Lanerako arropa jantzi du

Unai Lopez da ezusteko nagusia Athleticen denboraldi hasieran. Baloirik gabeko jokoan hobetu izanak zabaldu dio hamaikakoaren atea.

Unai Lopez, jaurtitzeko prest, Athleticek eta Bartzelonak San Mamesen jokatutako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Athleticek denboraldi-aurrea hasi zuenean, ez zegoen arrazoirik Unai Lopezen (Donostia, 1995) aldeko apustua egiteko. Gaizka Garitanok ez zion aukerarik eman aurreko sasoian. Beste ezaugarri batzuk dituzten euskarriak aukeratu zituen taldea sendotu eta zulotik ateratzeko. Sasoi honetan, Mikel Vesga Leganesetik itzuli eta Ohian Sancet gazte dohatsua lehen taldeko atea bota guran zeudela kontuan hartuta, Unai Lopez leku barik geratuko zela zirudien. Itxura zuen maletak egin beharko zituela, hirugarrenez, aurretik Leganesen eta Rayo Vallecanon utzita jokatu ondoren. Dena zuen kontra.

Baina ez. Unai Lopezek Athleticen erakutsi gura du barruan daraman guztia. Lehen pausoa eman du. Udako lan saioak baliatu ditu Garitanok bere inguruan iritzia alda dezan. Futbolean baloiarekin jokatzen da, baina, gorengo mailan lekua izan eta egonkortzeko, ezinbestekoa da baloirik gabeko lan egokia egitea. Hots, talentua ez da nahikoa. Korrika egin behar da. Estutu egin behar zaio kontrarioari. Garitanoren taldean asko jokatzeko ezinbesteko baldintza da hori. Defentsan laguntzen ez duenak eta ingurukoekin elkartasunik erakusten ez duenak jai dauka. Iñaki Williams, Raul Garcia eta Iker Muniain aurkariari presio egiten ikusten dituenak badaki zein den bidea.

Unai Lopez denboraz ohartu da jokoaren zer arlotan hobetu behar izan duen egoera iraultzeko. Askotan, ordea, ez da samurra izaten. Gaztetatik bere eskuin oinak duen distiratik bizi izan denarentzat ez du erraza izan behar gainerako arloetan hobetzeak. Erdilari gipuzkoarrak ez du beste aukerarik izan. Zubietatik, Realaren harrobitik, Lezamara eraman zuen berezkoa ez da nahikoa Athleticen jokatzeko. Eta ari da. Duela bost denboraldi Athleticekin debutatu zuen jokalariaren eta egungoaren arteko alde nagusia defentsako lana da. Baloia azkar eta ondo jokatzeko gaitasuna duela jakinekoa zen, baita 40 metroko pase neurtuak egiteko kapaz zela ere. Baina lehengo Unai Lopezek aurkariari jarraitu egiten zion; egungoa, aldiz, kontrarioaren bila joaten da. Hori da alde nagusia. Gorputz txikikoa da, eta bera baino handiagoak eta indartsuagoak diren futbolarien kontra lehiatu behar du, baina jarrera aldatu izanak ate asko zabalduko dizkio. Besteak beste, euskarrian aritzeko aukera eman dio. Izan ere, orain arte, bere gabeziak ezkutatzeko euskarrien aurretik jarri behar izan dute entrenatzaile gehienek. Baina erdilari aurreratu bezala galdu egiten da, alde handia baitago aurkariaren atera bizkarra emanda aritzetik jokoa aurrera begira sortzera. Eta Unai Lopez hobeto moldatzen da atzetik aurrera jokatuta.

Azken hitza, Garitanok

Jokalariak egin du bere esku zegoena. Hasierako hamaikakoan jartzeko erabakia entrenatzailearena da. Jakinda Athleticek sormenean dituen arazo eta mugak, denbora kontua izan da Garitanok aukera ematea. Entrenatzaileak probatu beharra dauka. Athleticen zelai erdiko jokalari gutxi daude taldearen erasoko pisua eraman dezaketenak. Beñat Etxeberriak izan du ardura hori azken urteotan. Igorreztarra lehiakorra da oraindik ere, eta liga hasieran kolokan ikusten duen postuan lekua bermatzeko ahalegina egingo du. Baina Beñat ez da betiko. Berari atsedena eman eta bere onena ematera behartuko duen norbait behar du inguruan. Oraingoz, Unai Lopez da teknikariaren apustua. Etxean jokatutako bi partidetan, hasieratik aritu da, Bartzelonaren eta Realaren aurka, hain zuzen. Kanpoan, akaso, ekimena aurkariarena denean, beste futbolari batzuen alde egingo du Garitanok.

Bestalde, Unai Lopezek geldikako jokaldietan duen jo gozo eta neurtuak ere lagunduko dio. Izan ere, Athleticek buruz ondo moldatzen diren futbolari dezente ditu: erdiko bi atzelariak, Raul Garcia eta Aduriz, besteak beste. Baina, aspaldian, asmatu ezinik ari da. Erdilari gipuzkoarrak, Realaren kontrako derbian, maisutasunez atera zituen kornerrak eta faltak. Hori guztia batu eta txapelketa hasiera onari segida ematen badio, asko jokatuko du Athleticen, eta kirol ibilbide ona egiteko aukera izango du. Baina gabeziak zuzentzen eta hazten jarraitu beharra dauka, aurreko sasoian ere antzeko egoera izan baitzuen. Eduardo Berizzok zelai erdiaren aginte makila eman zion, baina, jardunaldiak jokatu ahala, zelaitik aulkira eta aulkitik harmailarako bidea egin zuen. Ezin zaio berriz halakorik gertatu, hau bere azken trena izan baitaiteke. 24 urte beteko ditu laster. Ez da hasiberria. Leganesen eta Rayon utzita aritu ostean, itzultzeko aukera eman diote. Ez da berriz gertatutako. Hirugarrenez taldea lagatzea egokitzen bazaio, behin betiko izango da. Athleticek talentua duen futbolari bat galduko luke, eta jokalariak, bere onena emateko talde aproposa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.