer den ezagutaraztea nahi dugu, baina beti ondo jokatuz. Jada txapelketa batzuetan aritutakoak gara, Toursen (Frantzia) adibidez, eta taldeak erabat zehaztea da hurrengo pausoa, entrenamenduen plangintza eta txapelketen egutegia egin ahal izateko. Euskal errugbia ordezkatzeari dagokionez, Euskarians erpinaren goialdea izango da», esan du Galdosek.

Garmendia ere zazpiko taldeko kide da. «Esan digutenez, zazpiko taldearekin nazioartean lehiatzeko aukera polita ikusten dute, eta mundu mailako torneoetara joatea da asmoa. Aukera polita litzateke horrelako egitasmo baten parte izatea, eta horrelako aukerei ezetz esatea ia ezinezkoa da».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Anbizioaren langa, goian

Haritz Gallastegi

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Biak bolada onean daude joko eta emaitza aldetik. Sarrerak agortu dira, eta giro bikaina egongo da

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Naturala izan behar du huts egiteak; denek egiten dugu»

Ainara Arratibel Gascon

Realak Betisen kontra jokatuko bihar Zubietan (12:00, ETB1). Arnaizek nabarmendu du zaleentzat erakargarria den joko bat egin nahi dutela, eta lehiakor izan. «Joko zuzenak presentzia handiagoa izango du».
Olatz Arregi, Atletico San Sebastian klubaren instalazioetan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Esfortzuarekin konprometituta

Pettan Uralde

Olatz Arregi piraguistak zilarrezko domina irabazi berri du Munduko Txapelketan. Hurrengo erronka Parisko Olinpiar Jokoetan egoteko sailkapen probetan jarri du. Lekua lortzea du helburu.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etxean talde sendoa izatea da gure erronketako bat»

Ainara Arratibel Gascon

Athleticek sasoiko lehen hiru puntuak berreskuratu nahi ditu Levante Las Planasen zelaian. San Adrianek nabarmendu du «borroka handiko» partida izango dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...