Qatarko Munduko Kopa

Ezinbesteko pieza

Antoine Griezmann nabarmentzen ari da Frantziako selekzioarekin Qatarren. Realean ondutako futbolariak bere bizkar hartu du taldea. Alberto Iturralde teknikariak haren «jokoa eta lidergoa» nabarmendu ditu finalaren atarian.

Antoine Griezmann, final-zortzirenetan Polonia kanporatu izana ospatzen. GEORGI LICOVSKI / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Zubietako harrobitik Dohako loriara. Antoine Griezmannek (Macon, Frantzia, 1991) berebiziko garrantzia du Frantziako selekzioan. Realean ondutako jokalaria aise ari da Qatarko Munduko Kopan, ezinbesteko pieza baita garaikurrerako bidean. Jada eskuratu du bat —Errusian, 2018an—, eta gertu du bigarrena.

Alberto Iturraldek (Astigarraga, Gipuzkoa, 1968) gertutik ezagutu du Griezmann. Martin Lasarteren albokoa zen Realean frantziarrak futbol profesionalerako jauzia egin zuen garaian; 2009an. Gertutik ari da segitzen Munduko Kopan egiten ari dena: «Oso ondo ari da. Uste dut Munduko Kopa hau helburutzat edukiko zuela; oso ondo ari da, ez soilik erasoko arloan, baita defentsakoan ere. Lan bikaina egiten ari da, baloi asko errekuperatzen, eta Frantziaren kontraerasoak abiatzen ditu sarritan».

Han-hemenka zabaldutako esana da: Griezmann izan da Frantziako onena orain artean. Adierazpen horrekin bat egin du Iturraldek: «Nire ustez, bai. Kilian Mbappe dago fokuan, hark du fama, baina partida askotan ez da ikusgarri aritu. Badirudi ez dagoela zelaian, nahiz eta bi jokalditan partida erabakitzeko gai den. Hori ez da Antoineren kasua; oso inplikatuta dago, bere mailan ari da. Agian, gol aukeretan ez da ari ohi bezala, baina gainontzeko arloetan oso ondo ari da. Niretzat, Frantziako onena da; hura ari da egiten txapelketarik biribilena».

Azken metroetakoa da Griezmannen lasta bakarra, baina horrek ere badu arrazoia. «Ohi baino atzerago» ari da, Iturralderen esanetan, eta beste lantegi bat hartu du Qatarren. Taldeak funtzionatzeko behar duen makineria da; batasun lanak egiten ditu: «Frantziak bi zati nabarmen ditu: defentsakoa eta erasokoa. Hori lotzen ari da Antoine, eta, beste neurri batean, baita Aurelien Tchouameni ere. Lotura egitea da haren lana, eta taldeak antzeman egiten du».

Griezmannen abilezia ez da oraingoa. Realean agerian utzi zituen bere gaitasunaren lehendabiziko printzak. Iturraldek bertatik bertara bizi izan zuen garai hura. Ordutik punta-puntako futbolari bilakatu da, eta Munduko Kopa bigarrenez irabazteko atarian dago. Hori aurreikusi zitekeen galdetuta, teknikari gipuzkoarrak zera dio: «Orain, baietz esatea da errazena».

Izan ere, hamarkada bat baino gehiago igaro da 2009ko irailean txuri-urdinez debuta egin zuenetik: «Mutiko gazte bat zen. Gola sartzeko zuen erraztasunak harritu gintuen gu. Beti izan da langilea, baina gola zuen ezaugarri nagusia. Ikusten zen zelaian eta handik kanpora azkarra zela, eta ibilbide luzea izango zuela futbolean». Hala, Iturraldek nabarmendu du 21 urtez azpiko Frantziako selekzioak deitzeak «sekulako ilusioa» piztu ziola Griezmanni.

«Lidergo nabarmena»

Donostiatik joan ondoren, izarrik onenen artean kokatu da Griezmann. Atletico Madrilen eta Bartzelonan bai, baina selekzioarekin jo du goia. Jokoan duen garrantziaz harago, liderra izaten ari da Munduko Kopan, Iturralderen arabera: «Nabarmena da. Taldean horrenbeste oilar edukita ere, ikusi egiten da hori. Didier Deschampsek [Frantziako hautatzaileak] ere esan zuen taldearen bihotza dela. Guk zelaian ikusten dugu, baina badirudi handik kanpora ere hala dela».

Realeko teknikari ohiak «mutil koskor bat zela» ezagutu zuen jokalari frantziarra, eta heldutasun mailarik gorenean dago orain. «Bilakaeraren haria» osatu duela esan du Iturraldek. Bidean zehar ikasi egin du Griezmannek, ibilbideko garai guztiak aprobetxatuta. Baita Zubietako aldagelakoa ere: «Jokalari helduagoengandik asko ikasi zuen. Gazte mailatik jauzi egin zuen lehen taldera, bigarrenetik pasatu gabe. Belarriak erne izan zituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.